Alicia Sornosa: “Etiopiak ez du inor hotzepel uzten; ni ez, behintzat”

Alicia Sornosa: “Etiopiak ez du inor hotzepel uzten; ni ez, behintzat”

Eider Goenaga Lizaso

Intxaurrondoko (Donostia) Larrotxene kultur etxean izan zen Alicia Sornosa (Madril, 1973) astelehenean. 2011-2013 artean munduari bira eman zion motorrean, eta esperientzia hari buruz hitz egin zuen bildutakoekin; bizipenak, elkartasun proiektuak, motorraren mundua… Bidaia hartan oinarrituta, Aventura en India y Nepal (Abentura Indian eta Nepalen) dokumentala egin zuen Sornosak, eta horren proiekzioa izan zen hitzaldiaren aurretik.

Afrikatik itzuli berria zara, ezta?

Duela hamar egun. Etiopiatik Hegoafrikara, 15.000 kilometro egin ditut motorrean. Tartean, Amigos de Silva gobernuz kanpoko erakundearentzat 5.000 euro biltzea lortu dut, eta haiekin aritu naiz Etiopian ur putzuak zulatzen.

Munduari bira eman zenion bidaiaz aritu zara Donostian. Noiz eta nola sortu zen ideia?

2011ko irailean, lagun batek eskatu zidan bere bidaiari buruzko komunikazioa eramateko, bideoak eta argazkiak… Lau hilabete egin nituen harekin. Bakarrik segitu nuen gero. 2013ko apirilean itzuli nintzen, urte eta erdian kontinente guztietan egon ostean.

Nondik nora izan zen bidaia?

Hauxe izan zen bidaia: Espainia, Italia, Egipto, Sudan, Etiopia, Kenya, India, Singapur, Australia eta Tasmania, AEBak, Alaska, Kanada, AEBak berriro, Mexiko, Guatemala, Nikaragua, El Salvador, Costa Rica, Panama, Puerto Rico, Kolonbia, Ekuador, Peru, Txile, Argentina —Ushuaiaraino—, Uruguai… eta handik etxera. Sei hilabete baino gutxiagoan berriro joan nintzen Hego Amerikara.

Denetik pasatuko da halako bidaia batean… Asko aldatu behar izaten duzu bidaia plana?

Nondik aterako naizen eta nora iritsiko naizen erabakitzen dut beti, baina ibilbidea aldatuz joaten da; meteorologia, tokian tokiko gatazkak, gehiago erakartzen nauen edo aholkatu didaten beste toki batera joateko gogoa… Dena alda daiteke egun batetik bestera.

Zure bidaiak, ordea, ez dira plazer bidaia hutsak. Elkartasun proiektuek pisu handia dute.

Noski. Niretzat hutsala da elkartasun proiekturik gabeko bidaia bat. Aukera aprobetxatu behar da, eta bidaiaren berri izaten ari diren guztien parte hartzea eta ekarpena lortzen saiatzen naiz, beharra duten tokietan laguntzeko. India eta Nepalera egin nuen bidaian, adibidez, oso gustura gelditu nintzen. Nepalen, lurrikarak herrialdea nola utzi zuen ikusi ostean, eta TVE nire bidaiari buruzko erreportajea egiten ari zela baliatuta, diru bilketa egin genuen. Izugarria izan zen; hango kulturan murgildu eta Petit Mon GKEarekin lanean aritu nintzen. 6.000 euro lortu genituen astebetean.

Zure bidaietan, non ikusi duzu egoerarik makurrena?

Zalantzarik gabe, beti Afrikan. Haien baliabideak ahitu ditugu, haien lurraldeak zatitu ditugu, herri osoak lekualdatzera behartu… Lehorte latzak dituzte, eta indarkeria eta gerra nonahi; kontinente izugarri gogorra da. Etiopiak, adibidez, ez du inor hotzepel uzten; ni ez, behintzat.

Emakume bat, motorrean, bakarrik. Harridura sortuko zenuen.

Beti hartu naute ondo, baina, bai, gehienetan harrituta begiratzen zaituzte; zaila egiten zaie sinistea emakume bat gai dela hainbeste orduz halako motor pisutsu bat gidatzeko. Bakarrik joateak ere harritzen ditu.

Ezberdinak dira bidaia hura egin aurreko Alicia eta egungoa?

Oso. Egunero pentsatzen dut nolako zortea dudan, adibidez, kanila ireki eta ur beroa ateratzen delako, familia gertu dudalako… finean, alde honetan jaio naizelako, benetako sufrimendurik gabe, gose edo hotzik pasatu gabe, sukarragatik hiltzeko arriskurik gabe. Soilagoa naiz orain, eta ez hain materialista. Erlatibizatzen eta egunero pozik sentitzen ikasi dut. Zorteko sentitzen naiz bidaiatuz eta idatziz bizi naitekeelako.

Eleberri bat idatzi zenuen. 360 grados. Una mujer, una moto y el Mundo (360 gradu. Emakume bat, motor bat eta Mundua).

Bigarren edizioa atera dugu, eta oso gustura nago. Elkar dendetan dago salgai. Sofia nire alter ego-a da, eta haren bizi ibilbidea kontatzen du; gizonak nagusi diren mundu batean halako erronka bati aurre egitearen zailtasunak, beldur eta desioak, pasioa, maitasuna eta laguntasuna… Jendea bigarren atala eskatzen ari zait.

Zer du motorrean bidaiatzeak? Aholkatuko zenuke?

Dudarik gabe. Errepideak amaitzen diren tokira eramaten zaitu motorrak, baita asfaltorik gabeko bideetara ere. Kontaktua zuzena da: hotza, hautsa, beroa, euria, lokatza… Naturarekin kontaktuan zaude, eta igarotzen dituzun tokiak usaindu egiten dituzu. Berehala lortzen duzu iristen zaren tokikoekin harremana egitea, eta halako miresmen bat sortzen du, jakin-mina… Perfektua da!

Motorraren munduan aritzen zara kazetari, gizonen munduan, batik bat. Inoiz sentitu zara gutxietsia emakume izateagatik?

18 urte nituenetik ari naiz honetan lanean, kazetari, eta inoiz ez naiz sentitu gutxietsia. Inori galdetu gabe, nire eskubideak neure egin ditudalako izan dela uste dut. Bat gehiago naiz. Egia da noizbait gehiago ahalegindu eta hobeto egin behar izan dudala, baina indartsuago eta seguruago egin nau horrek.

Zein duzu hurrengo proiektua?

Hamar egun baino ez dira iritsi naizela! Lan egin behar dut orain; hitzaldiak ematen ditut, motor bidaiak antolatu eta idatzi… Bigarren eleberriari heldu behar diot. Bidaiei erreparatuta, Hego Amerikara itzuli nahi dut, eta Asia hego-ekialdean ere barneratu nahiko nuke. Baina ikusiko dugu: dena alda daiteke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.