“Bizimodu duin bat eraikitzeko baldintzak sortu behar dira”

“Bizimodu duin bat eraikitzeko baldintzak sortu behar dira”

Rebeka Calvo

Elkarrizketarako hitzordua jarri eta pixka bat aurreratzeko eskatu du Baleren Bakaikoa Azurmendik (Berastegi, 1945), pentsio duinen alde egitekoak diren elkarretaratzean parte hartu nahi baitu. Kezkatuta dago pentsio publikoen gainbeherarekin, eta mobilizatu beharraz ohartarazi du. Curriculum luzea du donostiartutako berastegiarrak; Ekonomia aplikatuan katedraduna da EHUn, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuaren zuzendaria izan zen 25 urtez, eta Udako Euskal Unibertsitatearen ardura ere izan zuen lau urtez. Betidanik izan du lotura politikarekin ere.

Pentsioduna zara, eta kezkatuta zaude azken berriekin…

Izugarria iruditzen zait Espainiako Gobernuak ezarri duen igoera. %0,25eko igoera izan dute pentsioek, eta gutun bat bidali digute horren berri emateko. Hori ez da ez igoera eta ez ezer; jendeari barre egitea da hori. Sistema agortuta dagoela esaten dute, gainera, pentsioak ezin direla gehiago ordaindu, baina gezurra da hori. Pentsioen kopurua BPG barne produktu gordinarekin alderatuz gero, %11 ingurukoa dela ikusiko dugu, eta Italian, antzeko ekonomia duen herrialdean, %15 gastatzen dute. Gezurra da ezin direla ordaindu. Sistemaren finantzaketa alda daiteke; badaude herrialdeak non pentsioak zergekin finantzatzen dituzten; Suedia, esaterako.

Zer egin daiteke pentsioak finantzatzeko?

Langileen kotizazioarekin ordaintzen dira gure pentsioak, eta, nire ustez, langileen kotizazioak eta zerga berezi bat batuko dituen sistema misto batera hel gaitezke. Espainiako estatuan alferrikako gastu handiak egiten dira gutxi batzuen intereserako; eraikitzaileak, eta abar. Baina, ondoren, ez dago pentsioak ordaintzeko prest? Nola ulertuko dugu 600 eurorekin bizi daitekeela? Espainiako Gobernuari aurre egin behar zaio horretan, eta kezkatzen hasia dela uste dut, mugimendu handia sortzen ari delako eta PPren boto emaile asko pentsiodunak direlako.

Pentsioetarako dirua biltzeko modua ez da eraginkorra, beraz.

Gazteen lan baldintzak lehen baino kaskarragoak dira, eta argi dago ez direla nahikoak pentsioei eusteko. Txikia da 800 euroko soldata batek gizarte segurantzari egingo dion ekarpena. Ekarpen horiekin ezin dira finantzatu pentsioak. Horrez gain, azken urteotan sistema pribatuaren alde ari dira egiten. Espainiako Gobernuak dio pentsio pribatuak egin behar direla, baina gazte batek 800 euro irabazten baditu, 1.200 kasurik onenean, zer diru geratuko zaio pentsio pribatu bat egiteko? Soldata horrekin ezin da eskuratu etxebizitza duin bat; errealitate horrekin ezinezkoa da bizimodu duin bat izateko baldintzak sortzea; ezinezkoa da.

Sistema irauli beharraz ari zara?

Noski. Erabat. Irauli egin behar da, eta zergak ipini behar dira, baina ez langileei, enpresa erraldoien mozkinei baizik. Langileek nahikoa dute ordaintzen dutena ordainduta, baina eliteko pertsonek kudeatzen dute dira hori guztia, erakunde horiek guztiek, eta interes horiei men egiten du Espainiako Gobernuak. Hori saihestu behar da. Gobernu duina behar da, bizimodu duina edukitzeko baldintzak sortzeko. Gezurra badirudi ere, ekoizpena ugaritu egin da azken ehun urteotan, baina ezin dela esan digute. Nola ezin dela? Horretarako eta gehiagorako gaitasuna dauka sistemak; gizarte osoarentzat bizimodu duina berma dezake, eta aberatsak aberats izan daitezke aurrerantzean ere, baina ez halako arrakala ikaragarriarekin. Datu bat emango dut: duela 45 urte, goi mailako enpresari agintariek oinarrizko langile batek baino 40 bat aldiz gehiago irabazten zuten; gaur egun, mila aldiz gehiago. Horraino iritsi da arrakala hori.

Egungo sistemak ezin duela iraun azaldu duzu, baina, adituen esanetan, atzean gelditzen ari da krisia, eta egonkortzen ari da ekonomia.

Nire ustez, ezin du iraun egungo sistemak, ez. Gezurra esaten digute; ekonomia egokitzean soldatak zein pentsioak ere egokituko zirela aipatu ziguten, baina ez da izan horrela. Ez nago ados gaur egun ekonomiaren garapena neurtzeko erabiltzen dituzten parametroekin. BPGaren hazkundearen eta enpresen salmenten hazkundearen arabera egiten dituzte kalkuluak, eta horren ondorioa ez da soldatak edo pentsioak duin bihurtu behar direnik. KPIaren hazkundeari ere ez diogu jaramonik egiten, baina murrizten ari da langileon eta erretiratuon ahalmen ekonomikoa.

Espainiarekin alderatuta, Euskal Herrian, edo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behintzat, beti esan izan da sistema berezia dela, aurrezki kutxen kudeaketa desberdina dela…

Hori ere bukatu da. Nahikoa orekatua izan da Euskal Herriko garapen ekonomikoa. Finantza sistema propio bat geneukan, enpresak antolatzeko modu jakin batzuk —klusterrak, kooperatibak…—, zerga sistema autonomo bat… Baina oso finantza sistema ahula gelditzen ari zaigu orain. Aurrezki kutxen izaera ere aldatu egin da; Laboral Kutxa da geratzen zaigun euskal banku bakarra. BBK fundazioak dauzka Kutxabanken akzioen %57, Kutxa fundazioak dauzka %30 inguru, eta Vital Kutxak %13 inguru. Horiek dira akziodunak, baina erosteko eskaintza publiko bat badago, eta Kutxabankeko administrazio kontseiluak [hiru fundazio horietako ordezkariek osatua] eskaintza on bat jasotzen badu, saldu egingo dituzte. Dirua jarri dugunok baztertuta, elite batek bereganatu ditu gure aurrezkiekin sortutako kutxak.

Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuaren zuzendari izan zinen 25 urtez. Zer eskaintzen du kooperatibismoak?

Ekarpen handia egin du kooperatibismoak. Egia da oso traumatikoa izan zela Fagor erori izana eta komunikabide askok ospatu egin zutela gainera. Jipoi handia izan zen kooperatibismoan sinesten dugunontzat.

Neurri handiko enpresa horietan kolokan jartzen al da kooperatibismoaren oinarria?

Ikuspegi hori desagertu egiten da; azken batean, agintari talde handi bat edo tekno egitura jakin bat dutelako. Talde horrek kudeatzen du guztia, eta parte hartzaileek edo bazkideek horien esku uzten dute erabakigunea, eta distantzia handituz joaten da. Enpresa txikiagoetan jarraipen zehatzagoa egin daiteke, eta hori indartu beharko litzateke. Neurriari dagokionez, ez dago mugarik; euskal kooperatiben legeak dio bi pertsonarekin bakarrik jada sor daitekeela kooperatiba bat. Kooperatiban, berez, askoz errazagoa da bazkideen parte hartzea sustatzea, eta hori da garrantzitsuena; bazkideek ez badute parte hartzen, azkenean, narriatu egiten da kooperatibismoaren espiritua.

Kooperatibismoak zer eskaintzen dio lan merkatuari?

Enpresak demokratikoago bihurtzen ditu, sistema demokratizatu egiten du. Horrez gain, lehen aipatu ditudan soldata aldeak ere ez dira hainbestekoak, baremo batzuk daudelako. Aldeak badaude, baina ez dira horrenbestekoak.

“Ekonomia politika da, baina politika guztia ez da ekonomia”. Zure hitzak dira. Ekonomiarekin politika egiten al da?

Lehen, ekomomia politikoa erakusten zen unibertsitatean. Ekonomia eta politika beti egon izan dira lotuta. Gero, denborarekin, banandu egin zituzten. Ekonomia zientzia zehatz samarra zela azaldu zuten orduan, eta bi mundu marraztu zituzten horrela. Baina ez da egia. Erabaki politikoak ekonomiak baldintzatzen ditu etengabe. Edozein legetan sartzen da ekonomia; lobby-ak hor daude, antolatuak edo antolatu gabeak… Gobernuek nahi dutena markatuko dute horiek, eta gobernuak amore ematen du normalean; politikariak sarituak izaten dira. Administrazio kontseiluetara pasatzen dira gobernua uztean, eta ederki saritzen dituzte.

Ekonomia eta politika aipatuta… ekonomikoki ezinezkoa omen da Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentzia.

Europan badaude gurea baino herrialde txikiagoak: Letonia, Lituania, Irlanda bera ez da askoz handiagoa, Luxenburgo, Islandia… Eta horiek guztiak bideragarriak dira ekonomikoki. Euskal Herria ere bai. Gizarte segurantza, zerga sistema, industria… Arlo horiek guztiak aztertuta, bideragarria da. Datuak faltsutu egiten dituzte. Gu gure modura antolatuko ginateke, gainera. Espainiaren ekonomia eta gizartea Kataluniaren eta Euskal Herriaren gisako nazioei esker bizi dira, hein handi batean. Frogatuta dago herrialde txikiek hobeto funtzionatzen dutela.

Politika ez zaizu arrotza, ezker abertzaleari lotuta egon izan zarelako beti.

Nire bizitzan beti egon izan da presente politika, eta lau aldiz atxilotu naute: lehen aldiz, Meliton Manzanasek itaundu ninduen; ondoren, 1978an, ETAkoak ginela leporatuta Martutenen egon ginen; eta, gerora, beste bi aldiz ere atxilotu ninduten.

ETAren lehen urteak bizi izan zenituen, baita azkenak ere, armagabetzearen ingurukoak. Zein azterketa egiten duzu?

Autonomia Estatutua onetsi zenean, erretiratu egin behar zuela, eta lorpen gisa bereganatu. Nahiz eta gure helburuak ez izan horiek —helburu nagusiak beti izango dira independentzia eta sozialismoa—, lorpen txiki hori bereganatu behar zuen, eta lanean jarraitu. Erakundearen bilakaera hondatuz joan da gerora. Azkenean, ezer lortu gabe erretiratu da. Baionan armak entregatu zituztenean, han nintzen, noski. Orain, ikaragarria da gizarte zibilaren garrantzia. Beti esan izan da Ipar Euskal Herria hilda dagoen errealitatea dela, baina kontrakoa erakusten ari dira. Serioak direla eta gauzak egiten badakitela erakusten ari dira, eta bestelako espiritu bat dutela. Espiritu errepublikanoa dute, nahiz eta ez izan errepublika. Beste parametro batzuekin funtzionatzen dutela esango nuke. Barneratuago daukate demokrazia eta hori guztia. Hego Euskal Herrian, faxismoa dela eta, hainbeste zapalkuntza urte izan dugu… Ez daukagu barneratuta espiritu hori.

Berastegin jaioa zara, baina donostiartua.

37 bat urte dira erabat Donostian bizi naizela, nahiz eta lehenago ere bizi izan nintzen hiriburuan. Umetan, Leitzan bizi izan nintzen lehendabizi, mojetan, barnetegi nahiko ireki batean. Errenteriara joan nintzen gero, osabarekin, eta, handik, Donostiara, ikasten jarraitzera. Peritu elektriko ikasketak egin nituen lehendabizi.

Donostiarragoa zara berastegiarra baino gehiago, beraz?

Bai, baina oraindik ere badaukat lotura Berastegirekin. Urtero kultur txango bat egiten dut lagun talde batekin, eta horri esker jarraitzen ditut herriko kontuak. Festetan ere gustatzen zait herrira joatea. Hango Aidanean urtekariarekin ere kolaboratu nuen nire umetako istorioak kontatuz, eta oso gustura egin nuen hura ere. Ameraun auzokoak ginen gu, eta, gaur egun, hustuta dago erabat. Handik pasatzen zen Plazaolako trena eta jende mordoa bizi ginen han. Oso espiritu errepublikanoa zegoen auzoan, nahiz eta Francoren garaia izan. Arbizuar asko zegoen han; emigrazio txiki bat gertatu zen, nire aitarena tartean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.