Hainbat datu

Adinberri. Adinberri zentroak 4.747 metro koadroko azalera hartuko du, eta 15.000 metro koadro inguruko eraikina izango da. Ehun gela izango ditu, adinekoei zuzendutako zaintzapeko hogei apartamentu eta eguneko zentroa. Horrez gain, bertan egongo da zahartzaroaren inguruko ikerketa eta berrikuntza unitatea ere.

Epeak. Hospitalillon egingo duten lurpeko aparkalekua eta Adinberri zentroa izango dira lehenik definituko diren proiektuak.Bi-hiru aste barru proiektua idazteko baldintzak aterako dituzte, eta obren esleipena urte amaierarako egin nahi dute. Legealdia amaitu aurretik hasi eta 2021ean bukatu nahi dituzte lanak.

Finantzaketa. Pasaia biziberritzeko plan estrategikoak ez du aurrekontu zehatzik; proiektuak zehaztu ahala joango dira kopuruak ateratzen. Markel Olano ahaldun nagusiak argitu du legegintzaldi honetan sei milioi euro jarri dituela foru aldundiak, urtero. «Hurrengo urteetan, gutxienez berdin egingo dugu, baina litekeena da gehiago jarri behar izatea». Beste erakundeen inplikazioa aipatu du Olanok. «Guk foru aldundiarena jartzen dugu, eta garbi dago Pasaiako Portu Agintaritzak ere ekarpena egingo duela». Eusko Jaurlaritza 3,1 milioi euroko obra bat egiten ari da, eta etorkizuneko proiektuetan ere haren inplikazioa bilatuko dutela ziurtatu du ahaldun nagusiak.