Silvia Carrizo: “Praktikan, esklabo lana onartu egiten du euskal gizarteak”

Eider Goenaga Lizaso

2001ean etorri zen Euskal Herrira Silvia Carrizo (Caleta Olivia, Argentina, 1965), eta, 2003an, bera bezalako emakume etorkinei harrera egiteko xedez Malen Etxea sortu zutenetako bat da. Gaur, 18:00etan, Tolosako kultur etxean izango da, Emakume migratuak, errealitate lazgarriak hitzaldian: Prostituzioa eta Feminizidioa gaia landuko du Amelia Tiganusek, eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeez ariko da Carrizo.

Emakume migrante zaintzaileak. Euskal Herriko esklabotza berria hitzaldia emango duzu. Zein da emakume horien egoera?

Ezaguna da egoera, ez gara ezer berria esaten ari. Guretzat garrantzitsuena da nabarmentzea emakume hauek dituzten baldintzak ezin direla onartu bere burua ongizate estatu gisa definitzen duen toki batean, berdintasuna legez jasota dagoen leku batean. Ikuspegi horretatik, ezin zaio eutsi. Baina, praktikan, euskal gizarteak onartu egiten du egunean 24 orduko eta urtean 365 eguneko lanaldia; oso merkea eta emakume atzerritar batek egina.

Zenbat emakume dira?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 10.000 emakume baino gehiago aritzen dira barneko gisa, esklabo gisa. Gure kalkulua da 12.500 inguru izan daitezkeela, beste batzuek 11.000 direla diote… Baina seguru-seguru esaten dizudana da 10.000 baino gehiago direla.

Hitz gogorra da esklabotza.

Emakume hauek egunean 24 orduz egiten dute lan, atsedenik gabe, eskubiderik gabe eta erabat kontratatzailearen menpe. Lanari lotuta bizi dira. XVIII. mendeko esklabotzaren edo XIX. mendeko morrontzaren bertsio berritua dira. Halako lan jardunak legez kanpokoak dira; baina pertsona horiek horretara kondenatuta daude, txiroak, etorkinak eta emakumeak direlako. Hori ezin da onartu, ez etikoki, ez moralki eta ezta politikoki ere.

Baina, onartu ez ezik, datuek diote gero eta gehiago direla.

Orduan, galdera egin beharko diogu geure buruari: euskal gizarteak benetan sinisten du funtzionamendu egoki baterako emakume esklaboak behar dituela? Izan ere, praktikan, euskal gizarteak onartu egiten du esklabo lan hori; beraz, aitor dezala eta ozen esan dezala. Baina ez dadila gizarte eredugarri, aurrerakoi eta berdinzale baten irudia ematen saiatu, errealitatea beste bat baita.

Zenbat ordaintzen zaio barneko dabilen emakume bati?

Gure politika da soldatari buruzko datuak ez ematea, horren ondorio bakarra delako are gehiago jaistea. Baten batek hori irakurrita pentsa dezake, “nik gehiago ordaintzen diot, bada!”, eta hurrengo urratsa da soldata jaistea. Baina normalki ez dira iristen lanbide arteko gutxieneko soldatara.

Kontratuarekin egiten dute lan?

Gehiengo handi bat, %70 inguru, kontratupean aritzen da.

Baina nola egin daiteke horrelako kontratu bat?

Gobernuak onartzen duelako, politikoki onartzen delako, eta, noski, inongo kontratutan ez delako egia jartzen. Astean 40 orduko kontratuak izaten dira, hor dago iruzurra. Baina gobernuak oso ondo daki zer gertatzen den. Adibidez, Lanbiden onartu egiten dira baldintza horiek, eta bertatik egiten dira halako lan eskaintzak; emakumeari lotsarik gabe esaten diote 24 orduko lanaldiak direla, barneko lana dela. Lanbidek bitartekari lana egiten du legez kanpoko kontratazioetan, eta ozen salatu behar da hori.

Baina kontratatzaileak ere ardura handia du hor.

Onartzen duen momentutik, bidea irekitzen du administrazioak; horregatik diogu guk kontratatzaileak baduela errua, baina ardura nagusia ez dela berea. Halere, horretan ari gara lanean, eta galdera egiten dugu: gizarte bezala baldintza hauei eutsi nahi diegu? Nazio berri baten eraikuntza hipotetiko bati buruz ari garela, zutabe hauen gainean eraiki nahi dugu herria?

Emakume etorkinak badu beste aukerarik?

Ez. Inoiz ez zaio galdetzen zein gaitasun edo prestakuntza duen. Bestalde, guk ez dugu auzitan jartzen lana; oso lan duina da. Baldintzena da arazoa. Eta kalitatezko zaintza hainbeste aipatzen duten horiei, enpleguak ere kalitatezkoa behar duela esaten diegu.

Non jartzen duzue kalitatezko enpleguaren gutxieneko muga?

Jardun zehatz bat izatea: zortzi ordukoa, erreleboka, hiru txandatan… 24 orduko jarduna eskatzen duen beste edozein zerbitzutan inori ez zaio bururatzen lanaldi osoa pertsona bakarraren bizkar jartzea. Noski, horrek eskatzen du erabaki politikoa hartzea, diru gehiago jartzea, eta, finean, politika publiko egokiak garatzea. Familia bati ezin zaio eskatu hiru soldata ordaintzea, baina kontua da hemen ohitu garela zerbitzu merke bat edukitzera, eta ez da auzitan jartzen.

Hona datorren emakumeak badaki zer aurkituko duen hemen?

Lehen, agian ez, baina orain, bai. Baina jatorrizko herrialdeetan egoera hain da txarra… Azkenaldian, oso-oso gazteak dira guregana datozen asko, 18-20 urtekoak, eta euren herrietako indarkeria sistematikoari ihes egiteko datoz. Hemen lan hau baino ez dute, baina kalean lasai ibil daitezke, behintzat; ez dituzte bortxatuko, ez dituzte hilko.

Iaz gogor borrokatu zineten barnekoen habilitazio profesionala lortzeko. Zergatik?

Etxeko zaintza lanetarako kontratatutako emakumeek ikastaro berezi bat egin behar dutela dio Mendekotasun Legearen azken aldaketak, eta gu gogor borrokatu gara jada kontratupean zeuden emakume etorkinek habilitazio profesional hori lortzeko, ikastarorik gabe; ezinezkoa baita beraientzat ikastaroa egitea. Eusko Jaurlaritzak 8.800 barnekori eman die habilitazioa laguntzaile soziosanitario gisa. Dena den, hor bada beste iruzur bat: emakume horiei etxeko langile kontratua egiten baitzaie, ez zaintzaile kontratua. Eta ez da gauza bera xurgagailua pasatzea, edo adineko pertsona bat zaintzea.

Orain ikusiko dugu ea hori aldatzen den. Izan ere, legeak habilitazio profesional bat eskatzen badu, ez litzateke onartu behar kontratuak etxeko langile gisa egitea. Laguntzaile soziosanitario gisa kontratatzeak hobekuntza nabarmena dakar lan baldintzetan. Bat aipatzearren, oinarri-oinarrizkoena: langabezia saria jasotzeko eskubidea, etxeko langileak ez baitu eskubide hori.

Zer gogoeta eskatuko zenioke kalean emakume zaintzaile atzerritarra ikusten duenari?

Garrantzitsua litzateke gutako bakoitzak bere buruari galdetzea: “Ni lasai bizi naiteke jakinda emakume hori esklabo lanean ari dela? Zer egin dezaket?”. Kontratatzaileari inork ez dio galdetzen zein baldintzatan ari den zaintzailea; agian, ez litzateke txarra pertsona horiek ezeroso sentiaraztea. Dena den, berriro diot, ezin zaio familiari leporatu arduraren %100; hau konponduko bada, administrazioak eman behar du pausoa, eta gizarteak pauso hori ematea exijitu behar du, ez dagoelako prest esklabotza onartzeko.