“Afizioagatik ibiltzen gara”

“Afizioagatik ibiltzen gara”

Asier Imaz

Herri kiroletatik bizi ez den arren, herri kirolak barru-barrutik bizi ditu Joxe Anjel Sarasolak (Asteasu, 1964). Harri-jasotzaile gisa ibilbidea eginda, atzeko lanera igaro zen gero, mikrofonoari helduta. Pasioz bizi du egunerokoa.

Azkenaldian batean eta bestean zabiltza herri kirol jaialdietako esatari lanetan, Arria V.aren eta Vicenteren arteko apustuan azkenekoz.

Ahal den ondoen egiten saiatzen gara. Apustuetan, ordea, hizketarako kontu gutxi izaten da. Aurkezpen indartsu bat hasieran, jendea eurekin dagoela erakusteko, eta laguntza eman duten etxeen aipamen bat erdialdean. Bi aizkolariei animoak eman, bukatutakoan denborak esan…

Hala aritu zinen igandean Tolosan; apustua jokoan zenean ez zenuen eman erreferentziarik.

Apustuetan ez da gustukoa izaten abantailaz hitz egitea. Nahastu egin daitezke. Horregatik, ez dut aipatzen bati edo besteari zenbat egur falta zaizkion. Txapelketa batean bai, lan erdiak egin dituen edo ez esaten dut orduan, baina apustuetan ez. Aurrez esaten diet, gainera, eta, normala den bezala, hala egitea nahi izaten dute.

Musikarik ere ez duzu jartzen…

Ez. Apustuetan isilik! Bertako momentuak, bertako aizkorakadak, momentuko arnasaldiak, jendearen animoak eta oihuak…

Bitxikeriaren bat gertatuko zitzaizun esatari ibilbidean, ezta?

Beti izaten da deskuiduren bat edo, baina erraz pasatzen dira gureak; epaileenak okerragoak izaten dira. Gogoan dut behin, blokeatuta, zer esaten ari nintzen ahaztuta geratu nintzela. Aurkezpen bat zen, eta nire lagun bat gurpil aulkian ikusi nuen ikusleen artean. Zuri-zuri eginda geratu nintzen.

Istripua izan eta zuk jakin ez?

Ezbehar bat izan zuen, hanka puskatu edo. Baina plazara joan egin nahi zuen nolabait, eta aulki bat jarri zioten. Izugarrizko inpresioa egin zidan, eta ez zitzaidan ezer ateratzen. Jende guztia, berriz, niri begira…

Kirolariei adarra jo zalea ere bazara mikrofonoa eskuetan hartuta.

Ez dakit esatari lanak ondo egiten ditudan edo ez. Neronek ateratako ondorioak eta kontuak dira. Gure aurretik ere izan dira aurkezleak; Ziriako zen bat, Ermuko bat ere bai, oso modu berezian aritzen zena… Ikusiz eta ikasiz joan gara gu.

Egur Sport enpresako kidea ere gustura ibiltzen da lan horretan.

Luis Mari Bengoa da. Bakoitza geure eran ibiltzen gara. Nire kasuan, serio ibiltzen naiz txapelketetan eta apustuetan, gauza serioagoa delako. Baina festetan edo antzeko jaialdietan kontuan hartu behar izaten da jendea festan dabilela, eta giro onean dagoela bazkaldu eta gero. Adar jotze edo broma bat edo beste egiteko modua izaten da horrelakoetan.

Kontatu beharrekoa da Donato Larretxearen eta Arria V.aren arteko apustuaren amaieran gertatu zitzaizuna ere…

Nahiko apustu pikekoa zen. Jende asko itsutu zen aizkolariekin. Oso apustu estua izan zen; biak parean ibili ziren azken unera arte. Irabaztera etorri ziren biak.

Nafarra eta gipuzkoarra; horrek ere eragina izango zuen, ezta?

Bai, bai. Tentsioa zegoen; hasieratik nabarmen geratu zen hori. Apustu batzuek besteek baino indar handiagoa izaten dute, eta aizkolari batzuek badaukate berezitasun hori: tentsioa eramaten dute plazara. Larretxea da bat, eta Olasagasti bestea. Apustu horretan egurrak jartzeko momentutik nabari zen tentsioa.

Hori ona da, ezta?

Batzuentzat izango da ona. Olasagastik, adibidez, Rekondo, Irazu, Otaegi, Arria V.a… denei irabazi die, eta denetan jarri du tentsioa.

Ikusleek eta zaleek gogotik eskertzen dute tentsioa, erabat sartzen direlako apustuan.

Hori da. Ikusleak estimatu egiten du hori, eta jende gehiago etortzen da horrelakoetan. Arria V.a ere modu horretakoa dela esango nuke. Larretxearen aurkako apustua bukatzean ez zen amaitu tentsioa, eta bertso batzuk bota nahi zituela esan zidan Larretxearen aldeko gipuzkoar batek. Nik bukatua nuen lana, eta musika jarrita neukan. Mikrofonoa pasatu nion, eta orduan bota zuen Arria V.aren aurkako bertsoa.

Lehertzear izan zen giroa, ezta?

Oso gauza itsusia egin zuen nire ustez. Errespetua behar izaten da apustuak bukatu ondoren, eta hala gertatu zen aizkolarien artean. Baina beti tokatzen da xelebreren bat tartean. Ez dira gogoan hartzeko kontuak.

Esatari lanetan bakarrik ez, herri kirol jaialdiak antolatzen ere ibiltzen zara. Asteasun, Tolosan…

Tartean ibiltzen garenez, errazagoa zaigu erakustaldiak antolatzea. Guk jakiten dugu kirolariak zein mailatan dabiltzan, eta berdintasuna bilatu beharra izaten da erakustaldia polita izan dadin.

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua. Lokazti ederra.

Herri kirolekin zerbait egin nahi zutela esanez deitu zidaten. Mundu mailako ekitaldia zen, eta erakusleiho edo aukera gisa hartu nuen. Frantzian, Espainian, Katalunian nahiz beste edozein lekutan ez dagoen zerbait daukagula erakutsi nahi genuen. Aizkolariak, harri-jasotzaileak, harri-zulatzaileak… ideia asko genuen, baina erakutsi nahi genituen gauzak apartatzen hasi ziren pixkanaka. Berandu zen atzera egiteko, eta atera zena atera zen azkenean. Eskatutakoa bete genuen guk.

Ezer itxurazkorik ez zen izan, beraz…

Paripe bat izan zen. Edozeinek balio zuen edozein herri kiroletarako.

Esperientzia bat gehiago.

Esperientzia bezala polita izan zen. Tratua ona izan zen, eta ondo egiten saiatu ziren, baina ez zen izan guk uste genuena, ezta gutxiago ere. Dirurik ez zuten jaso etorri ziren herri kirolariek, eta ehun baino gehiago azaldu ziren, deitu nien guztiak. Argi gelditu zen gure borondatea.

1964an Asteasun sortua zara zu.

Tolosan jaio nintzen, baina hurrengo egunean etxera joango nintzen, Asteasura. Lehengoan batek hori esan zidan, kartzelara eramaten banaute “de Tolosa” jarriko dutela egunkarietan.

Asteasuarra zara, hala ere.

Peto-petoa. Bertan bizi izan naiz beti, eta asteasuarrok, gainera, harrotasun puntu hori badugula uste dut; nongoak garen esatekoak gara joaten garen leku guztietan. Lagunek, ospetsu bihurtu direnean, sekula ez dute ukatu Asteasukoak direla; Bernardo Atxagak, adibidez.

Joxe Irazu zuentzat.

Kosta egiten zait Bernardo Atxaga deitzea. Behin, Donostian, bost bat lagunekin zihoan bera, eta ondotik pasatutakoan “Aupa Joxe, zer moduz habil?”, esan nion. Segidan jiratu zen. “Asteasukoek bakarrik deitzen didate Joxe, eta herrikoren bat zela pentsatu dut”, esan zidan.

Sona lortu duen beste bat ere baduzue herrian…

Lehengoan ere Asteasuko kontuei buruz galdezka hasi zitzaizkion telebistan, eta malkoa ez zuen urruti izan. Aitarekin udaletxe aurrean nola egon ziren eta horrelakoak esaten hasi zitzaizkion Julen Lopetegiri. “Eso tocarlo con mucho cuidado, eso es Asteasu“, esan zien berak emozioz beterik [Horri buruz kontuz aritu, Asteasu da eta]. Oso lagun mina dut.

Idazleak, futbolariak… Baina Asteasuk, batez ere, herri kirolekin du lotura.

Jokin Alkizalete bakarrik geratzen zaigu orain, baina oparoa izan zen nire aurreko belaunaldia. Sei-zortzi harri-jasotzaile genituen, eta baita segalariak ere.

Segalarietako bat, gainera, izan den handienetakoa.

[Juan Jose] Irazusta izan zen handiena. Urte askoan izan zen txapeldun, nagusitasun handiarekin. Mutil txikia izan arren, nola egiten zuen segan! Benetako segalaria zen, peto-petoa. Korrika ere ibili zen, baina ikaragarria zen segan; aurkaririk gabe geratu zen.

Zu 1990ean hasi zinen harri-jasotzen. Berandu, ezta?

Oso berandu, 26-27 urterekin. Herriko festetan ibiltzen nintzen harriekin, baina Iñaki Gorostidi adunarrarengana joan nintzen gero ikastera. 125 kiloko harria jasoz hasi nintzen. Pare bat saio ikusiak nituen aurretik, Amezketan horietako bat, eta hor piztu zitzaidan harra.

Albizuri Harriari begira?

Nire aita zenarekin joan nintzen Amezketara. Aitak han lanean ari zirenei nolako meritua ematen zien entzun ondoren, prestatuz gero nik ere jasoko nukeela esan nion. Gogoan dut nolako begirada bota zidan.

Zer esan zizun?

“Hasi beharko duk parranda gutxiago egiten”. Handik gutxira, Goenatxo I.ari omenaldia egin zioten Azpeitian, eta ikustera joan ginen. 200 kiloko harriarekin aritu ziren, eta Joseba Ostolazak, adibidez, 16 urterekin jaso zuen. Goenatxo anaiak, Saralegi, Perurena, Gibitegi… Han ziren denak.

Urrezko urteak ziren haiek.

Oparoenetakoak. 200 kilokoa jasotzeko gai nintzela pentsatu nuen orduan ere, eta han animatu nintzen. Festetan saltsan ibiltzetik ikastera pasatu nintzen, astean bi edo hiru egunetan entrenatuz. 1994an jaso nuen 200 kilokoa, Asteasun, eta 1996an, Albizuri Harria jaso nuen Amezketan.

Aitak ikusi al zuen?

Ez. Bi hilabete lehenago hil zitzaidan. Pena handia izan zen.

Garai hartan izango ziren bidaiak eta abenturak, ezta?

Bidaiena izan da harri-jasotzeak eman didan gauzarik politena. Australian hilabete osoa nola pasatu genuen; Marseillan, Munduko Gizonik Indartsuenak txapelketako zortzi egun zoragarriak…

Eta Arria V.arekin egindako bi eguneko bidaia hura ere bai…

Iñaki Aierbe ataundarra ere gurekin zen. Huelvara [Espainia] joan ginen, Santio Egunean. Fiestas Colombinas deitzen zieten han, eta izugarrizko beroa egiten zuen. Gauez izaten zen festa. Aste bukaerarako joan ginen, baina zortzi egun pasatu genituen azkenean. Haiek aizkoran eta ni harriarekin erakustaldiak eskainiz aritu ginen, gauero-gauero. 150 kilokoa esku bakarrarekin jasotzen nuen, eta munduko marka ondu nuela ematen zuen. Oso ondo hartu gintuzten. Hura astea bota genuena!

Noiz bukatu zen zure harri-jasotzaile ibilbidea?

2000. urtean. Hamar urtez ariko nintzela esan nuen, eta hala egin nuen. Lesio asko izaten nuen azkenaldian, eta ez nengoen jarraitzeko moduan. Horrelakoak gertatzen zaizkigu berandu hasitakoei. Goiz hasi zirenek irauten dute hemen: Ostolaza, Perurena, Izeta, Goenatxo…

Zuk badaukazu umetan hastea komeni dela dioen teoria bat.

Zenbat urtera arte aritzen dira futbolean edo txirrindularitzan? Eta zenbat ebakuntza izaten dituzte bidean? Herri kiroletan, 50 urterekin harria jasotzen ikusi dugu Iñaki Perurena; Goenatxo ere bai; Izeta; Ostolaza gazteagoa da, baina hura ere hor dabil… Eta zer esan aizkoran. Olasagasti, Larretxea, Mindegia, Arrospide… Ikustekoa da nola dauden. Polemika sortu zen Aimar Irigoien umetan harriarekin ikusi zutenean, baina argi gelditu da fisikoki ez duela izan inongo kalterik. Besteek baino gehiago ez, behintzat. Umetan hasitakoek irauten dute gehien.

Zure garaitik gaur egunera, emakumeen rola aldatuko zen gehien herri kiroletan, ezta?

Lehen ere baziren. Hor ibiltzen zen, adibidez, Kristina Saralegi. Azpeitiko beste bat ere bazen Idoia Etxeberriaren aurretik; Mari Jose Sardon eta beste bakan batzuk ere bai. Trontzan ere baziren emakumeak, ingudearekin ere bai, sokatiran… Segan beranduxeago hasi ziren, eta Almitzak lan handia egin du hor. Aizkoran orain lortu dute maila bat, baina ezina dago. Ez dira azaltzen guk nahiko genukeen bezala. Segan saiatu ziren, baina txapelketak ezin antolatuz dabiltza, Alatzne Etxaburua ia bakarrik geratu delako. Irati Astondoak jarraitu zion, baina ez dago segidarik.

Dagoena baino gehiago saltzen da, beraz?

Orain badirela esaten du jendeak, baina engainatzea da hori. Lan gehiago egin beharra dagoela uste dut emakumea herri kirol munduan ibiltzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.