Maialen Fidalgo: “Hau ez da gazte lokal bat orduak pasatzeko; taldeek argi dute hori”

Maialen Fidalgo: “Hau ez da gazte lokal bat orduak pasatzeko; taldeek argi dute hori”

Eider Goenaga Lizaso

Sarraldeko entsegu lokaletarako giltzak jasotzen ari dira egunotan Zumarraga eta Urretxuko musika taldeak. Bi udalek eta musika taldeek elkarlanean garatutako proiektu bat dela azaldu du Maialen Fidalgo Urretxuko Kultura zinegotziak (Urretxu, 1987), eta pozik agertu da emaitzarekin. Lau entsegu gune egin dituzte Sarralde fabrika zaharrean, berrerabilitako itsas edukiontziekin.

Zer da Sarralde?

Urretxuko kanpoaldean zegoen fabrika handi bat zen Sarralde, industriala. Bere garaian itxi egin zuten, eta Urretxuko sarreran gelditu zitzaizkigun, bai Sarralde eta bai Irimo, bi munstro handi, hutsik, utzita, kutsatuta… Udalaren jabetza da, eta herriko musika taldeek urteak zeramatzaten Sarralden entseatzen; baina tokia ez zen batere txukuna. Musika taldeak kexatzen ziren, baina, bueno, beste tokirik ezean, han moldatzen ziren.

Eta noiz erabaki zenuten tokia egokitzea?

2016an ekaitz handi bat izan zen, eta dena erori eta suntsituta gelditu zen. Ezertarako balio ez zuela gelditu zen tokia, eta musikariak entseguak egiteko toki gabe geratu ziren. Orduan hasi ginen alternatibak bilatzen.

Beraz, beharretik sortutako proiektu bat da.

Bai, erabat. Musika taldeekin bilerak egiten hasi ginen, beraien beharrak zein ziren entzuten, proposamen ezberdinak aztertzen, beste eredu batzuei erreparatzen… Hortik iritsi ginen edukiontzien proposamenera. Itsas garraiorako edukiontziak dira, eta ikusi genuen erabilera ugari eman izan zaiela edukiontzi horiei. Beraz, 2016a amaitzerako, bi udalek bilera bat egin genuen musika taldeekin, eta proposamen bat landu genuen, entsegurako lokalak edukiontziak berrerabiliz egiteko.

Musika taldeek ondo ikusi zuten proposamena?

Bai, elkarlanean egin dugu prozesu guztia, une oro beraien proposamenak eta ekarpenak jasoz eta aztertuz.

Sarralde Urretxun dago, baina proiektua ez da soilik Urretxuko Udalarena, Zumarragako Udalarekin elkarlanean gauzatu duzue.

Estua da Urretxu eta Zumarragaren arteko lotura, bai udal mailan eta bai herritarren mailan; bi herrietako musikariek osatuta daude musika talde asko. Beraz, bi herrietako taldeek entseatu izan dute beti hemen. Bestalde, arlo askotan egiten da bi udalen arteko lankidetza, eta kultura arloan bereziki.

Nola egokitu dituzue edukiontziak entsegu lokal bihurtzeko?

Lokal bat osatu dugu bi edukiontzirekin, bestela oso txikiak zirelako. Guztira, zortzi edukiontzi ditugu; entsegurako lau gune, beraz; eta beste edukiontzi batean komunak jarri ditugu. Edukiontziak hotsgabetuta daude; hala, lau taldek batera entsea dezakete, baina batak ez du bestea entzuten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez eskuratu ditugu edukiontziak, eta Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu du egitasmoa.

Tokia oso egoera kaskarrean zegoela esan duzu; hori egokitzeak ere izango zuen lana…

Bai, eta arazo handia izan zen hori. Batez ere, kutsaduraren arazoari egin behar izan zitzaion aurre, fabrika oso zaharrak zirelako eta haiek erabilitako produktuen kutsadurak bertan jarraitzen zuelako. Beraz, kutsadura hori desagerraraztea eta tokia bera txukuntzea izan zen lanaren zati handi bat.

Zenbat musika taldek erabiliko dituzte lokal horiek?

Oraintxe bertan, hemeretzi talde ditugu, eta guztiek izango dute Sarralde erabiltzeko aukera. Gerta liteke denborarekin talde gehiago sortzea eta lokala eskatzea, eta orduan egokitu egin beharko da erabilera. Baina oraingoz ez da talderik geldituko kanpoan. Hemeretzi talde horiez gain, badaude beste hiru hip-hop talde, eta horiek Zumarragako kultur etxean dute entseatzeko aukera.

Taldeen esku gelditzen da entsegu orduen antolaketa?

Edukiontzi bakoitzean zein taldek entseatuko duten zehaztu dugu guk; hortik aurrera, edukiontzi bakoitza erabiliko duten taldeek erabaki beharko dute zein talderi zein ordu egokitzen zaion. Hor ez gara sartuko. Hori bai, talde bakoitzak hilean gutxienez zortzi orduz entseatu behar du. Baldintza hori jarri da, talderen bat itxaron zerrendan baldin badago, hari lekua egiteko. Hemendik sei hilabetera egingo dugu erabileraren inguruko azterketa.

Ez da soilik entsegurako toki bat izango, ordea.

Ez, edukiontziez gain, gune bat egongo da kontzertuak emateko. Ez da toki handia, baina balio du kontzertu txikiak antolatzeko. Horrez gain, enpresako laborategia zena egokitu da bertan finkatuta ez dauden taldeek behin-behinean erabili nahi badute. Musika taldeen erabakia izan zen hori. Eskaini genien gune hori beraiei, baina nahiago izan zuten edukiontzien sistema, eta leku hori noizbehinka behar zuten taldeentzat uztea; seguruagoa iruditzen zitzaien edukiontzien sistema, musika tresnak-eta bertan gordetzeko.

Ohikoa da udal batek halako lokalak egokitzea herriko taldeentzat?

Nik ez dut asko ezagutzen, baina, ingurura begiratuta, uste dut gune autogestionatuak izaten direla normalean. Agian, posible da udalak uztea berea den toki bat, lehen Sarralden gertatzen zen bezala; baina ez dut uste ohikoa denik gunea horrela egokitzea eta prozesu hori musika taldeekin berekin egitea.

Parte-hartze prozesu baten ondorio da Sarralde, eta parte guztiak gustura daude emaitzarekin. Hori ere ez da hain ohikoa.

Guk, hasieratik, oso argi genuen adostasunez egin beharreko prozesua zela. Bi lan ildo zeuden: batetik, proiektuaren diseinua eta obra, eta, bestetik, gunearen kudeaketa. Eta bietan izan dute hitza musika taldeek. Gune bat egokitu, taldeei giltza eman eta bakoitzak egin dezala nahi duena; guk ez genuen nahi hori, eta taldeek ere ez. Beraiek eskatu zuten arau batzuk zehazteko. Nik esperantza dut ondo aterako dela, elkarrekin eta adostasunez egindako prozesua izan delako, eta taldeek oso serio hartu dutelako egitasmoa. Hau ez da orduak pasatzeko gazte lokal bat, eta taldeek argi dute hori; entseatzeko eta lan egiteko lokal bat da, eta beraiek ere hori nahi zuten.

Arauak aipatu dituzu. Zein arau, adibidez?

Bakoitzak bere txartela izango du sartzeko, eta horren bidez erregistratuta geldituko da talde bakoitza noiz sartu eta irten den; zein erabilera egiten duen. Bestetik, erabilera orduak zehaztu dira: 09:00etatik 00:00etara entseatu ahal izango dute, eta salbuespena egingo da kontzertu egunetan. Musika taldeek erabaki zuten erabilera kuota bat jartzea ere; diru kopuru jakin bat jartzen dute hilero, eta diru hori erabiliko da lokala bera hobetzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.