Nekane Artola: “Urteko lanaren produktua izango da Kilometroak”

Nekane Artola: “Urteko lanaren produktua izango da Kilometroak”

Asier Zaldua

Bihurgunea hartzea erabaki du Kilometroak jaiak. Azken urteotako joerari beste bultzada bat emanda, egitura berria izango du laster. Aldaketa onuragarria izango dela sinetsita dago Nekane Artola Kilometroak Kultur Erakundeko lehendakaria (Lezo, 1975).

Atzera begiratuta, zein ekarpen egin du Kilometroak festak?

Ez da erraza 42 urteotako ibilbidea laburtzea. Kilometroak, eta ikastolen aldeko gainontzeko jaiak, ikastolen mugimenduak egindako ekarpenaren zati gisa ulertzen ditugu. Urtez urte espazio bat ireki du aldarrikapenerako, kultur adierazpideak plazaratzeko edo Euskal Herri osoan euskarazko irakaskuntzari bultzada emateko.

Hasierako espirituari eutsi al dio?

Hastapenean, bi helburu zituen jaiak, eta lau hamarkada iraun dute. Batetik, helburu ekonomikoa: dirua biltzea ikastolen hezkuntza proiekturako. Bestetik, helburu aldarrikatzailea: Euskal Herrirako hezkuntza eraikitzea eta hizkuntza indartzea. Hezkuntza arloko herri mugimendu indartsu baten agerraldia da, sektore zabal bat biltzeko gaitasuna duena. Komunitate zentzu batek ere batzen du jendea gure festan.

Zeintzuk dira egungo ereduaren indarguneak eta ahulguneak?

Indargune nagusiak auzolana eta elkartasuna direla esango nuke. Ikaragarria da boluntarioen urte osoko lana ikustea eta sentitzea. Sekulakoa da urtero 1.500 bat lagunek erakusten duten prestutasuna. Bestetik, euskal jendartetik jasotzen ditugun atxikimendu eta elkartasun keinuek indarra ematen diote gure komunitateari. Euskal Herriko eragile, erakunde eta norbanakoei asko diegu eskertzeko. Baina aldarrikapenak tokia galdu duela jabetzen gara, eta, horrekin batera, eta jendartearen bilakaeraren ondorioz, sentimendu kolektiboa eta komunitatearen zentzua ahulduta dagoela nabari dugu.

Noiz ikusi zenuten eredua aldatu beharra zegoela?

Ez da bat-batekoa izan. Urteak dira jaia antolatu duten ikastolek sentipen kontrajarriak dituztela. Harro eta pozik gaude lortutakoarekin, baina amaieran beti egoten da “baina” esateko arrazoiren bat. Nagusiki, ikastola ereduarekin bat datozen balioak bultzatzeko ahalegin berezia egin behar dugula ikusi dugu.

Nolakoa izan da eredu berriaren diseinu prozesua?

Duela bi urte hasi genuen Kilometroak Bidea hausnarketa prozesua, aurretik bidea egiteko genuela jakitun. Gainera, bidelagun askoren parte hartzea bermatu nahi genuen ibilbide horretan. Protagonismo berezia eman diegu Gipuzkoako ikastolei, horrek ematen baitio bermea emaitzari. Gidaritza eta dinamizazio iraunkor bat behar du horrelako bide batek, eta horretan buru-belarri aritu dira Mikel Egibar, egungo Kilometroetako koordinatzailea, eta Igor Elortza, urte luzez jaiaren koordinatzaile izandakoa.

Zeintzuk izan dira prozesuaren faseak?

Berrogei edizioetako dokumentazio bilketari eta hastapeneko lekukotasunak jasotzeari ekin genion hasieran. Behin horiek bilduta, jaia goitik behera aztertu behar zela ondorioztatu genuen, eta bi hausnarketa saio ireki antolatu genituen Bergaran eta Oñatin. Gipuzkoako ia ikastola guztien ordezkaritza bildu zen bertan, eta oso saio emankorrak izan ziren. Alde teknikoa aztertzeko talde bat bildu genuen, eta jaia goitik behera eta arloz arlo aztertu dugu hor.

Azkenik, ondorioak biltzen dituen dokumentua osatu eta Gipuzkoako ikastola guztietan aurkeztu dugu. Ekarpenak jaso eta azken dokumentua osatu dugu. Hala ere, badakigu lana ez dela hemen bukatzen. Hemendik aurrera beste prozesu bat jarriko dugu martxan dokumentu horretan jasotzen direnak gauzatzeko.

Zer esan dezakezu eredu berriari buruz?

Hausnarketa prozesu sakon honek bere emaitzak eman ditu, eta hamar premisa idatzi ditugu ondorio nagusi bezala. Horietan oinarrituta antolatuko da jaia, eta premisa horien baitakoak izango dira ekimenak. 2020an jarri nahi dugu martxan jaiaren eredu berria. Aldaketa ez da bat-batekoa izango: dagoeneko hasita gaude hainbat proiektu berri esperimentatzen. Aurretik landutako eta probatutako ekimenekin gauzatuko da 2020koa. Oraindik ez dakigu non izango den. Duela aste batzuk jarri da martxan esleipen prozesua, eta ez dakigu zein ikastola aurkeztuko diren.

Zeintzuk izango dira berrikuntza nagusiak?

Kilometroak jaia urriaren lehen igandean antolatzen jarraituko dugu. Urte osoko dinamikaren produktua izango da. Hau da, urtean zehar ikastoletan lantzen diren kultur jardueren bitartez sortuko dugu jaia. Egun bakarrari begira jarri beharrean, urte osoan antolatuko ditugu jaialdiak; txikiak, baina ugari. Urtetik urterako jarraitutasuna bermatu nahi dugu jai txiki horiekin. Horretarako, beharrezkoa izango da Gipuzkoako ikastola guztien inplikazioa, eta sentimendu kolektibo hori berreskuratzen lagunduko duela uste dugu.

Nolakoak izango dira jaialdiak?

Autoekoizpenean oinarritutako parte hartzea bermatu nahi dugu; kultur harrobiaren kontzeptua landu nahi dugu. Izan ere, ikastolen ezaugarrietako bat da sorkuntza. Ikastoletan egiten den sorkuntza lana kanalizatu, partekatu eta plazara eraman nahi dugu. Beraz, hiru aldaketa nagusi izango dira: ikastola bakar batetik guztietara igarotzea, egun bakarretik urte osoko dinamikara pasatzea, eta adin guztietako herritarren parte hartzea bermatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.