Ixiar Garcia: “Kudeaketa lanak artista asko jan ditu”

Ixiar Garcia: “Kudeaketa lanak artista asko jan ditu”

Eider Goenaga Lizaso

Azaroaz geroztik Donostian martxan dagoen K-Bulegoko langilea da Ixiar Garcia (Errenteria, 1980). Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez sortua da, eta lurraldeko sortzaileentzako zerbitzua da. Arte Ederrak ikasi zituen Garciak, eta sormen artistikoa izan du bere ibilbide profesionalaren ardatza. Gustura dabil lan berrian, eta sortzaileei laguntzeak gogobete egiten duela aitortu du.

Zer da K-Bulegoa, eta zergatik sortu da?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu bat da K-Bulegoa. Aspaldi identifikatuta zegoen horrelako gune bat sortzeko beharra; administrazioaren eta herritarren, kasu honetan kultur sortzaileen, arteko distantzia txikitzeko.

Zer eskaintzen diozue gerturatzen zaizuenari?

Foru aldundiak dauzkan kultur baliabideen eta diru laguntza lerroen inguruko informazioa ematen zaie sortzaileei. Guretzat, oso garrantzitsua da saretzea; Gipuzkoan dagoen ehun hori identifikatu, eta haien arteko harremana sustatzea.

Maiz gertatzen da sortzaileek ez dakitela diru laguntzak jasotzeko aukera dutenik?

Askotan, bai. Batetik, ez dakite zer dagoen; baina, bestetik, diru laguntzak eskatzeko tramitazioak botatzen ditu atzera, konplexua eta astuna delako. Jendeak ahal duena egiten du kulturgintzaren prekaritate horretan, eta, askotan, diru laguntza eskaera egiteak sormen lanak baino denbora gehiago eskatzen die. Batek baino gehiagok esan digu behin eskatu zuela diru laguntza, baina ez duela berriro hortik pasatu nahi.

Tramitazio lanean laguntzea eta arintzea da, beraz, helburua?

Bai. Baina, aldi berean, zein behar, kezka eta eskaera dauden identifikatzeko ere balio du proiektu honek. Artistaren eta administrazioaren arteko bitartekaritza lan hori egiten dugu guk.

Lau hilabete ditu bulegoak. Argazki bat ateratzeko nahikoa?

Ari gara. Eurek esaten diguten guztia, dauzkaten kezkak eta gogoetak jasotzen ditugu guk. Aldi berean, Donostia2016k egindako sortzaileen mapa bat dugu esku artean, eta gure asmoa da, apiriletik aurrera, Gipuzkoako eskualde guztietatik pasatzea, proiektua aurkeztea, tokiko eragileak topatzea, kontaktuak egitea, gure laguntza eskaintzea, eta identifikatze lan sakonago bat egitea, mapa osatzen joateko.

Saretzeaz hitz egin duzu. Nola egiten duzue saretze hori?

Arlo berean edo antzeko gaiekin ari diren sortzaileei euren arteko kontaktua eta harremana errazten ari gara. Adibidez, lanketa klasikoagoak egiten dituzten hainbat artista etorri zaizkigu, eta testuinguru garaikidean euren lanari lekua egitea kostatzen zaiela esan digute. Hor badago aldarrikapen bat, eta hori jaso egiten dugu; baina, aldi berean, euren arteko zubiak eraikitzen saiatzen gara, elkar ezagut dezatela, parteka ditzatela beren hausnarketa komunak, eta has daitezela modu kolektiboan lanean, orain arte itxita sentitu dituzten ate horiek irekitzeko. Niretzat, oso interesgarria izaten ari da arlo hori. Hemen bertan egiten ditugu bilerak, bulegoan, eta harremana, bitartekaritza eta espazio bat izatea errazten diegu. Proiektuak izugarri aberasten dira horrelako mugimendu txiki batekin.

Sortzaile amateurrek, sorkuntza lanaz gain, beste jarduera bat izaten dute irauteko. Zein da horien egoera?

Kudeaketa izaten da sortzailearen zamarik edo lanik astunenetako bat. Kudeaketak jan egin ditu artista asko. Gu bezalako erakunde batek dezente erraztu diezaieke arlo hori. Bestalde, tramitazioaren inguruko zalantzekin etortzen dira askotan, baina proiektuaz hitz egiten bukatzen dugu. Guk konpainia egiten diegu bide horretan, eta laguntza hori oso ondo datorkie proiektua bera kontrastatzeko, definitzen laguntzeko, zabalpenerako moduak aztertzeko, erreferentziak emateko… Eta kontzeptualki ere bai batzuetan, zirikatu eta animatu egiten ditugu esperimentazioa egiteko. Horregatik, ez da informazioa emateko bulego bat bakarrik, beste mota bateko gunea da, eta horrek guri ere aukera ematen digu testuingurua sakonago ezagutzeko.

Orain arte zein dira gehien aipatu dituzten hutsuneak?

Sorkuntzarako espazioak falta dira. Asko aipatzen da, adibidez, Artelekuren falta. Izan ere, etxean aritzen da jende asko, oso baldintza txarretan aritzen dira sortzen, eta horrek asko mugatzen eta baldintzatzen du sorkuntza. Adibidez, pieza handiak egiten dituenak edo egin nahi dituenak, ez du izaten espazio egokirik. Arlo horretan, erakundeekin-eta kontaktuan gaude; udalek edo aldundiak berak dauzkaten azpiegiturek eman ditzaketen aukeren inguruan pentsatzen ari gara. Sorkuntza plastikoetarako espazioen falta, behintzat, oso argia ari da izaten.

Baloratuak eta kontuan hartuak sentitzen dira sortzaileak?

Oso esperientzia sakona da sortze prozesu batean barneratzea, gorabehera askokoa, eta bada garaia hori kontuan har dezagun. Zaindu beharreko prozesu bat da, sentsibilitate handikoa, eta testuinguru prekario batek sortzaileari eta sorkuntzari nola eragiten dion eta hori nola zaindu behar den ere aztertu behar da. Alde horretatik, garrantzitsua izan daiteke gure ekarpena, hemen gaudenok sorkuntzan aritu garelako, mundu hori nolakoa den ezagutzen dugulako, eta guretzat ere garrantzitsua delako zaintza hori.

Diru laguntzak modu egokian banatzen direla uste al dute sortzaileek?

Otsailaren 16an bulegoa ezagutarazteko jardunaldi bat egin genuen Donostian, eta horri buruz hitz egin genuen; agian, berriz hausnartu beharko litzateke diru laguntzen inguruan. Askotan, diru laguntzetara moldatzen ditugu proiektuak, eta horrek kalte egin diezaioke lanari; beste batzuetan, aldiz, interesgarria izan daiteke diru laguntzarako jartzen diren abiapuntu horiek kontuan hartzea. Iraunkortasun aldetik zer eragiten duten eta zer ez, zein mendekotasun eragiten duten, zer autonomia aukera uzten duten… Diziplina batzuetan, diru laguntzarik gabe, oso zaila da sortzea; beste batzuetan, berriz, errazagoa da profesionalizazioa. Horri buruz hitz egin behar dugu.

Nolakoa da sorkuntzaren egoera Gipuzkoan?

Aldaketa behar dela iruditzen zait. Sortzaileei halako ohitura edo inertzia batzuk sartu zaizkigula uste dut, eta horri erreparatu behar diogu. Ausardia berreskuratu behar dugu, bihurrikeria ere bai, artearen eta sorkuntzaren parte den esperimentazio hori galdu egin delako. Administrazioak ere aldatu egin beharko luke hainbat gauza egiteko modua, eta sortzaileei gauzak erraztu.

Sortzaileen aldetik, Gipuzkoa oso aberatsa eta plurala dela uste dut. Baina, aldi berean, oso kaltetuta eta ukituta dago sektorea. Entzute zintzo bat behar du kulturgintzak, profesionalki kontuan hartzea, gizarterako ekarpen garrantzitsu gisa ikustea. Balioa eman behar zaio sortzaileen lanari, baina sortzaileak berak ere behar du ahalduntze bat, bere jarduna balioan jartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.