Emakumeak eta taladrina

Miriam Luki

Ebokazioa antropologiarako erreminta gisa: lotura hori ari zen azaltzen Teresa del Valle irakaslea EHUko Gizarte Antropologiako masterreko ikasgelan. Ikasgela hartan zegoen Elixabete Garmendia kazetaria ere (Ormaiztegi, 1953), ikasle. Ebokazioaren azalpena entzunda, taladrina usainaren oroitzapenak “zirkuitulabur” baten moduko sentsazioa eragin ziola azaldu du; garai batean jaioterrian ezagutu zuen emakume eta fabrikako langile baten mahonezko txabusinari zerion taladrina usainarekin akordatu zen bat-batean. Ebokazio hark bete-betean bat egin zuen masterreko proiektuaren nondik norakoarekin: 1970eko hamarkadan Ormaiztegiko lantegietan lanean ari ziren emakumeek ezkondu ostean lanean jarraitzeko egin zuten urratsa aztertu du Garmendiak proiektuan.

Emakume ezkonduak fabriketan: arrotz izatetik nor izatera, izenburu hori jarri dio ikerketari. Masterrari ekin berritan, lehenengo egunean, ikasleek amaierako proiektua zeri buruz egingo zuten aurreratu behar izan zuten: “Niretzat, aztertzeko moduko gaia zen hori: gure belaunaldiko emakumeek ezkondu ondoren lantegietan lanean jarraitzeko urratsa egin izana. Haien gertutasunak motibatu egin ninduen”. Halaber, emakumezko haiek “irabazitako lurralde” gisa definitu du urrats hura: “Konkista izan zen”.

1970eko hamarkada baino lehen ere, emakume haiek jada ari ziren lantegietan lanean. “36ko gerra garaitik, gizonezkoak frontera joan ziren, eta emakumeak fabriketan lanean aritu ziren. Guk etxean ezagutu dugu hori; gure amak txikitatik egin zuen lan lantegian”. Garmendia bera ere aritu zen etxeko enpresan, bulegoan zein bobinekin. “Pare bat astez edo jardun nuen sail hartan. Ez nuen ikasi ofizioa, baina ikusi nuen zer zen fabrika baten barruan lanaldi osoz halako eskulan bat egiten aritzea”.

Protagonistak bazituen, ikerketa non eta noiz kokatu ere bazekien, eta ikergaia ere eskuartean zuen EHUko Gizarte Antropologiako masterreko irakaslearen hitzak entzun ondoren. Garmendiaren hitzetan, sentsazio hark bultzatu du, hein batean, ikerketa egitera. Elixabete Imaz tutoreak emandako lehen gai zerrendarekin hasi zen lanean. Ikerlanean aztertu du zergatik jarraitu zuten emakumeek garai hartan etxetik kanpo lanean, eta baita erabaki horrek zer ondorio izan zituen ere. Garmendiak laneko lege aldaketa nabarmendu du eragileen artean: emakumeak fabriketatik “askatzeko”, Francok 1938ko Lanaren Forua bultzatu zuen. 1961-1962 artean, Espainian legedi berria sartu zen indarrean, eta aldaketa horrek orduko ekonomiaren beharrari erantzun zion: eskulan ugari eta merkearen eskaerari, hain zuzen. Garmendiak azaldu du benetako aldaketa ez zela berehala gauzatu. “1970eko hamarkadara arte ez zen islatu egunerokoan”. Ormaiztegiarrak kasu zehatz bat aztertu duen arren, antropologoek ondorioztatu dute hamarkada hura aldaketarako “mugarri” izan zela.

Zazpi emakume elkarrizketatu ditu ikerketarako. Lauk lanean jarraitu zuten ezkondu eta gero; beste bi 1940ko hamarkadan jaiotakoak dira, eta ezkondutakoan etxera itzuli ziren, lana utzita; zazpigarrena, berriz, “berezia” da, Garmendiaren hitzetan. “Bestelako kasu bat da; gainera, memoria zorrotzeko emakumea da”. Zazpiek lan egin zuten Ormaiztegiko lantegietan, eta denak dira goierritarrak.

Mentalitate aldaketa

Aldaketa gerta zedin, ezinbestekoa izan zen mentalitatea aldatzea, eta horretaz ere hitz egin du Garmendiak. “Iritsi zen gurera Parisko 68ko maiatzaren eragina, baina 1970ean azaleratu zen hemengo prozesu politiko-soziala, Burgosko prozesuaren inguruan”. Gehitu du hainbat idazlek garai hartako giroa “ederki” islatu dutela literaturan, eta Mariasun Landa eta Idoia Estornes aipatu ditu. Ikerketan bidelagun izan ditu literatura eta zinema. “Horrek balio izan dit neronek ikusten dudana beste ikuspegi batzuekin osatzeko”. Kazetaritza lana ere baliatu du bibliografian.

“Garai hartan emakume eredu berri bat sortu ote zen jakin nahi nuen nik”, azaldu du Garmendiak, ondorioez hizketan hasita. “Areago, lan egitea hain erabakigarria izanda. Aitzitik, antropologiak gomendatzen duen zuhurtziarekin, ezin esan dezaket emakume eredu berri bat sortu zenik; bai, ordea, hamarkada hartan joera berriak sortu zirela”. Gogoan du elkarrizketatutako guztiek “independentzia ekonomikoarekin” lotu dutela etxetik kanpo lan egin izana. “Haien iraganaz harro daude guztiak, nor izan zirelako”. Independentzia hark “autobalorazioa” ekarri zien; “eta ez etxean soilik; inguruan ere bai”.

Garmendia “harro” dago, haien belaunaldiko emakumeek pauso hura ematea erabaki zutelako. “Eta harrotasun sentimendu hori indartu egin zait emakume horiekin hitz egin ondoren”. Ikerketa lana amaituta, ormaiztegiarrak “azken urteotako esperientziarik onenaren” zakuan sartu ditu antropologia masterraren bi urteak.

Garmendiaren ikerketak Maria Goiri sariaren accesita jaso berri du, Gasteizen —Ane Labaka ikaskideak jaso du lehenengo saria—. Bihar bertan aurkeztuko du lana, 17:00etan, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Ormaiztegiarraren hitzak entzunda, taladrina usaina aretoraino iritsiko da ziurrenik. Mugatua da kopurua, eta aurrez izena eman beharra dago, 943 88 99 00 telefono zenbakira deituta, edo mzumalakarregi@ gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita.