Bertsozale bihurtu den argentinarra

Imanol Garcia Landa

Artzain protestantea da Daniel Scott (Buenos Aires, 1982) eta bokazioari segika etorri zen Euskal Herrira, familiarekin. Tolosako Kristau Etxean aritzen da apaiz lanetan. Euskal Herrira iristean, eta euskara ikasten hasi zenean, bertsolaritzarekin egin zuen topo, eta berehala bihurtu zen bertsozale.

Urrian beteko dira sei urte Euskal Herrira iritsi zenetik. “Lehenengo bederatzi hilabeteetan Maizpide Lazkaoko barnetegian ikasi genuen euskara, eta lehen aldiz han ikusi nuen bertso saio bat; bertso afari bat izan zen”, azaldu du Scottek. Asko gustatu zitzaiola aitortu du. Horrez gain, urte horretan bertan ikusi zuen Bertsolari filma. “Hortik tiraka hasi nintzen gero eta gehiago ikertzen, eta gaur egun asko gustatzen zait bertsolaritza”.

Euskara ikastea erronkatzat hartu du. “Hemengo hizkuntza da, ikasteko oso polita. Beste batzuei kezka sortzen die edo zaila egiten zaie, baina, nire ustez, oso garrantzitsua da motibazioa. Nik badut motibazioa. Hizkuntza izugarria iruditzen zait, eta, azken batean, euskal kultura eta ikuspegia ulertzeko leihoa da euskara. Niretzat oso garrantzitsua da bertako hizkuntza ikastea”.

Scott poliki-poliki joan da bertsolaritzaren munduan murgiltzen, eta, batez ere, joan den urtean sartu zen gehiago inprobisazioaren munduan. “Zaletasun gisa, Bertsopayakopla izeneko orria sortu nuen Facebooken, Argentinako eta Euskal Herriko inprobisazioa ikertzeko, batez ere. ‘Zergatik ez egin egun batean bertsoak, koplak eta payadak?’ pentsatu nuen”. Orain dela hiru urte egin zuen bere lehen bertsoa, semearentzat, eta emazteari idatzi zion hurrengoa. Idatziz hasi zen bertsotan, eta joan den urtean sortu zitzaion pausoa emateko nahia: “Gustatuko litzaidake bertsotan bat-batean egiten ikastea eta egunen batean aritzea”.

Nahi horri segika eman zuen izena Alegiako gaztetxeko bertso eskolan. “Bertsolariak dira eurak, eta ikasten ari naiz ni”, esan du Scottek. “Orain, batez ere, idatzi egiten ditut bertsoak. Saiatzen naiz astero bat idazten. Niretzat oso zaila da inprobisatzea; kopla txikiren bat, agian”. Bestalde, Harituz bertsozale taldeak antolatu duen ikastaroan parte hartzen du egun: “Esaldiak osatzen ditugu, eta denon artean egiten ditugu bertsoak eta koplak; oso modu ona da ikasteko”.

Kultura baloratzea

Bertsoak idazteaz gain, Bertsopayakopla orrian gaztelerazko koplak eta payadak idazten ere hasi da Scott. “Barruko gauzak adierazteko” erabiltzen du bide hori. “Ni euskal kulturak bultzatu ninduen nire kultura maitatzera. Kanpoan gaudenean gehiago baloratzen dugu geure kultura. Hemen, Euskal Herrian, asko baloratzen dituzue kultura, hizkuntza eta bertako beste hainbat gauza, eta oso garrantzitsua da hori; horri esker, nire kultura gehiago baloratzen ikasi dut”.

Euskal Herrira etorri aurretik ezagutzen zituen payadoreak. “Normalean, Buenos Aires inguruan garatzen dute euren kultura, eta bertsoak inprobisatzen dituzte gitarraz lagunduta. Payadoreena kultura herrikoia da Argentinan, ezaguna, nahiz eta gazte gehienek, orain, rapa edo hip hopa aukeratzen duten inprobisatzeko. Dena den, hor daude tradizioa eta kultura”.

Argentinako iparraldean daude koplari gehienak, eta Euskal Herrira etorri arte ez zuen ezagutzen bere herrialdeko tradizio hori. “Orain dela gutxi ezagutu dut, eta izugarria da. Kaxa deitzen dioten egurrezko danbor moduko bat joz inprobisatzen dituzte koplak; oso polita da”. Koplariek “oso ezaugarri interesgarria” dutela azaldu du Scottek: “Urtean zehar ezberdinak izaten dira doinuak. Udan eta neguan ez da gauza bera entzuten. Udan azkarragoa da doinua, eta neguan, motelagoa, barrura begirakoa”.

Scotti asko gustatzen zaio bertsolariek tradizioa mantenduz gauzak berritzeko daukaten gaitasuna. “Oso gauza interesgarria da hori. Tradizioak hor jarraitzen du, baina, era berean, doinu, egitura eta forma berriak sartzen ari dira”. Argentinarraren hitzetan, hori “oso baliagarria” da ohitura bat urteetan mantentzeko. “Gazteen artean nabari da hori bereziki, eta izugarria da”. Alde horretatik, uste du Argentinan, agian, gauza batzuk berritu egin behar direla. “Hori bai, ni ez naiz payadorea, eta eurek ikusi beharko dute hori”.

Gertutik jarraitu zuen iazko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta bi saiotan izan zen: Leitzan jokatu zen final-laurdenean eta finalean. “Ikusgarria izan zen finala, esperientzia aparta. Sekulako giroa zegoen; asko gustatu zitzaidan”. Scottek azaldu duenez, Argentinan ez da egiten antzeko txapelketarik; bestelako norgehiagokak izaten dira han: “Inauterietan, adibidez, koplariek ikuskizunak egiten dituzte. Borobil batean elkartzen dira denak, eta batak besteari erantzuten dio. Kontrapuntu izena ematen diote ariketa horri”.

Argentinarrak ikasten jarraitu nahi du aurrerantzean ere: “Kultura, hizkuntza, bertsoak… gero eta gehiago ezagutzeko”. Haren hitzetan “izugarria” litzateke egunen batean bertsotan bat-batean aritzea: “Ametsa litzateke, baina euskara gehiago ikasi beharko nuke horretarako. Poliki-poliki joango gara, beraz”.

Ekarpenak (1)

  1. Beatriz Etchegaray(e)k dio:

    Eskerrik asko zure esperientzia konpartitzeagatik.
    Argentinako Patagoniatik, Viedmatik, agur bero bat.