Munillak blokeatuta nauka

Leire Narbaiza

Munillak blokeatuta nauka Twitterren. Duela hilabete batzuk konturatu nintzen, kasualitatez. Txiolari lagun batzuekin komentatu, eta euretako batzuek ere hala zeudela aditzera eman zidaten. Kontua da blokeatutako kide horiek ez diogula inoiz berbarik egin gizon horri, eta normalean blokeatzearena txio gurutzaketa baten ostean izaten da.

[Sare sozial hori erabiltzen edota ezagutzen ez duzuenoi oharra: Twitterren blokeatzearena neurri latza izaten da ia beti, egiten zaiona jazartzen duen jendeari, iraintzen duenari, trolei, jasan ezinak direnei… Blokeatzearen ondorioz, blokeatuak ezin ditu blokeatzailearen mezuak ikusi. Zigor moduko bat ere badela esan genezake, kokoteraino gaudenean egiten dena soilik].

Sareko lagunok barrezka jardun genuen. Arduratzen ez bagintuen ere, sekulako harridura sortu zigula esan nezake. Dena den, barreak egin ostean, buelta batzuk eman nizkion kontuari, eta iruditu zitzaidan Munilla oso kristau txarra zela, ez zuelako ebanjelioetan dioena betetzen. Izan ere, bataiatutako pertsona naiz; beraz, katolikoa Elizaren begietan, inoiz ez baitute inor borratzen, apostasia egin arren. Kontuan izan, euren zerrendetan agertzen garen guztiok zenbatu, eta kopuru horrekin presioa egiten dietela gobernuei. Hori horrela, ikuspuntu horretatik begiratuta, bera nire gotzaina da, gipuzkoarra naizelako. Horregatik, nola baztertu du elizakide bat? Zer dela eta? Ez dut esan, baina hori guztiori greba feminista baino lehenago izan zen, bere adierazpen deabruzko horiek baino askoz lehenago, alegia.

Ziur naiz blokeatu ninduenean sumatuko zuela nire profilean (eta lagunenean) demonioaren sufre usaina. Bekatari zantzuak ere ikusiko zizkigun. Horretara, eta betiere bere ikuspegitik, ardi galduak gara, bide okerretik joan direnak. Seguru nago ondotxo ezagutuko duela apaiz horrek ardi galduaren parabola, zeinak dioen artzain onari ardi bakar bat galtzen bazaio, artaldea laga, eta desagertutako horren bila joango dela; izan ere, ardi galdu horrek artalde osoak baino gehiago balio du. Kasu honetan gu ardi galduak (ejem), bera artzaina; beraz, gu blokeatuta bere harrokeria eta lan txarra baino ez du erakusten.

Baina jokaera horrek ezin gaitu harritu. Eliza katolikoaren hierarkiako kide nahikotxok erakusten dute txakur amorratuaren jarrera hori. Latza egingo zaie boterea galtzea, euren ideiak ezin inposatu, eta konturatzea gero eta jende gutxiagok egiten diela jaramon, gero eta pisu gutxiago dutela gizartean. Ahaleginak ahalegin, ez dute lortzen berreskuratzea beste erregimen batzuetan izan zuten itzala, zorionez.

Horregatik, gustuko ez dutena gaitzetsi behar dute gizon hierarka horiek. Munillak berak esan zuen deabrua emakume feministen artean dagoela, eta gaineratu feminismo ona eta txarra daudela. Bitartean, guk deabrua bere aurpegian ikusten dugu, eta Pierre de Lancreren jarraitzaile modernotzat ere jo genezake, XVII. mendean Lapurdin jardun zuen inkisidorearen oinordeko. Hark 200 bat lagun, ia denak emakumeak, sorgintzat hartu, zigortu eta hil zituen. Munillak ezin du halakorik egin, baina hitz eta ekintza horiekin kondenatu gaitu. 400 urte pasatu arren, gauza batzuk ez dira aldatzen!

Leave a Reply

Your email address will not be published.