Xabier Alberdi: “Logikoa zen matxinatutako kolonoekin lerratzea”

Xabier Alberdi: “Logikoa zen matxinatutako kolonoekin lerratzea”

Eider Goenaga Lizaso

Joan den ostegunean ireki zituen ateak Zoriontasunaren bilaketa. Euskal ekarpena AEBetako independentziari erakusketak, Donostiako Untzi Museoan. Irailaren 30era bitartean egongo da zabalik. Xabier Alberdi historialari eta erakusketako zuzendari zientifikoak (Zarautz, 1969) azaldu duenez, historiako pasarte nahiko ezezaguna da erakusketan jasotakoa: AEBen Independentzia Gerran euskal herritarrek ekarpen garrantzitsua egin zieten Britainia Handiaren kontra borrokatu ziren kolono matxinatuei.

Zergatik erakusketa hau?

Maiatzean itsasontzi tradizionalen topaketa bat izango da Pasaian, eta L’Hermione ontzia izango da topaketako izarretako bat. Errepliken eraikuntzan erreferentea da, eta estu ari dira elkarlanean Albaolarekin. Ipar Amerikako kolonien aldeko gerran, bi bidaia egin zituen LaFayette markesak: lehen bidaia Pasaiako portuan hasi zuen, eta bigarrenean L’Hermione erabili. Beraz, lotura hori zegoen, batetik; bestetik, euskal herritarrek ere parte hartu zuten gerra horretan. Hala, L’Hermione Pasaiara datorrela aprobetxatuz, eta Albaolarekin dugun elkarlana kontuan hartuta, Untzi Museoan erakusketa antolatzea erabaki zen.

Zehazki, zer ekarpen egin zuten euskal herritarrek?

Batetik, merkataritzaren arloa dago. Hango kolonoak matxinatu zirenean, metropoliak —kasu honetan Britainia Handiak— merkataritza bideak itxi zituen lehenik. Merkataritza bideei eustea izan zen euskal herritarren lehen ekarpena. Hainbat merkatarik, eta Gipuzkoan Caracaseko Errege konpainiak, salerosketa harremanei eutsi zieten, etekin ekonomikoa ateratzen zutelako eta Britainia Handiak egiten zien lehia horri aurre egiteko.

Halere, gerran parte hartze zuzenagoa ere eduki zuten?

Bai, merkataritza sareak baliatu zituzten matxinatutako kolonoei armak helarazteko. Euskal Herrian armagintza sektorea Europako indartsuenetakoa zen, Soraluzeko arma fabrikari esker, batez ere. Eta han egiten ziren fusil, pistola, ezpata eta abar eramaten zituzten Ameriketara, baita bolbora eta uniformeak ere.

Ez da pasarte oso ezaguna. Zergatik?

Guk ezagutzen dugun historia XIX. mendean hasi ziren idazten, eta estatuek idatzi zuten: Frantziak eta Espainiak. Historia nazional horretan, hainbat gertaerak ez dute lekurik izan, eta tartean pasarte hau gelditu zen kanpoan. Euskal itsas historiaren hainbat eta hainbat atal ez daude jasota. Frantziak eta Espainiak Independentzia Gerra hartan izandako ekarpena bai jasotzen da, garrantzitsutzat jotzen da, hainbat izen aipatzen dira, baina euskal herritarren ekarpena ez da agertzen.

Kolono matxinatuek gerra irabazi zuten, baina euskal herritarrentzat ondorioak ez ziren guztiz onak izan, ezta?

Gerra horretan, euskal merkatarien ontziek erasoak sufritu zituzten. Adibidez, Britainia Handiko armadak Caracaseko konpainiaren itsasontzi garrantzitsuenei eraso egin zien, eta ontzi horien galera konpainiaren beraren galbidea izan zen. Ezin izan zuen zorra leheneratu, eta desagertu egin zen.

Nola azaltzen da historiako pasarte hori erakusketan?

Sarrera modura, Euskal Herriak eta Ipar Amerikak gerra aurretik izandako harremana azaltzen da; nola mendeetan joaten ziren balea eta bakailaoa arrantzatzera, eta nola, gerora, arrantza hangoek egiten zuten, eta hemengoek erosi. Amerikari dagokionez, matxinadaren arrazoiak azaltzen dira: zerk eraman zituen ekialdeko kostaldeko 13 kolonia horiek Ingalaterraren kontra matxinatzera, 1776an AEBetako independentzia aldarrikatzera eta gerra hastera.

Testuinguru horretan, euskal herritarrek argi zuten norekin lerratu?

Bai, erabat logikoa zen gu matxinatutako kolonoekin lerratzea. Izan ere, matxinatzeko arrazoietako bat izan zen Ingalaterrak ahalik eta etekin handiena atera nahi izan zuela kolonietatik; horretarako, kolonoek Europako gainerako herriekin zituzten zuzeneko harremanak eten nahi zituen Ingalaterrak, harreman hori derrigorrean Londrestik pasatu zedin. Kolonoei ez zitzaien interesatzen hori, baina ezta haiekin harreman komertzialak zituen beste inori ere.

Pertsona batzuen izenak ere nabarmenduta daude erakusketan. Adibidez?

Diego Gardoki da izen propio nagusietako bat. Merkataria zen; armak eta bestelakoak bidali zituen gerra garaian, eta hark egindako kontrabando sarea eta harremanak baliatu zituen gero Espainiako Estatuak ere kolonoei armak eta dirua bidaltzeko. Pertsona garrantzitsua izan zen, eta George Washingtonen lagun izatera iritsi zen. Washingtonen presidente izendapenean bertan izan zen Gardoki, haren ondoan.

Gerra hark Euskal Herrian izandako ondorioei buruzkoa da erakusketaren azken atala. Zer ondorio izan zuen?

Lehen aipatu dizut Caracaseko konpainiarena. Baina, hortik harago, oso sakonak izan ziren gerra honen ondorio politikoak. Izan ere, matxinada hau eta AEBetan idatzitako lehen konstituzioa Frantziako Iraultzaren inspirazio iturri izan ziren; Frantziako Iraultzak erregimen zaharraren porrota ekarri zuen, eta foruak desagertzea izan zen horren ondorioetako bat. Gainera, paradoxa gisa, eta historia biribiltzeko-edo, erakusketan azaltzen da John Adamsek Bizkaiko foruak erabili zituela AEBetako Konstituzioa idazteko eredu gisa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.