Kalea oztopo bihurtuta

Kalea oztopo bihurtuta

Unai Zubeldia

Etxeko lanak eginda iritsi da Juan Mari Urruzola. “Atzo bi aldiz sartu nintzen autobus geltokian, eta Anoeta inguruan ere ibili nintzen paseoan; kolpe handia hartu nuen belaunean lanen eraginez jarrita dauzkaten euskarrietako batekin”. Jaio zenetik dauzka ikusmen arazoak errenteriarrak, nahiz eta gurasoak 4 urterekin jabetu ziren horretaz, eta 19 urterekin gelditu zen ia itsu. “Arrastoren bat ikusten dut oraindik”, zehaztu du, baina bastoia behar izaten du mugitzeko. “Hori bai, ahal dudan bitartean nire autonomia aldarrikatuko dut nik”.

ONCE itsuei eta ikusmen urritasun larriko pertsonei gizarte zerbitzuak eskaintzen dizkien erakundearen Donostiako egoitzan sartzerako, tabernan zain dago Ana Isabel Mujika. Etzanda dago txakurra, lasai ederrean, zain. “Trenean etortzen naiz normalean”. Renfeko erabiltzailea da idiazabaldarra. “Baina autoz ekarri naute gaur”. Mujikak istripua izan zuen 21 urte zeuzkala, eta orduan gelditu zen itsu. Bastoiarekin ibili zen hasieran, eta urtebete darama txakurrarekin. “Egokitzen ari da oraindik”, zehaztu du Iñigo Arbiza ONCEko Komunikazio buruak. “Prozesu bat eskatzen duelako horrek; edonor ez da gai txakurrarekin ibiltzeko”.

Munduan 45 milioi pertsona baino gehiago dira itsuak, eta 135 milioi inguruk daukate ikusmen urritasun larria. Horietako bi dira Urruzola eta Mujika. Arrasate eta Etxaide kaleek bat egiten duten gunean hitzordua jarrita, Askatasunaren Hiribidera lehen pausoak ematerako nabarmen gelditu da egunerokoan jasan behar izaten dutena. ONCEren eraikinaren aurrealdea berritzen ari dira, eta aldamioak jarrita dauzkate kanpoan. “Babesik gabe jarri zituzten hasieran”, hasi du azalpena Juanjo San Sebastianek, ONCEko Errehabilitazio teknikariak. “Eta berehala neurriak hartzeko eskatu genien; hori koloreko babesak jartzeko edo den-dena kentzeko”. Inguru hori ondo babestuta daukate gaur egun.

Mujikari txakurrak lagundu dio San Martzial kalera iritsi aurretik dagoen aldamioari iskin egiten, eta bastoiarekin arazo handirik gabe moldatu da Urruzola ere. Bidegurutzean ezkerrera hartuta hasi dira komeriak: beste aldamio bat, kale erdian aparkatuta dagoen furgoneta bat, zuhaitzaren kontra utzitako bi bizikleta, bolardoak eta denden atarian dauden loreontziak eta kartelak. Kale horretan zamalanak baimenduta daude 12:00ak arte, eta mugimendu handia nabari da.

Behealdean daude oztoporik gehienak. “Eta txakurrak ondo ikusten ditu horiek guztiak”, zehaztu du Mujikak. “Baina toldoekin, zuhaitzen adarrekin eta gainerakoekin arazoak izaten ditut, txakurrak ez dituelako nabaritzen”. Kalean aurrera eginda, ukiturik txikiena nahikoa da ezinegona edo izua sentitzeko. Bergara kaleraino iritsita, zain gelditu dira Mujika eta txakurra, zailtasun gehixeago izaten ari delako Urruzola. Hori bai, erritmo bizi-bizia jarrita doa aurrera. Arbustoarekin beldurtu da lehenengo, eta furgonetarekin eta aldamioarekin gero. Antifaza jantzita, nabarmena da aldamioetan sortzen den iluntasuna. “Hori koloreko babesek lagundu egiten diete zer edo zer ikusten dutenei, baina arriskutsuak izaten dira horrelako guneak”, azaldu du San Sebastianek.

Semafororik gabeko bidegurutzera iritsi dira Mujika eta Urruzola, eta aurrera egiteko bidea aurkitu ezinik dabiltza. Eskuinera egin beharra dago zebra-bidea aurkitu ahal izateko, baina, inork abisurik eman ezean, ezinezkoa da halakorik egiterik. Zebra-bidean zain geldituta, bi auto ziztu bizian igaro dira, Mujikari eta Urruzolari jaramonik egin gabe. Hirugarrena gelditu da. Bilbo plazara arteko bidea egin dute Getaria kalea hartuta, eta, oso gune zabala izaki, ez dute izan arazo handirik. Hori bai, itsuentzat oztopo saihetsezinak dira ezkerraldeko dendaren kanpoaldean dauden kaxa, aldapatxo eta aulkiak. “Irisgarritasun legeak argi azaltzen du jatetxeen mahaiek eta gainerakoek gutxienez metro eta erdiko tartea utzi beharra daukatela eraikinaren aurrealdearen eta mahaien artean”, azaldu du Errehabilitazio teknikariak. “Baina inork ez du betetzen lege hori; ez mahaiekin, ez landare ontziekin, ez barrikekin…”. Bidegorriekin ere arazo asko izaten dute itsuek. “Bertan sartzen dira konturatu ere egin gabe. Itsuentzat oso arriskutsuak dira oinezkoentzat eta bizikletentzat maila berean kokatuta dauden guneak”.

San Martin kalera iritsita, semaforoa berdean jarri zain gelditu dira biak —bidegurutzeetan espaloiak jaitsita egoten dira normalean, eta sistema podotaktila edukitzen dute; lurreko koska borobilak—. “Urrutiko kontrolagailu bat ematen diegu ONCEra etortzen direnean, eta, horri esker, semaforoak soinu bidez abisatzen die kalea noiz pasa dezaketen”. Horri esker, arazorik gabe igaro dute San Martin kalea, baina sistemak kale egin du Prim eta Valentin Olano kaleek bat egiten duten gunean. “Hori da arazoa”, zehaztu du San Sebastianek. “Semaforoetan sistema jarri bai, baina askok ez dutela funtzionatzen; mantentze lanak dira arazoa”.

Nola lagundu, ordea, itsuari? “Beldurtu egiten dira asko”, onartu du Mujikak. “Baina erraza da: laguntza behar ote dugun galdetu lehenengo, eta besoa eskaini. Utzi itsuari besotik heltzen, eta pauso bat aurretik jarri, erreferentziaren bat izan dezagun”. Bitxikerien zakuan bila hasita, autobusera igo da idiazabaldarra, barrez. “Norbaitek autobusera igotzen lagundu, eta gertatu izan zait hutsik dagoen eserlekuan eseri beharrean, norbaiten gainean esertzea”. Lekuren batera nondik joaten den galdetuta, berriz, askok “handik” erantzuten dietela azaldu du, eskuarekin keinua eginez. “Baina ezin jakin handik nondik den!”. Gazteenen alde, hala ere, Urruzolak azpimarratu du “laguntzeko borondate handia” izaten dutela “ia beti”.

Maria Cristina zubia igaro, Egia auzora joateko tunelean sartu, eta eskuinean dago autobus geltoki berria. Mujikak lehen aldia du bertan —txakurrak ere bai—, baina eroso samar jaitsi ditu eskailerak, nondik jaitsi behar duen azalduta, noski, ez baitago audio bidezko laguntzarik, eta alfonbra handi bat baitago lurrean, sistema podotaktilari trabak jarrita. Eskailerak amaitutakoan hasi dira komeriak. Hogei bat metro eskuinera egin beharra dago itsuek gunearen mapa uki dezaten; tabernara joateko argibiderik ez dago; pantaila bat jaitsita bai, baina ez dago eskuragarri ikusmen urritasuna dutenentzat; txartela erosteko makinek ahots mezurik ez daukate; igogailuak izkina-izkinan daude, eta ezinezkoa da itsuek euren kabuz soilik kalera arteko bidea egitea…

Errepidera zuzenean

Eta, behin igogailutik Federico Garcia Lorca kalera irtenda, lurreko markei segituz gero, errepidearen erdi-erdira iritsiko dira itsuak. “Ez dauka zentzurik; akats asko dauzka eraikinak”. Erakundeekin elkarlanean aritzen da ONCE halakorik gerta ez dadin. “Baina eraikin berriek hasieratik izan beharko lukete irisgarriak, legeak eta logikak hala agintzen dutelako”. Irisgarritasun arloan “mugitzeko arazoak dauzkaten pertsonekin” gogoratzen direla azpimarratu du Arbizak. “Baina zer gertatzen da itsuekin edo gorrekin? Ahaztu egiten dituzte beti”. Goiz bateko pasadizoak izan dira guztiak, itsuen egun arrunt baten adibideetako batzuk. Argi gelditu da oso gutxirekin asko erraztuko litzatekeela itsuen egunerokoa. “Baina borondatea izatea da gakoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.