Gazteak, migratzaileen azalean

Gazteak, migratzaileen azalean

Ane Olaizola

Loiolako santutegira sartu bezain pronto, gaztetxoek azkar antzemango dute berezia izango dela hango egonaldia: lehenengo egunean, plastikozko poltsa batean bi gauza soilik sartzeko eskatzen diete nerabeei, aukeratutakoarekin igaro beharko dituztelako ondorengo egunak. “Hasiera batean, behintzat, oso gauza desberdinak aukeratzen dituzte ikasleek: batzuek lo zakuak hartzen dituzte; beste batzuek, berriz, nezeserra eta arropa. Badira janaria edo gozokiak sartzen dituztenak ere”. Modu horretan hasten da joan zen irailaz geroztik Azpeitiko auzoan egiten ari diren Mugetatik haratago hezkuntza proiektua.

Alboan gobernuz kanpoko erakundeak, Loiolako santutegiak, Ellacuria fundazioak eta jesuiten Loiolaetxea fundazioak lehenengo urtez abiatu dute Mugetatik haratago egitasmoa, eta, irailaz geroztik, Hego Euskal Herriko ikastetxeetako DBHko ikasleak hartzen dituzte astez aste. Egonaldi horretan, bizipen-dinamika baten bidez, migratzaileen eta errefuxiatuen egoerara gerturatzen dituzte gaztetxoak gaiaz hausnarketa egin dezaten. Egitasmo horretako parte hartzaile guztiak behartutako migratzaile bihurtuko dira berehala, eta ondorengo hiru etapak pasatuko dituzte Loiolako egonaldiak irauten duen bitartean: ihesaldia, bidea eta iritsiera.

Egonaldia bi ataletan banatzen dute hiru pauso horiek gauzatzeko, eta bizipenei dagokiena da horietako bat: lehenengo egunean, Polizia joaten zaie ikasleei, etxebizitzak utzi behar dituztela eta itzultzeko aukerarik ez dutela izango esanez. Ihesaldia irudikatzen dute orduan, mugara iritsi arteko ihesaldia. Errefuxiatuen kanpalekura iritsiko dira hura gurutzatuta. “Gau horretan kanpalekuetan lo egin behar dutela esaten diegu, eta afaritan arroza eskuekin jan beharko dutela”, jarri du adibidetzat Aloña Bracerasek, egitasmoko koordinatzaileak. Dena den, aurreratu du hurrengo egunak “normalagoak” direla. Egonaldiaren bigarren egunean, bidali egingo dituzte errefuxiatuen kanpalekuetatik, gunea sostengatzeko nahikoa diru ez dagoela esanez. Orduan, mugak igaroko dituzte, ginkana baten bidez. Azkenik, hirugarren egunean, harreraren gaia lantzen dute, aurreiritzietan, estereotipoetan eta integrazioan sakonduta.

Ikasleak lau multzotan banatzen dituzte egonaldian, eta bakoitzak rol jakin bat jokatuko du bi egunez. “Lau taldeek euren herriak utzi beharko dituzte hondamendi naturalek, emakume izateagatik jasaten dituzten jazarpenek, gerrek eta barne gatazkek hala behartuta”, azaldu du Bracerasek. Horrez gain, ikasleei aparteko zama bat jartzen diete migratzaile bakoitzak bizi izaten duen karga are gehiago sinbolizatzeko. “Esaterako, haurdun egoten dira batzuk, eta seme-alabak izaten dituzte beste batzuek. Mutil batzuk emakumezkoen rolean jartzen ditugu, eta baita alderantziz ere. Ur botilak ere jartzen dizkiegu soinean, eta zama hori leku guztietara eraman behar izaten dute bi egunez”.

Askotariko sentipenak

“Jolas moduan” egiten dituzten proba horiek testuinguruan kokatzeko, berriz, hausnarketak egiten dituzte saio bakoitzaren amaieran. Hori da egitasmoaren bigarren atala; hala nola herrialde aberatsetako bizi estiloak beste herrialdeetan izan dezakeen eraginarekin lotzen saiatzen dira. “Esaterako, gerrak baliabide naturalengatik egiten dira maiz, eta guk beharrezkoak ditugu baliabide horiek. Poliki-poliki egiten ditugu loturak, eta gazteek ulertzen dute mundua bakarra dela, eta hemen gertatzen denak eragina duela beste herrialdeetan”. Horrez gain, migrazio prozesuak izan dituztenek euren bizipenak azaltzen dizkiete ikasleei. “Aurrez irudikatu duten guztia benetan jendeak bizi izan duela ikusarazi nahi diegu testigantzekin”.

Bracerasen esanetan, Loiolako esperientziak emozio eta sentimendu ugari sorrarazten dizkie gazteei. “Hori da gauzarik interesgarriena. Izan ere, sentimenduetatik abiatuta, errazagoa da beste errealitate batzuk mahai gainean jartzea”. Gazteek aspertzea, haserrea, ezjakintasuna edo frustrazioa sentitzen dute egonaldiak irauten duen bitartean. Izan ere, sentimendu horietatik abiatuta, gazteek munduarekiko duten konpromisoa berrestea da egitasmoaren beste asmoetako bat. “Ikusten dute euren herrietan badagoela prozesu hori pasatu izan duen jendea, eta bakoitzaren esku dagoela hori aldatzeko zerbait egitea. Askorako balio dezake egoerarekiko begirada aldatzeak ere”.

Orain arte, DBHko ikasleek hartu dute parte egitasmoan. Bracerasen iritziz, gazteak “aproposak” dira halako egonaldiak egiteko, jolasaren eta errealitatearen artean saltoka ibiltzeko ahalmena dutelako, eta horrek “distantzia” ematen dielako. “Gutxi batzuek, agian, gaizki pasatuko dute, baina hiru egunean denbora izaten dute egoera beste modu batera ulertzeko. Amaieran, egonaldia ebaluatzen dugu ikasleekin, eta, normalean, oso balorazio positiboa egiten dute haiek”. Koordinatzailearen esanetan, gainera, gazte bakoitzak bere gaitasunaren arabera ulertzen du migratzaileek bizi dutena, baina testigantzak lagungarriak dira egoera hori guztia barneratzeko.

Mugetatik haratago egitasmoak, dagoeneko, igaro du ikasturte erdia, eta orain artekoaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. “Ikasleek bilakaera bat izaten dutela ikusten dugu. Adinaren eta pertsonaren arabera, batzuek besteek baino sakonago hausnartzen dute, noski, baina guztiek aldatzen dute zerbait”. Dena den, koordinatzailea jakitun da ikasleek denbora behar dutela bizitakoa barneratzeko, eta, beraz, egitasmoaren fruituak gerora etorriko direla uste du: “Heltzen direnean, euren gizarte konpromisoan eragin dezake horrek; batez ere, ofizioa aukeratzean eta kontsumo ohituretan. Eraginak ez du bat-batekoa izan behar, baina ziur nago hazia ereingo dugula honen bidez”.

Egitasmoa hasi zutenetik, astero 60 ikasle hartzen dituzte Loiolako santutegian, eta datozen bi ikasturteetan ere programarekin jarraitzeko asmoa daukate. Eskaintza, orain arte, ikastetxeei egin badiete ere, etorkizunean eskaintza helduei ere egiteko asmoa daukate. Helduekin larunbatetan eta igandeetan egingo dituzte egonaldiak, baina dinamika eta funtzionamendu bera izango du. Hezkuntza ez-formaleko taldeek parte hartu ahal izango dute helduen egonaldietan, antolatzaileak jakitun baitira egitasmoa guztientzako izan daitekeela baliagarria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.