Artista txikiak ereiteko lekua

Unai Zubeldia

Arantzazuko basilika XX. mendeko monumentu artistiko garrantzitsuenetakoa da”. Baina pena bat dauka Juan Biainek, Arantzazu Gaur fundazioko kudeaketa arduradunak: “Gipuzkoarrok ez garela konturatzen horretaz, eta ezezagun samarra dela askorentzat. Bertan eduki arren, herritar askok ez dute ezagutzen oraindik, baina atzerriko gero eta jende gehiago etortzen da gurera”. Horren jakitun, Arantzazu Gaur fundazioak eta Jorge Oteiza Fundazio-Museoak Arantzan-Zu? arkitektura lantegia antolatu dute elkarlanean, etxeko txikienen bidez eraikuntzaren errealitatea hobeto barneratzen laguntzeko. 6 eta 11 urte arteko haurrentzat da lantegi eskaintza, “nahiz eta aukera badagoen zaharxeagoren batek ere izena emateko”.

Bihar egingo dute lehenengo lantegia, Oñatin, Arantzazun bertan, 10:30etik 13:30era, eta apirilaren 28an izango da bigarrena, ordu berean. Oraindik ere irekita dago izena emateko epea —hogei lagunentzat dago lekua gehienez—; info@arantzazugandiaga.com helbidera mezua bidali behar da horretarako, edo 943 71 65 75 edo 662 18 13 53 telefono zenbakietara deitu; haur bakoitzak hiru euro ordaindu beharko ditu lantegian parte hartzeko. Donostiako Maushaus estudioak emango du ikastaroa. “Eta gurasorik ez da izango hiru ordu horietan”, zehaztu du Biainek. “Gurasoek 10:30ean utzi beharko dituzte haurrak Gandiaga topagunean, eta amaieran sartu ahal izango dira lantegian, haurrek eurek konta diezaieten lantegian zer egin duten”. Biainek onartu duenez, “oso polita” izaten da momentu hori. “Azken finean gurasoek seme-alaben bidez ikusten baitituzte ordura arte ikusi gabeko hainbat gauza”.

2011n Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio-Museoan eskaini zuten tailerra, Nafarroan, eta, Arantzazu Gaur fundazioaren ekimenez, 2013an Arantzazura eraman zuten eskaintza, Maushausekin elkarlanean. “Izen handiko artistek parte hartu zuten basilikaren eraikuntzan, eta abstrakzioari edo arte modernoari lekua egin zioten, berezko ezaugarriak errespetatuz, noski”. Aberastasun horren jakitun, artista bakoitzaren lantegi bereziak egin izan dituzte azken urteotan.

Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek, eta Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Lucio Muñoz, Xavier Alvarez de Eulate eta Xabier Egaña artistek elkarlanean egin zuten Arantzazuko basilika. “Eta gaztetxoei lan hori guztia ezagutaraztea da gure helburua”, zehaztu du Juan Biainek, Arantzazu Gaur fundazioko kideak.

Alvarez de Eulateri buruzko Eulate, Argi Handi bat! lantegia egin zuten 2014an; Basterretxeari buruzko Fabulous Basterretxea 2015ean; Muñoz oinarri hartuta, Lucio Bikaina! lantegia 2016an; eta Txillidaren Burdinezko Eguzkia tailerra iaz, Txillidari buruz. “Ziklo horri berriz ekiteko momentu ona dela iruditu zaigu aurten, neska-mutikoak ere urteak betetzen ari direlako, eta berriek ere ezagutu nahi dituztelako. Ondorioz, lantegiarekin hasiko gara berriz ere”.

Elkarlana oinarri hartuta

10:30ean elkartu, eta proiekzio batekin egingo diete harrera haurrei, “testuingurura egokitzeko”. Basilikara bisita egingo dute jarraian, oinez. “Maushaus estudioko arduradunek hainbat azalpen emango dizkiete, artea eta arkitektura kontuan hartuta basilikak dauzkan ezaugarri esanguratsuenak azalduz”. Jarraian, Gandiaga topagunean hamaiketakoa egingo dute, eta lan praktikoari ekingo diote gero. “Hiru multzotan banatuko ditugu haurrak: arkitekto lanetan ariko dira batzuk, eta maketa osatzen lagunduko dute; eskultoreak izango dira beste batzuk, eta Oteizaren apostoluak, ateak eta gainerakoak egingo dituzte; eta pintoreen multzoa izango da hirugarrena”. Muñoz eta Basterretxearen lana gauzatuko dute, batik bat.

Hiru multzotan lanean aritu arren, haurrak berehala ohartuko dira elkarrengana bildu beharra izango dutela proiektuaren osotasunari aurre egiteko. “11:30etik 13:30era buru-belarri lanean ariko dira haurrak, eta bateratu egin beharko dituzte diziplina horiek guztiak”. Goiz osoko plana eginda, lantegiak artista txikien sorleku izan nahiko luke. Nagusiekin ere egiten dituzte bisitak Arantzazun. “Baina batzuetan ez dugu lortzen hainbesteko arrakastarik; umeek beste begirada bat daukate “. Bi lantegiekin, pasio hori ereiten saiatuko dira Arantzazun.