Belaunaldien arteko transmisioa

Belaunaldien arteko transmisioa

Imanol Saiz

Nork ez du sekula ipuin edo kondaira bat arretaz entzun? Etxeko sofan gurasoekin, suaren inguruan lagunekin edo herriko liburutegian ipuin kontalari batekin. Guztien artean, etxeko txikienek gozatzen dute gehien ipuin kontalarien istorioekin. Azken lau urteotan, ohiko kontaketa horiei bira eman diete Pasaian; erabat irauli dute formula. Ipuin kontalari helduek lau barrutietako gaztetxoei pasatu diete lekukoa, herriko haurrek ipuinen mundura bidaiatzen jarrai dezaten.

2014tik, Pasai Antxoko liburuzain batek proposamena egin zuenetik, Kontakatiluketan egitasmoa landu dute urtero. Pasaiako Badia antzerki eskola eta udalerriko lau liburutegiak dira egitasmoaren sortzaileak eta erantzuleak. Iñigo Ortega eskolaren arduradunak eta Maider Galartza aktore eta ipuin kontalariak hasieratik hartu dute parte proiektuan. Ortegaren aburuz, herriko haur eta gazteen artean “erreferentzialtasuna” bilatu nahi izan dute egitasmoarekin. Galartzak azaldu bezala, helburu zehatzak finkatu dituzte hasieratik: “Liburutegiak haurrengana gerturatzea, belaunaldien arteko harremana gauzatzea eta ahozkotasuna sustatzea”. Horrez gain, euskararen erabilerari ere bultzada eman nahi izan diote ekimenarekin; horregatik, euskarazko ipuinak kontatzen dizkiete haurrei. “Ikasleen artean hazi txiki bat erein nahi dugu ipuin kontalaritzarekin”. Erronka hori daukate.

Baina, zehazki, zertan datza Kontakatiluketan egitasmoa? Ipuin kontalari gisa trebatzen dituzte DBHko ikasleak; ipuinak nola kontatu irakasten diete 12-13 urteko gaztetxoei, eta, ipuin kontalarien gisan, 5 urte inguruko haurrei kontatzen dizkiete gero eurek. Bide horretan, lau barrutietako liburutegietan hainbat emanaldi eskaini dituzte azken lau urteotan. Galartzak azaldu duenez, urtez urte aldatuz joan da kontalari gaztetxoen kopurua, eta aurten, adibidez, 12 urteko hiru pasaitarrek gidatuko dituzte emanaldi guztiak, normalean zaila izaten baita helduagoek parte hartu nahi izatea.

Emanaldien aurretik, ondo prestatzen dituzte ipuin kontalari berriak, buruz ikasi behar izaten baitituzte kondaira guztiak. Kontaketaz gain, keinuak eta erabili beharreko hizkera ikasten dute, benetako ipuin kontalari batek egingo lukeen bezala. “Ipuinak ez ditugu irakurtzen, kontatu egiten ditugu”, azaldu du Ortegak.

Badia antzerki eskolako partaidearen esanetan, ipuin kontalari horiek amu gisa hartuta lor dezakete herriko txikienak liburutegietara gerturatzea. Haurrek kontaketa horiek, batzuetan, “artifizial gisa” ikusten dituztela gaineratu du; kontalari gaztetxoekin, ordea, “identifikazio prozesu bat” sortzen da Galartzaren ustez: “Haurrek gertuago sentitzen dituzte 12 urteko gazteak. Askotan, ezagutu egiten dituzte, eta eurekin alderatuta hain helduak ere ez direla ohartzen dira. Erreferente gisa ikusten dituzte, eta transmisio lanean asko laguntzen du horrek”.

Helburu zehatz horietatik harago, “belaunaldien arteko transmisioa gauzatzea”, hori izan da proiektuaren lorpen garrantzitsuena. “Gazte horiek haurrei ipuinen eta kondairen transmisioa egitea ezinbestekoa zela ikusi genuen”, gehitu du Galartzak. Transmisio lan horretan, ohiko ipuin klasikoez gain, hurrengo belaunaldiei bestelako kondaira batzuk ere transmititu ahal izatea nahi lukete antolatzaileek. Antzinako Pasaian eta inguruetan kontatzen zituzten, eta gaur arte ahoz aho iritsi diren ipuinak jaso dituzte horretarako, haur horiek entzun eta etorkizunean euren seme-alabei kontatu ahal izateko.

Ixuri pertsonaia sortu dute azken urteotan, Lezoko Zabarre pirata klasikoarekin harreman zuzena duen pertsonaia. Ortegak kontatu duenez, industrializazio garaian Aiako Harrietara aldendutako emakumea da Ixuri, eta Pasaiara gerturatzen da tarteka, badiara iristen ziren ibaietako isuri guztiak berpiztera. Aktoreak nabarmendu du tankera horretako ipuinei esker “oso harreman polita” sortu dela adin tarte ezberdineko ikasleen artean. “Eta haur eta gaztetxoentzat oso lanabes baliagarria izango da aurreiritziak apurtzeko”.

Herenegun ekin zioten 2018ko Kontakatiluketan egitasmoari, Pasai Antxoko kultur etxean. Gaztetxoek kontatutako istorioekin gozatu ahal izan zuten Pasaia-Lezo lizeoko eta La Anunciata ikastetxeko ikasleek, Lauraren itzala eta Puntua ipuinekin, besteak beste. Horiez gain, haurrek gehien maite dituzten ipuinak ere irakurri zizkieten 12 urteko hiru pasaitarrek. “Oso garrantzitsua baita entzuleek kontatzen duzun hori gustuko izatea”.

Barruti guztietan bira

Asteazkenekoa izan zen aurtengo lehen emanaldia, baina ez da azkena izango. Galartzak azaldu duenez, “bira txiki bat” egingo dute Pasai Antxo, Pasai Donibane, Pasai San Pedro eta Trintxerpen barrena. Datorren asteazkenean, hilaren 21ean, Pasai San Pedroko udal aretoan eskainiko dute emanaldia. Aste Santuko oporraldiaren ondoren, apirilaren 11n, haur eta gaztetxoen arteko transmisio horren agertoki izango da Pasai Donibaneko liburutegia; eta apirilaren 18an eskainiko dute aurtengo Kontakatiluketan egitasmoaren azken emanaldia, Trintxerpen, bertako alkateordetzan. 18:30ean hasiko dira emanaldi guztiak, eta haur zein gaztetxoen gurasoei ere bertaratzeko deia egin diete.

Badia antzerki eskolak jakinarazi duenez, berrituta dator aurtengo Kontakatiluketan egitasmoa. Informazio askorik aurreratu nahi izan ez duten arren, “sorpresaren bat” egongo dela adierazi dute. Ipuin kontalaria “oso pozik” dago orain arteko ibilbidearekin, eta “gogoz eta ilusioz” ekin diote laugarren edizioari. Pixkanaka bidea egiten ari da orain lau urte sortutako egitasmoa, eta antolatzaileak ziur daude amaierarik gabeko istorioa daukatela esku artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.