Adinekoek, etxean nahiago

Eider Goenaga Lizaso

Fulgenciak 100 urte beteko ditu abenduan, eta argi du zer nahi duen. “Etxean bezala inon ere ez”. Pasatu omen ditu denboraldi batzuk besteen etxean bizitzen, baina inon ez da sentitu etxean bezala: “Ez naute ondo artatu”. Elgoibarren Etxean Bizi egitasmoaren proiektu pilotuan parte hartuko duten 50 pertsonetako bat da Fulgencia. 25 lagunek esperimentazio taldea osatuko dute, eta esku-hartze plan pertsonalizatu bat egingo zaie; beste 25 lagunek kontrol taldea osatuko dute, eta orain arte jasotzen zituzten zerbitzu berberekin jarraituko dute horiek. Urtebete barru, bi taldeen arteko alderaketa egingo dute, esperimentazio taldekoen kasuan bizi kalitatea hobetu den, zenbat hobetu den eta zertan hobetu den neurtzeko.

Joan den ostiralean aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri eta Matia fundazioak gidatu eta kudeatuko duen Etxean Bizi egitasmoa, Elgoibarren. 120 lagun inguru elkartu ziren, gehienak adinekoak eta haien zaintzaileak. Egitasmoan, aldundia eta Matia fundazioa ez ezik, Osakidetza eta udaletako gizarte zerbitzuak dira pisu gehien dutenak, baina baita herritarrak ere. “Komunitatean erantzun nahi diegu gure adinekoek dituzten beharrei”, adierazi du Maite Peñak, foru aldundiko Gizarteko Politiketarako diputatuak. Pasaian eta Errenterian ere egingo dituzte proiektu pilotuak. Guztira, 100 lagun egongo dira esperimentazio taldean, eta beste 100 kontrol taldean. Elgoibar da hiru herrietan aurreratuen dagoena.

Urtarrilean hasi zuten lehenengo fasea, eta apirilaren 9an ekingo diote bigarrenari. Matia Fundazioak ezarritako metodologia eta irizpideekin, 50 lagun hautatzea eta haien beharrak identifikatu eta diagnostiko bat egitea izan da orain arteko lana. “Aukeratutako 50 pertsona horiek ezaugarri batzuk bete behar zituzten. Batetik, 2. menpekotasun maila onartua izatea, eta, bestetik, zentro batera joateko eskaerarik egina ez izatea”, azaldu du Idoia Uribarri Orbea Elgoibarko Udaleko gizarte langileak. Bikoteak osatu zituzten gero, ezaugarri parekoak izan behar dituztelako esperimentazio taldeko eta kontrol taldeko kideek. “Demagun esperimentaziorako aukeratu den pertsona bakarrik bizi den emakumezkoa dela, mugikortasun arazoak dituena eta hainbat ordu eguneko zentro batean egiten dituena. Bueno, bada, hemendik urtebetera benetan diferentzia ikusi nahi bada, kontrol taldean ezaugarri horiek dituen beste emakume bat behar da”.

Sukalderaino

Eskertuta dago Uribarri jo dituzten ateak parez pare zabaldu dizkietelako. “Sukalderaino sartzen utzi digute”. Karmen da sukaldean elkarrizketatu zutenetako bat, eta hark ere oso argi utzi du etxean jarraitu nahi duela. “Etxean hobeto bizi gara, norberak nahi duena egiten duelako, nahi duenean irten, nahi duenean jan… Baina egia da, norbera gelditzen denean hainbat gauza egin ezin dituela… bajatu egiten zara”. 75 urte ditu Karmenek, 2. mendekotasun maila du onartua, eta Etxean Bizi programan sartu da.

Onartuta dauzkaten laguntzak, zaintzak eta abar bere horretan geldituko zaizkie Etxean Bizi programan sartzen direnei; baina, horien osagarri, plan pertsonalizatu bat egingo diete Matiak eta gizarte langileek elkarlanean. “Lan hau egiteko gizarte laguntzaren erroetara joan garela esan dezakegu, zuzeneko kontaktura. Beti saiatzen gara, baina eguneroko erritmoak eta lan kargak ez dute ahalbidetzen pertsonen beharretan nahi bezainbat sakontzea”, dio Uribarrik.

Horixe egin dute kasu honetan, etxeetara joan eta menpekoekin eta zaintzaileekin hitz egin. “Bisitetan aztertu dugu beraien bizi historia, beraien osasun egoera, bizi egoera, etxebizitzaren egoera, laguntzaileena, zein laguntza tekniko dituzten, zer nahiko luketen, eta nola nahiko luketen, zergatik… Euren tokian jarri gara, nola sentitzen diren ikusi, eta behar horiek jaso”. Interes hori eta elkarrizketa pausatu bat izatea asko eskertu dutela dio Uribarrik.

Gauza txikiak, pauso handia

Dena den, gizarte langileak azaldu du orain datorrela proiektuaren zatirik garrantzitsuena. “Orain hasiko gara haiek esandako guztia aztertzen; hau eskatu digute, bada, ea zer egin dezakegun, bai erakundeen ikuspegitik, baina baita komunitatearen ikuspegitik ere”. Administrazioak zein osasun arloak egin dezaketena bideratzen lagunduko diete programan sartzen direnei, baina hori baino gehiago ere bada.

Elkarrizketetan jaso dituzten eskaera asko “gauza txikiak” direla argitu du Uribarrik, “baina handiak dira beraientzat”. Zenbait adibide jarri ditu: “Demagun emakume bat oso apaina izan dela beti, baina adinarekin zailtasunak ditu ilea egiteko eta makillatzeko. Nahikoa da ile apaintzaile batekin hitz egitea, noizean behin haren etxera joan dadin. Edo ezin dituela erosketetako poltsak etxera igo. Ziur gaude etxepeko dendari txikiren bat prest egongo dela enkarguak etxera igotzeko. Horrelako gestio txikiak nahikoa izan daitezke pertsona horri bizimodu erosoago bat errazteko”.

Administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzuei ere erreparatuko diete, eta horiek bideratzen lagundu. “Adibidez, pertsona batek maiztasun batekin joan behar du osasun etxera, baina asko kostatzen zaio hara joatea. Bueno, bada, erizaina etxera joateko eskaera egingo dugu. Zerbitzu hori egon badago, baina adineko askori kosta egiten zaie eskatzea”.

Adinekoen kopurua etengabe hazten ari dela dio Uribarrik. “Eta horri gizarte moduan erantzun behar diogula ulertu behar dugu denok. Erakundeetatik hasita, jakina, baina gizarte osoa inplikatuz: bizilagunak, auzoko dendariak, herriko elkarteak…”. Amagoia Ruiz de Gauna Elgoibarko gizarte zerbitzuen arduradunak ere ideia horretan jarri du azpimarra: “Gauza guztiak ezin dira administraziotik konpondu, gauza batzuk ez baitaude haren esku, herritarren esku baizik. Kontziente izan behar dugu gero eta adineko jende gehiago daukagula gure artean, eta denok gauza txikiak eginda beraiek erosoago bizi ahal izango direla etxetik atera gabe”.

Etxeetan egindako elkarrizketetan ondorio garbi bat atera dute Matiak eta Elgoibarko gizarte laguntzaileek: ez daude bi pertsona behar berberekin. Horregatik egingo dituzte esku-hartze plan indibidualizatuak. Plan horiek definitzeko fasean sartuko dira orain Elgoibarren —Pasaian eta Errenterian lehen fasean daude—. “Orain ikusiko dugu noraino hel gaitezkeen, eta komunitatea noraino inplika dezakegun”.

Zaintzailea ere bai

Menpekoaren beharrei ez ezik, zaintzailearen beharrei ere erreparatu nahi diete. “Zaintzaileak oso garrantzitsuak dira; nola zaintzen ditugu?”, galdetu du Peñak. “Gainera, kontuan izan behar dugu zaintzaile horietako asko adinean aurrera doazela, 65 urtetik gorakoak direla asko”, gehitu du Uribarrik. Antonio (70 urte) eta Isabel (77 urte) dira horren adibide, biak ere proiektu pilotu honetako partaideak.

95 urte ditu Antonioren amak eta hura zaintzen du; hala azaldu du nolakoa den bere egun bat: “Goizean ama esnatu eta dutxatu egiten dugu, gosaria prestatu eta abar… Gero, enkarguak egitera ateratzen naiz, eta bueltan ama prestatzen dugu kalera ateratzeko. Komeni zaio paseotxo bat ematea, bestela hankak… Gero, bazkaltzera, siesta txiki bat egin eta zaharren egoitzara joatea gustatzen zaio; kartetan ibiltzea. 20:00etan joaten natzaio bila”. Afaldu eta oheratu bitartean egoten da Antonio amarekin; erretiratua egon arren, eguna betetzen dio amaren zaintzak.

Isabelek Gabriel senarra zaintzen ematen du eguna —84 urte ditu—. “Kanpoko neska etortzen den bi ordu horiek kenduta, beste ordu guztietan berekin egoten naiz ni, beti. Bera ondo baldin badago, ni ere gustura. Ni zer moduz nagoen? Bada, nik dena jasaten dut; zer egin behar dut, nire senarra da-eta? Gauza bera egiten ikusi nuen nire ama ere. Hark gurasoak zaindu zituen lehenik, eta nire aita gero. Nik nola ez dut egingo hori senarrarekin?”. Plan pertsonalizatu integralak lantzeko garaian, menpekoak bezala menpekoen zaintzaileak ere elkarrizketatu dituzte, haien beharrak ere detektatu eta ahal den neurrian “karga arintzeko” helburuz.

Ildo horretan, Maite Santxo Matia fundazioko ordezkariak helburu argi bat jarri dio Etxean Bizi egitasmoari. “Ezin dugu onartu, eta erakundeen zein herritarren ardura da hori, zaintzaileak zaintzeagatik gaixotzea”.

Menpekotasuna atzeratu

“Proiektu txikia, baina berritzailea. Esperimentala, baina itxaropen handia ematen diguna. Ziur gaude emaitzak emango dituela”, azaldu die Peñak aurkezpenean bildutakoei. Lortuko den helburuetako bat “menpekotasuna atzeratzea” dela nabarmendu du: “Biztanleria zahartzen ari da, urteak gainera erortzen zaizkigu azkar batean, eta hori ezin da saihestu. Adinari ezin zaio galgarik jarri, baina menpekotasunari bai. Etxetik atera gabe laguntza jasotzerik baldin badago, menpekotasuna atzeratu egiten da”.

Adinekoen zaintzan sartzen diren eragile guztien koordinazioan emango den pausoa “jauzi kualitatibo” gisa ikusten du Peñak: “Gipuzkoan baliabide pila bat dugu: etxeko laguntza, eguneko zentroak, prestazioak, laguntza teknikoak… Horiek koordinatu egin behar dira, eta pauso bat eman nahi dugu aurrera. Ez dugu nahi pertsona bat Idoiarengana [Uribarri] joatea, Idoiak jaso ditzakeen laguntzen zerrenda ematea, adinekoak dagozkion laguntzak eskatzea, eta kito. Harago joan nahi dugu; gure helburua da Idoia pertsona horren etxera joatea, zein behar dituzten entzutea, balorazio integral bat egitea, eta behar horiei erantzuten saiatzea. Hor dago jauzi kualitatiboa, denak dantzan jartzea, arreta integral bat emateko”.