Baserrietako mitoekin bidaian

Baserrietako mitoekin bidaian

Miriam Luki

Kazetariaren lehenengo galderak harilkatu du elkarrizketa osoa: mito asko al dago euskal baserrien inguruan? “Gurean, etnologia eta antropologia arloak kontuan hartuta egin izan dira baserri munduari buruzko ikerketa gehienak, eta ez historia oinarri hartuta. Nekazaritza oinarrizkoa balitz bezala aztertu izan da beti; aitzitik, orain 500 urte ingurukoa baino ez da lehenengo baserria; gure mendi muinoetan baserriak ez dira egon betidanik”. Horixe da Pedro Berriotxoa historialariak (Urretxu, 1958) aletu duen lehenengo mitoa. Gipuzkoako baserriei buruzko ikerlan ugari egin du urretxuarrak, eta tesia ere idatzi du. Historiari helduta egin ditu ikerketa guztiak.

Gipuzkoan, XV. mende amaieran bukatu ziren ahaideen arteko gerrak; ermandadeak eratu zituzten orduan —egungo aldundien aitzindariak—, eta bake giroa zabaldu zen. Giro horretan, baserriak hedatzen hasi ziren XVI. mendean, eta XIX. mendera arte iraun zuten, hainbat fasetan. Tarte horretan, artoa iritsi zen Ameriketatik Euskal Herrira —XVIII. mendean, gehienbat—, eta, herri lurrak salduta, XIX. mendean baserriak eraiki zituzten erosle askok. Lehenengo Karlistadara arte (1833-1840), asko ugaritu ziren baserriak. “15.000 baserri inguru sortu zituzten tarte horretan, eta 1920an, artean, Gipuzkoako bizitza modernoaren ardatza zen baserria”. Berriotxoak azaldu duenez, industria indartzen hasi zen gerora. “Eta hor iritsi zen baserri munduaren gainbehera”.

XVI. mendera iritsi baino lehen, Gipuzkoan etxe handiak zeuden hiribilduetatik kanpo. Etxe haien inguruan pisu handia zeukan abeltzaintzak, eta saroiak edo ardien bazkalekuak eta soroak zeuden mendian. Alde horretatik, euskarak berak hainbat arrasto ematen dituela azaldu du Berriotxoak: “Basoa eta herria daude baserri hitzaren atzean; etxea eta ohola etxola hitzaren atzean… Izan ere, egurrezko palafitoak egon ziren baserriak baino lehen”.

Berriotxoaren mitoen zerrendak baserri munduarekin bezainbesteko lotura dauka nekazaritza munduarekin. “Aspaldikoa da hiriaren eta landa eremuaren arteko dikotomia; antzinako Grezian eta Erroman aurki daiteke jada”. Hain zuzen, bi zentzutako mitoa sortu zen egoera horretan: “Hiritar zenbaitek espazio positibo gisa ikusten zuten baserria, hiriko konbentzio eta ismoetatik salbu zegoen gune gisa, eta mundu hori gizakia hazteko toki aproposa zela uste zuten. Mitoa da hori, eta badaude kontrako iritziak ere”. Alegia, baserritarrak arlote eta xelebre gisa definitu izan dituzte beste batzuek. Baina ez da hori hiriaren eta landa eremuaren dikotomiatik sortutako mito bakarra. “Txomin Agirrek idatzitako Garoa eleberrian, euskaldun fededun puruaren arketipoa da baserritarra. Hirian, aldiz, bekatua eta galbidea daude”.

Soil-soila da hurrengo mitoa: “Baserritarrei etxekoandre, etxeko nagusi edo etxeko jaun esan izan zaien arren, maizterrak ziren gehienetan; alegia, errenta bat ordaintzen zioten jauntxoari”. Lehen Mundu Gerraren ondorioz, igo egin ziren nekazaritza produktuen prezioak, eta diru pixka bat egiteko aukera izan zuten baserritarrek. “Eta askok baserria erosi egin zuten garai hartan, Ameriketara joan zirenek handik bidaltzen zuten diruari esker. Gaur egun, jabeak dira baserritar gehienak. XX. mendean bihurtu ziren baserriak subirano edo burujabe”.

Alabaina, Aro Garaikidean pobreak proletarioak ziren, eta historialariak azaldu du zabalduta zegoela baserritarrak erdi mailakoak ziren ustea. “Baina faltsua da hori; beste mito bat da. Baserrian bizi izan den edozeinek daki obreroak edo langileak baino okerrago bizi zirela baserritar asko eta asko”. Edonola ere, baserritarren pobrezia “duina” zela erantsi du Berriotxoak, eta oximorona dirudien hitz elkarketa hori azaldu du segidan: “Ondo araututako pobrezia zen. Baserrietan zor asko izaten zuten arren, gutxi izanda ere edukitzen zuten jatekoa. Arropa txukunak izaten zituzten kalerako, eta kutxan gordetzen zituzten baserrira itzultzearekin batera”. Garai hartan dena “oso neurtuta” zegoela gaineratu du urretxuarrak. “Arau zorrotzak izaten zituzten gehienetan. Egia da, alabaina, gurean bazirela indar handia zeukaten baserri batzuk”.

Baserrietako autarkia ere aipatu du urretxuarrak. “Baserrietan buruaskiak zirela entzun izan dugu, produzitu eta jan egiten zutela. Haatik, baserrietatik kanpo lan egin izan dute baserritarrek: hirian, ikazkintzan, olatan, meatzeetan…”. Berriotxoak gaineratu duenez, “ezer gutxi” zegoen XIX. mendearen erdialdera arte. “Eta hargatik bueltatu ziren olak; hala babestu ziren baserrietan. Atzerrira joatea zen beste irtenbidea”.

Emakumeak eta baserria

Baserri munduko mitoen inbentarioa egin berri du Berriotxoak, Burdinola elkarteak Legazpin antolatutako hitzaldian. Atzerritarrek XIX. mendean Gipuzkoara egindako bisitetan utzitako lekukotzak ditu ikergai orain, baina baserriekin lotura egin du hor ere. “Harritu egiten ziren baserrietako emakumeen indar fisikoarekin”. Victor Hugo eta Alexander von Humboldti buruz ari da hizketan. “Emakumezkoek hirian baino pisu handiagoa zuten baserrian”. Elizetan zeukaten garrantzia ere azpimarratu du. “Emakume apaizak ziren. Ilustrazioaren arora arte, eliza barruetan egoten ziren hilobiak, eta emakumeek zaintzen zituzten; oso leku sinbolikoak ziren. Argizaiolak ere emakumeek pizten zituzten”. Eta atsolarraren erritua ere ez dauka ahazteko. “Haurren bat jaiotzen zenean emakumeek egiten zuten bilkura zen atsolarra; auzolana. Hori ez da mitoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.