Jiu-jitsuak badu etorkizunik

Jiu-jitsuak badu etorkizunik

Maialen Etxaniz

Jatorria Japonian daukan kirola da jiu-jitsua. Euskal Herrian ez da futbola, saskibaloia edo esku pilota bezain ezaguna; ez dute telebistaz eskaintzen, eta haurrek ez dute eskola kirolean egiten. Baina Gipuzkoan bada herri bat non jiu-jitsua oihartzuna hartzen ari den; eta ez da gutxiagorako, bertan bizi baita jiu-jitsuko Espainiako eta Europako txapelduna: Jonathan Terron da haren izena (Urretxu, 1981), eta Azpeitin bizi da aspalditik. Udan egindako oporraldi batean ezagutu zuen jiu-jitsu kirola, eta orduz geroztik hori da haren “pasioetako bat”. Orain, Azpeitiko gazteei transmititu die zaletasuna: hamabost lagun aritzen dira Terronekin jiu-jitsuan, eta nola borrokatu ikasten.

“Haurra nintzenetik atsegin izan dut arte borroken mundua. Jean-Claude Van Dammen filmak gustatzen zitzaizkidan, eta aitari beti esaten nion handitan nik ere horrelakoak egin nahi nituela”, kontatu du gaur egungo jiu-jitsuko Europako txapeldunak. “Gaztetan hasi nintzen: aurrena, jiu-jitsu tradizionala, eta, ondoren, judoa”.

Terronek azaldu duenez, “defentsa pertsonalerako” erabiltzen da jiu-jitsua, eta txapelketetarako egokitu dute. Lehenik, aurkaria eraitsi egin behar da, eta, ondoren, borrokak jarraitu egiten du, baina lurrean. “Helburua da aurkaria mendean hartzea, eta hark amore ematea; sumisio kontua da, beraz. Gaur egun, jende askori gustatzen zaio kirol hori”.

Hasieran “kirol pixka bat egiteko” praktikatzen bazuen ere, Terronek “berehala” eman zuen txapelketetarako pausoa. Jiu-jitsuko Espainiako txapeldun izan zen 2004an, eta, urte berean, bosgarren postua lortu zuen Europako Txapelketan. 2006an, Munduko Txapelketa jokatu zuen, eta zazpigarren amaitu zuen. Lorpen horiek eta beste hainbat eskuratu ditu Terronek bere ibilbidean; tartean, 2017ko urrian lortutako Europako txapeldun titulua. Benidormen igarotzen ditu udak (Alacant, Herrialde Katalanak), eta hango lagun batek animatu zuen Europako Txapelketan parte hartzera. Haren proposamena onartu, eta urrezko dominarekin itzuli zen Azpeitira. Ongietorri “ederra” egin zioten jiu-jitsu eskolako ikasleek. Urretxuarrak Landeta auzoan zabaldu zuen UFK eskolan lantzen dute jiu-jitsua herriko gazteek, Europako txapeldunaren gidaritzapean. Orotara, Azpeitiko eta Azkoitiko hamabost lagun inguru aritzen dira jiu-jitsuan.

“Gogor entrenatzen dugu, eta teknika guztiak lantzen ditugu, ikasleek gorputz osoa landu dezaten”, kontatu du Terronek berak. Gainera, azpimarratu du ikasleek “oso maila altua” dutela, eta %90 txapelketetan jokatzeko irrikan daudela ere aipatu du. Hala ere, entrenatzeko erabiltzen duten lokala “txiki” gelditzen ari zaiela nabarmendu du; izan ere, “gero eta jende gehiagok” dauka interesa kirol horren inguruan. “Herritarrek kalean bertan esan izan didate seme-alabak animatu nahi dituztela jiu-jitsuan izena ematera, baina esaten diet ezin dutela nire eskolan aritu, ez baitago lekurik. Gustatuko litzaidake etorkizunean Azpeitiko kiroldegian gazte horiei eskolak eman ahal izatea”.

Jiu-jitsua egiteko, fisikoki “ondo” egon behar dela eta burua “argi” eduki behar dela azaldu du Terronek: “Asko pentsatu beharreko kirola da, eta estrategia bat ere behar da. Teknika ere garrantzitsua da, eta denborarekin barneratzen da hori. Entrenamenduak gogorrak izaten dira, eta horrela lantzen da fisikoa”.

Bi emakume taldean

Gizonezkoak dira ikasle gehienak, adin tarte guztietakoak, baina badira jiu-jitsua praktikatzen duten bi emakumezko ere. Gutxiengoa izanagatik, “oso gustura” aritzen dira. Ainara Torvisco (Azpeitia, 1992) da bi emakume horietako bat, eta hark ere ibilbide oparoa du borroka arteen munduan; izan ere, Espainiako kick boxingeko txapelduna izan zen bi urtez. Torviscok ez du entrenatzen beste mutilek beste. “Nahi baino gutxiago” entrenatzen duela aitortu du, Zarauzko Kuraia Kick Box taldearekin egiten dituelako saioak. Hala ere, jiu-jitsua “asko” gustatzen zaio kirol diziplina gisa. Terronek ez daki zergatik hurbiltzen den hain emakume gutxi jiu-jitsu diziplinara. “Ez dut ulertzen”. Izan ere, haren hitzetan, “edonorentzat” da interesgarria kirol hori, “defentsa pertsonala lantzen delako”.

Joan den martxoaren 24an jokatu zen Espainiako Jiu-jitsu Txapelketa, Guadalajaran (Espainia), eta handik ere urrezko dominarekin itzuli zen Terron. Baina sariketa “berezia” izan zen hura, haren ikasleek aurreneko aldiz parte hartu zutelako sariketa batean. Aitor Arrieta eta Aimar Zubizarreta azpeitiarrak eta Asier Nuñez eta Aritz Zubeldia azkoitiarrak aritu ziren lehian, bakoitzari zegokion mailan. Terronek bere ikasleen lana nabarmendu du: “Izugarrizko prestaketa lana egin zuten aurretik. Hori ez ezik, euren poltsikotik ordaindu behar izan dituzte txapelketari eta egonaldiari lotutako gastu guztiak”.

Martxoaren 10ean beste hitzordu bat du Terronek: Samboko Espainiako Txapelketa. “Onena” ematera joango da hara, eta bitartean “etorkizuneko txapeldunei” eskolak ematen jarraituko du, “ilusioz”. Oraingoz, jiu-jitsuak Azpeitian du harrobia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.