“Buruak ez dauka mugarik”

Unai Zubeldia

Natural bizi du egunerokoa. Eva Esnaolak (Urnieta, 1960) ez du zama gisa ulertzen lanera joan aurretik 05:00etan jaikitzea eta korrika bizpahiru orduko entrenamendua egitea. “30 bat urterekin” hasi zen serio korrika, “zigarroaren bizioa uzteko”, eta ultramaratoiak ditu orain afizio. 3.05.16 orduko denbora dauka Donostiako maratoian, baina ez da erotzen erlojuaren orratzei begira. Erretiroari ez dio baimenik eman nahi bere bila etortzeko. Bi alabaren ama da. “Eta amona”, zehaztu du, harro.

Zenbat ordu dauzka zure egun bakoitzak?

05:00etan jaikitzen naiz entrenamendu luze samarra daukadanean, eta Donostiara joaten naiz, autoan. Han ekiten diot entrenamenduari, eta 07:30 inguruan amaitzen dugu. Autoan etxera itzuli, dutxatu, eta 08:30ean joaten naiz lanera.

Merezi du gorputza hainbeste estutzea?

Niretzat ez da gorputza estutzea edo egurtzea; eguneroko jarduera bat gehiago da korrika egitea. Ez zait kostatzen; ez dut egiten ahalegin berezirik korrika egitera joateko. Neure buruarekin ondo sentitzen laguntzen dit.

“Eva ez duzu etxean aurkituko!”. Gertukoen abisua da hori. Korrika bizi al zara egunerokoan ere?

Bai. Hainbat lekutan lan egiten dut, eta batera eta bestera ibiltzen naiz beti. Eskolako autobusetan ibiltzen naiz, jangelako begiralea ere banaiz, Lasarte-Oriako denda batean ere aritzen naiz lanean…

Korrikalariarena ez al da oso bizimodu lotua?

Hain ohituta nago… Ez dut uste nirea besteena baino gogorragoa denik. Ezer egiten ez dutenek, aspertuta eta aitzakia bila ibiltzen direnek, pertsona horiek euren burua nik baino gehiago zigortzen dutela uste dut. Oso erosoa da ezer egin ez eta gaizki sentitzen garela esatea. Kirola oso ona da buruarentzat.

Bizpahiru egun entrenatu gabe igaro eta urduri jartzen den horietakoa al zara?

Ez, ez. Asteko entrenamendu plana bidaltzen dit entrenatzaileak, eta atseden hartzen dut atseden hartu behar dudala esaten badit. Ez naiz erotzen. 2005ean urtebete egin nuen geldirik, min hartuta, eta ez nintzen gaizki sentitzen. Pertsona naiz korrikalaria baino lehen; oso argi daukat hori.

Alaitzek eta Nabilak, zure bi alabek, noizbait esan al dizute nahikoa dela?

Ez. Hurrengo egunean ea entrenamendurik badaukadan galdetzen didate beti, haurren bat nire kargu uzteko, ziurrenik [barrez]. Ehun kilometroko lehen proba egin bezperan, afaltzen ari ginela, orduan esan nien biharamunean lasterketa neukala. “Ehuneko bat egitera noa”, esan nien. Eta, “ehun metrokoa?”, galdetu zidan gazteenak, oso proba motza zela esanez. “Ez, ez; ehun kilometrokoa”, zuzendu nion. Ezkutuan egiten nituen entrenamenduak, oso-oso goiz jaikita.

Zure afizioak badu segidarik etxean?

Nabila zalea zen umetan, baina utzi egin zuen 13 bat urte zeuzkanean. Zaharrena, berriz, Alaitz, ondoren hasi zen korrika, eta ondo ibiltzen zen gainera; nirekin egin zuen azken lasterketa. Baina pare bat ebakuntza egin dizkiote bizkarrean, eta utzita dauka.

Zurea bai, zurea segidako erabakia izan zen, ezta? Korrika egitea zainetaraino sartuta daukazue etxean…

Bai… Zazpi anai-arreba gara, eta korrika ibiltzen gara hiru: Idoia, Gaspar eta ni neu. Maratoien bildumagilea da Idoia; 70 baino gehiago dauzka eginda. Eta Donostiako maratoia 2.16 edo 2.18 ordutan eginda dauka Gasparrek.

13 urterekin hasi zinen korrika, baina 16rekin utzi egin zenuen…

Gaztetxo garaia, badakizu… Erretzen-eta hasi nintzen, eta utzi egin nion korrika egiteari, bai. Amorrua ematen zidan zigarroaren mende bizitzeak, edozer gauzatarako behar nuelako momentu batzuetan. Horrela ezin nuela jarraitu erabaki nuen, eta uzten hasi nintzen pixkanaka, eta 30-32 urterekin utzi nuen erabat. Horixe izan da nire bizitzako erabakirik onena: erretzeari uztea. Alkoholikoak alkoholarekin bezala, lotura hori egiten dut nik tabakoarekin, eta ez dut ikusi ere egin nahi.

Gaur egun emakume asko dabil korrika, baina beste garai batzuk ziren haiek. Inoiz arazorik eduki al duzu emakume izate hutsagatik?

Behin bakarrik. Zumaiako lasterketa batean izan zen, Zakila Biran. Emakume gutxik parte hartzen genuen orduan, eta gizonezko bat harrapatu nuen lasterketa hasi ondoren. “Irabazi egingo didazula uste al duzu?”, esan zidan aldamenetik. “Segi, segi aurrera, lasai”, esan nion. Une hori bakarrik daukat gogoan. Azken batean, nahiko aurrean ibiltzen naiz ultramaratoietan, eta asko laguntzen didate gizonezkoek, Hernaniko klubekoek eta.

Orduko emakume korrikalariek nabari zenuten ondorengoei atea irekitzen ari zinetela?

Ez… Gaur egun, oraindik, askori lotsa ematen die kalean korrika egiteak, baina umetatik kirol asko egindakoa naiz ni, eta gauzei buelta gehiegi eman gabe egiten nuen korrika garai hartan ere.

Pausoka-pausoka, 42 urterekin parte hartu zenuen 42 kilometroko lehen lasterketan: maratoian. Kasualitatea?

Ahizpak sarritan esaten zidan egunen batean maratoiren batean parte hartu beharko nuela, eta, 40 urte eginda, polita izan zitekeela pentsatu nuen. Juan Carlos Samaniego Tximist zenak argi esan zidan lehen maratoia poliki egiteko, eta izugarri gozatu nuen. Donostiakoa aukeratu nuen, eta 3.26 egin nuen. Pena eman zidan bukatu nuenean; zoratzen nengoen. 3.16, 3.12… Markak hobetuz joan naiz, eta 3.05.16 egin nuen iaz.

Hobetzeko tartea badaukazu oraindik?

Korrika egitea eta gozatzea gustatzen zait niri. 3.03; entrenatzailearen arabera, hori da egin dezakedan markarik onena, baina badakit horretarako zenbat lan egin beharko nukeen, eta ez dakit merezi duen.

Lehen maratoia egin eta sei urtera egin zenuen jauzia 100 kilometroko probara.

Alaba ama izan zen 2007an; dena primeran atera zen, eta naturari eskerrak emateko-edo asko kostako zitzaidan ahaleginen bat egin beharra neukala erabaki nuen. Jesus Egimendiak esan zidan lehen aldiz Espainiako 100 kilometroko Txapelketa egingo zutela irailean. Denborarik gabe, hurrengo urtean egingo nuela esan nion, baina berehala erantzun zidan hurrengo urtekoa ez zela izango lehenengoa. 11 ordu neuzkan amaitzeko, eta 9.03.37 egin nuen azkenean; 48 urte betetzear nengoen. Ondoren, urrian ezagutu nuen Regulo Martinez entrenatzailea, erdi kasualitatez, eta harekin jarraitzen dut gaur egun ere. Asko hobetu ditut markak; 8.40 ordu, ehun kilometrokoan horixe da nire markarik onena.

Askotan begiratzen al diozu nortasun agiriari? Bete-betean jarraitzen duzu 57 urterekin…

Oso ondo nago fisikoki, baina badakit adinean aurrera eginda nagoela jada. Hori da errealitatea, eta pena ematen dit. Horregatik, gazteei beti esaten diet onenean daudela, nahi duten guztia egin dezaketela eta aprobetxatzeko.

Zorrotza zara zeure buruarekin?

Zorrotza baino gehiago, diziplina handikoa. Norberak egin behar izaten du korrika. Nik daukat entrenatu beharra ondoren lasterketetan parte hartzeko; inork ez du egingo korrika nire ordez. Horregatik, ezin naiz hasi neure buruari gezurretan. Entrenatzaileak bi orduko entrenamendua agintzen badit, ez naiz geldituko 1.59 markatzen didanean; oso zorrotza naiz horretan.

Sei orduko lasterketak, hamabi ordukoak, 24 ordukoak, sei egunekoak… Non daude gorputzaren mugak?

Ezin da jakin. Buruak ez dauka mugarik, baina gorputzak bai, noski; gorputza hustu egiten da momentu jakin batean. Bien batuketa da garrantzitsuena, baina buruak agintzen du muturreko egoeretan.

Bi orduko entrenamendua gaur, hirukoa bihar, laukoa etzi… Nola eusten diozu buruari?

Izugarria da buruak daukan gaitasuna. Gaur kosta egingo zaizu ordubeteko entrenamendua egitea, baina biharko bi ordukoa ez da izango askoz gogorragoa, etxean barneratuta daukazulako egun horretako entrenamendua. Ia-ia ahalegin berbera eskatzen dit ordubeteko edo bi orduko entrenamendua egiteak. Horretarako, noski, gustatu egin behar da korrika egitea; gainerakoan, alferrik ari zara.

Zer ematen dizu korrika egiteak?

Aske eta zoriontsu sentitzen naiz.

Regulo Martinez entrenatzailearen asteko entrenamendu plana iristen denean…

Desiratzen egoten naiz. Astea zer moduz joan den galdetu ondoren, whatsapp bidez bidaltzen dit hurrengo asteko plana; maitasun gutuna deitzen diot nik. Gustatzen zait aste osoko plana irakurtzea. Kilometroen araberako entrenamenduak izaten dira, ez dudalako erabiltzen pultsometrorik. 05:00etan gogorra da kilometroa 4.30 minutuan egitea, eta eroso ibiltzea gustatzen zait niri, azken batean ez naizelako bizi atletismotik. Koherentzia behar da; helmugak behar ditut, bai, baina lortzeko modukoak, amore emango dudalako bestela.

Nolakoa da zure entrenamendu arrunt bat?

Ehun kilometrokoren bat prestatzen ari naizenean, sei ordukoa izaten da entrenamendurik luzeena, baina, gehienen moduan, 30 bat kilometroko saioak egiten ditut maratoietarako, nahiz eta Regulok, iaztik, jaitsi egin didan karga. Apirilaren 21ean daukat hurrengo erronka nagusia, Belvesen, Frantzian: 50 kilometroko lasterketa. Irailean Kroazian jokatuko den ehun kilometroko Munduko Txapelketarako gutxieneko marka lortu nahi dut han.

Nola zaintzen duzu elikadura lasterketetan eta lasterketetatik kanpo?

Gehiegi jaten dut; hori da nire arazoa. Baina janari garbia jaten dut. Barazkiekin, frutarekin eta ogiarekin biziko nintzateke. Frijituak ez ditut jaten, baina ez naiz erotzen. Joan den astean, adibidez, bi aldiz joan nintzen sagardotegira. Lasterketan, berriz, irasagarra eta gelak hartzen ditut, besterik ez, eta 40. minuturako hasten naiz jaten, kilometroak egin ahala zailagoa delako gorputzak janari hori onartzea. 24 orduko lasterketaren bat-edo amaitzen dudanean, berriz, patata frijituak edo azeitunak eskatzen dizkit gorputzak, gatza falta zaiolako.

Erlojua zer da, korrikalariaren lagunik eta etsairik handiena?

Hamar euroko erloju bat daukat nik, normal-normala. Ez GPS eta ez ezer. Erlojurik gabe ibiltzen nintzen lehen, baina entrenamendu luzeak egiten hasi nintzenean ez nekien zein erritmotan nenbilen eta zenbat kilometro egiten nituen. Horregatik erosi nuen, baina denborari bakarrik begiratzen diot.

Spartathloia, 246 kilometroko proba, hori al da inoiz egin duzun erronkarik gogorrena? Hirugarren amaitu zenuen 2014an…

Jesus Egimendia da erruduna. Hark sartu ninduen ultramaratoien munduan, eta ez dakit nola iritsi nintzen Spartathloian parte hartzera. Probaren biharamunean, ahizpa eta biok autoan igaro ginen ibilbidearen zati batzuetatik, eta ezin nuen sinetsi han ibili nintzenik. A zer aldapak! Portugaldar baten atzetik igo nuen mendatea, gauez, eta nire erritmotik atera ninduen; pena hori daukat, ondoren asko sufritu nuelako koadrizepsekin. Momentu bakar batean ere ez nuen pentsatu lasterketa uztea, baina oso gaizki pasatu nuen. Zalantzarik gabe, horixe da inoiz parte hartu dudan probarik gogorrena.

Korrika egitea bat da, eta bidaietarako-eta baliabide ekonomikoak lortzea bestea. Nola moldatzen zara zentzu horretan?

Nire kabuz aurre egin behar izaten diet gastuei, eta diru asko joan zait jada. Autoan egiten ditut bidaia gehienak, ahizparekin, baina lotarako lekuak ere ordaindu egin behar izaten dira, eta…

Noizbait egon al zara gorputzean inongo minik gabe?

Gogoan daukat gaztetan 40 urtetik gorakoak entzuten nituela bateko eta besteko mina zeukatela esanez, eta orain ni nago egoera horretan. Nonbaiteko mina izaten dut beti korrika egitean.

Beldurrik badiozu etorkizunean gorputzean izan dezakezun orbainen bati?

Segi eta segi jarraitzen badut, gorputza gehiegi estutuko ote dudan, beldur hori daukat. Horrela jarraituz gero 65 urterekin aldakako protesia beharko dudala esaten badidate, une horretan bertan utzi egingo diot korrika egiteari. Harrituta gelditzen naiz jendeak korrika egin ahal izateagatik, adibidez, meniskoko ebakuntza egiten duenean; nik korrika egiteari utziko nioke ebakuntzarik ez egiteagatik. Beste aukera asko daude kirola egiteko. Errespetu handia diet ebakuntzei.