Gaztetxeak plaza bihurtuta

Gaztetxeak plaza bihurtuta

Beñat Alberdi

Abian da XVI. Plazatik Gaztetxera txapelketa. Atzo egin zuten lehen saioa, Oñatin, eta gaur izango da bigarrena, Zestoan. Ondoren zain izango dituzte Soraluze, Itziar, Eibar eta Deba; Ondarroan (Bizkaia) jokatuko dute finala, maiatzaren 12an. Hamaika bertsolari, hainbat belaunaldi eta beste hainbeste saio bildu ditu txapelketak, hasierako oinarriak ahaztu gabe, hori bai.

“Bertsolaritza gazteei hurbiltzea zen hasierako helburuetako bat”, azaldu du Antton Aizpurua txapelketaren antolakuntzako kideak. “Eta non daude gazteak? Gaztetxean. Bihur dezagun, beraz, gaztetxea plaza. Hortik dator izena”. Xabier Urangari otu zitzaion gaztetxeena zela bertsoa belaunaldi berriengana gerturatzeko giltza. 2002an argi ikusi zuten oro har helduak zirela bertsolariak, baina baita bertsozaleak ere. Beste espazio bat eskainita, bertsoetarako zaletasuna sortu nahi zuten gazteengan. “Ingurukoak kantatzera joanez gero, ikustera joango zara zu, eta horrela sortzen da zaletasuna”.

Hala ere, helburu bakarra ez da gazteak bertsotara gerturatzea. Behin eskolarteko txapelketak igarota, saiorik gabe gelditzen diren gazteei plazak eskaintzea ere bada Plazatik Gaztetxera txapelketaren erronka. Egun bertsotan jarraitzen duten askoren lehen aukeretako bat izan zen; hala nola Uxue Alberdirena, Iñaki Gurrutxagarena eta Unai Muñoarena. Baita 2017ko Euskal Herriko Txapelketan pausoa eman duten hainbatena ere; Nerea Ibarzabalena, kasurako. “Saioak dituzten eta nolabaiteko maila duten bertsolariei ez deitzen saiatzen gara”, azaldu du Iñaki Markuleta antolakuntzako kideak. “Esaterako, Gipuzkoako Txapelketan ondo aritu direnei. Horiek jada lortu dute ikusgarritasuna”. Horixe izaten da filtroaren oinarria: ikusgarritasuna. Hau da, helburua bertsolari gazteei plaza eskaintzea izaki, hain ezagunak ez direnei deitzen diete lehendabizi. “Hala ere, zaila izaten da bertsolariak lotzea; askok ezin izaten dute parte hartu”.

Eskolarteko txapelketena izaten da gazteenen lehen etapa, eta sariketena bigarrena, herrialdeko txapelketetarako prestatzen hasteko. Gutxieneko ikusgarritasun bat behar izaten da, ordea, sariketetan parte hartzeko ere, eta Plazatik Gaztetxera txapelketak aukera eskaini nahi die zirkuitu horretan sartu ez direnei ere: “Badago sariketetan parte hartzen ez duen gazte multzo bat eskolartekoetan aritu ez arren nahikoa maila baduena”, azaldu du Aizpuruak. “Polita da horiei ere aukera ematea”.

Aurtengo saioei helduta, 24 bertsolarik parte hartuko dute guztira. Atzo aritu ziren kantuan Ander Lizarralde Pertzi, Gontzal Belategi, Alexander Idoeta, Odei Irigoien, Antton Aizpurua eta Urko Arregi; gaur, Zestoan ariko dira Manex Astigarraga, Aissa Intxausti, Mikel Iturriotz, Ane Peñagarikano, Lurdes Ondaro eta Beñat Torres; apirilaren 13an, Soraluzen ariko dira Ander Zulaika, Garazi Navarro, Jokin Bergara, Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Ane Beloki; eta hurrengo egunean, Itziarren, Oier Etxeberria, Aitor Zubikarai, Oihana Arana, Haizea Arana, Iker Apraiz eta Irati Alkantarillaren txanda izango da. Lau horiek izango dira final-laurdenak. Saio bakoitzetik hiru bertsolari sartuko dira finalerdietan. Apirilaren 27an jokatu da lehena, Eibarren, eta apirilaren 28an bigarrena, Deban. Maiatzaren 12an sei onenak Ondarroan elkartzea bakarrik geldituko da, eta orduan amaituko da txapelketa.

Bakarka ariko dira

Berritasun gisa, orain arte binaka parte hartzen zuten bertsolariek, baina aurten banaka ariko dira. “Presioa txikitu egiten zen binaka arituta, asko laguntzen ziotelako elkarri”, esan du Aizpuruak. “Banaka kantatzeak badauka arrisku bat: gaizki arituz gero, taulari bertigoa izatea”. Hasierako agurrak ere bakarkakoak izango dira aurten: “Binaka arituz gero, oso bertso gutxi kantatzen du bakoitzak. Goxokia eskaintzea baina jaten ez uztea da hori”. Egitura berriak probatzearen garrantzia azpimarratu dute biek ala biek. Aurtengo emaitzaren arabera erabakiko dute aurrerantzean nola antolatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.