Iktusa, bat-bateko gaitza

Iktusa, bat-bateko gaitza

A. Vierbücher

Adinean aurrera egin ahala, gero eta kezka handiagoa sortzen du bizi kalitatearen kontuak. Adin batera iritsita, gauzarik preziatuena bizitza bera dela jabetzen dira gehienak, baina, hain justu, bizi kalitate ona behar izaten da bizitzak eskaintzen duen horretaz gozatu ahal izateko. Norberak bere kabuz bizitzen jarraitzeko, lagunekin eta familiarekin gozatzen segitzeko, mendi buelta bat edo bueltaxka txiki bat emateko… Gozagarri den hori guztia egiteko garrantzi handia dauka norbera ondo egoteak.

Baina kasu guztietan ez da egoten norberaren esku bizi kalitate ona izatea, espero gabeko gaixotasunak iristen baitira sarri. Dena den, norberak ere badu egitekorik gaixotasunak izateko aukera ez ugaritzeko. Maite Martinez neurologoak (Ordizia, 1971) asko daki horri buruz. Ordiziaren 750. urteurrenaren harira, Osasun Zikloa antolatu zuten herrian, eta bi hitzaldi eman berri ditu Martinezek; iktusa zer den azaltzeko bata, eta gaur-gaurkoz dauden tratamenduen inguruan azalpenak emateko bestea. Gaiak erakarrita, herritar asko joan zen bi hitzordu horietara.

Donostia ospitalean lan egiten du Martinezek, iktusaren unitatean, eta eguneroko errealitate izaten du gaixotasun hori; hori jakinik, garrantzi handia eman dio “prebentzioari eta zahartzaro osasuntsuari”. Ordiziarraren hitzetan, garai batean “tronbosi, enbolia, infartu edo odoljario” gisa ezagutzen zen iktusa, eta, ondorioz, hitz horiek guztiak bere gain hartzen ditu gaur egun. “Jatorri baskularra duen burmuineko edozein gaixotasuni buruz hitz egiteko erabiltzen dugu iktusa”, azaldu du Martinezek. “Eta burmuinera odola garraiatzen duen arteria baten haustura edo itxituraren ondorio den edozein arazok eduki dezake jatorri baskularra”. Ezaugarri bat dauka iktusak: “Bat-batekoa dela”.

Egoki funtzionatzeko, burmuinak une oro odol jarioa behar izaten duela argitu du neurologoak. “Eta, alde horretatik, exigentzia handikoa da prozesua”. Odol jario hori etetearen ondorioz, iktusa jasaten duen pertsonak bat-batean galdu egiten du berez normal-normala den funtzioetako bat: “Normal hitz egiten zuena hitz egin ezinik gelditzen da, agian; edo normal ibiltzen zenak eskuinaldean indarra galtzen du bestela; gerta liteke bat-batean azala ez sentitzea edo ezer ez ikustea”. Bat-batekotasun horren eraginez da desberdina hasiera hori: egunerokoan normala den funtzioren baten galera da iktusa.

Lehen sintoma horiek agertzen direnean zer gertatzen ari den konturatzea, Martinezen hitzetan, gehienetan horixe izaten da zailena. “Jende askori kosta egiten zaio, oraindik, zer gertatzen ari zaion identifikatzea. Bihotzeko kasuetan, adibidez, ia gehienek badakite bularraldeko mina sentitzen dela; eta ikusmena galduz gero, baita katarata bat izan daitekeela ere”. Baina, neurologoak azaldu duenez, hain zuzen ere, hori da iktusa hain arriskutsu bihurtzen duen ezaugarria: “Identifikatzeko ez dela erraza izaten. Azken batean, indar galera guztiak ez dira iktusak, edo ikusmen galera guztiak ere ez dira iktusaren seinaleak”. Martinezek gaineratu duenez, neurria hartu behar zaio errealitateari. “Iktus kasu asko izaten da, eta kontu pixka batekin ibiltzea komeni da alarmarik ez sortzeko”.

Gehiegizko alarmarik ez

Urtero-urtero 1.700 iktus kasu berri izaten dira Gipuzkoan. Horregatik, “serio” landu beharreko gaia dela nabarmendu du Martinezek. “Dena den, oso beharrezkoa da jendea neurriz kanpo ez larritzea”. Hori dela eta, garrantzitsuena “informazio zehatza” ematea dela azpimarratu du, herritarren eskura “ahalik eta informazio gehiena” jarri, eta, inguruan iktus kasuren bat izanez gero, “eman beharreko pausoak lehenbailehen emateko”.

Horren harira, komunikabideetan iktusari buruz “kontu handiz” hitz egin beharra dagoela gaineratu du. “Komunikabideren batean albisteren bat publikatuz gero, hurrengo egunean gora egiten dute balizko iktus kasuek”. Neurologoaren hitzetan, jendea “beldurtu” egiten da jasotzen duen informazioarekin. “Eta iktusa dela uste izaten dute antzeko sintomaren bat nabaritzen dutenean”.

Gaixotasun asko egon daitezke hitz bakarraren atzean, eta askotarikoak izan daitezke arrisku faktoreak ere. Martinezek argitu duenez, “edonork” izan dezake iktusa. “Baina batzuek besteek baino aukera gehiago daukate; hainbat ezaugarrik areagotu egin dezakete, gainera, iktusa izateko aukera. Besteak beste, tentsio altua izateak, diabetikoa izateak, erretzaile izateak, sedentario izateak, drogak kontsumitzeak…”.

Alde horretatik, horiek saihesteko asmoz, ezinbestekoa da “prebentzio lana”, nahiz eta prebentzioarekin soilik ezin den saihestu gaitza. Esperientziaren izenean, norbera arriskuan jartzen duten faktoreak saihestea da onena. “Eta mezu hori helarazi behar diogu gizarteari. Horrelakoak ez gertatzeko, aukera gutxiago izatea da bidea; zahartzaro osasuntsua eta prebentzioa, horiek ditugu lehentasunak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.