Aiztondo, bailara solidarioa

Jon Miranda

Negu Gorriak taldeak Chaquito kantua jaso zuen duela 25 urte Borreroak baditu milaka aurpegi diskoan, El Salvadorren armadaren eta gerrillaren arteko gudan besamotz gelditu zen mutiko bati eskainitako abestia. Hain justu, urte hartan, 1993an, El Salvadorko Segundo Montes komunitatearekin senidetzea erabaki zuen Zizurkilek; Morazan departamenduan, Meanguera eskualdean dago komunitate hori. Gerora, ekimenarekin bat egin zuten Aiztondoko gainerako udalerriek: Villabona-Amasak, Asteasuk, Adunak eta Larraulek, eta urtero, maiatzean, txandaka, Senidetze Eguna ospatzen dute herri horietan. Berezia izango da aurtengoa, 25 urteren ondoren proiektua sortu zen herrira itzuliko baita Senidetze Eguna, Zizurkilera.

Mikel Arrastoa Zizurkilgo alkate zen 1993an —Euskal Fondoko lehendakariordea da egun—: “Euskal Fondoaren bitartez, El Salvadorren gauzatzen ari ziren proiektu batzuk ikustera joan ginen. Harrera bikaina egin ziguten Segundo Montesen; kantuan eta musika joz hartu gintuzten. Ondoren, Euskal Herrian barrena bira bat egitera ekarri genituen, eta handik sortu zen senidetzea”. Lehen harremana egin zutenerako, erbestetik bueltan ziren Segundo Montes komunitateko herritarrak. 1980ko hamarkadan El Salvadorko gerra zibilak eragindako errepresiotik ihesi, Honduras hegoaldean, Colomoncaguan babestea erabaki zuten 8.000 herritar inguruk. Bederatzi urte iraun zuen erbestealdiak, harik eta 1989an euren jatorrira itzultzea erabaki zuten arte. Ez ziren edonola itzuli, ordea: erbestean bizitako elkartasun eta berdintasun esperientzia hartu zuten oinarri hutsetik abiatuta El Salvadorren etorkizuna eraikitzeko.

Segundo Montes jesuitak miresmenez ezagutu zuen komunitateak Colomoncaguan egindako lana, eta babestu egin zuen haiek itzultzeko hartu zuten erabakia. Itzuleraren aurretik hala hitz egin zien komunitateko kideei: “Erabaki heldua da, ondo pentsatutakoa eta egokia. Zailtasun handiak izango dituzue El Salvadorren, baina hemen ere, erbestean, zailtasunak izan dituzue. Erantzukizun handia daukazue, El Salvadorri bake eredu bat eskain diezaiokezuelako; elkartasunean oinarritutako eredu ekonomiko berri bat. Herri honek etorkizunik izatekotan, bide horretatik izango du”. Jose Simeon Cañas UCA unibertsitateko Soziologia departamenduko burua zen Montes, eta gerraren eraginez desplazatutako herritarrekin egin zuen lan, bereziki, Giza Eskubideen Institutuan. Ez zioten barkatu, ordea. 1989ko azaroaren 16an erail zuten, beste zazpi lagunekin batera, San Salvadorren. Handik bi egunera Colomoncaguatik itzultzeari ekin zioten erbesteratuek, oinez, eta, behin Morazanen sartuta, komunitateari Segundo Montes izena jartzea erabaki zuten, babestu zituen jesuita hil berria gogoan hartuta.

Garapena eta kooperazioa

Elkartasuna ardatz hartuta Euskal Herriko 114 tokiko erakunde biltzen dituen elkartea da Euskal Fondoa, eta garapena eta justizia eraikitzeko nazioarteko lankidetzarako tresnak eskaintzen dizkie udalerriei. El Salvadorrera itzuli zirenean, erbesteratuek ezer ez zegoen tokian sortu behar izan zuten komunitatea, eta, neurri handi batean, Euskal Herritik eta Aiztondo bailaratik emandako laguntzari esker egin ahal izan zuten aurrera. “Oinarrizko azpiegiturak, hezkuntza eta etxebizitza hornidurak eraikitzen lagundu zien Euskal Fondoak, eta guk, Aiztondotik, ikasketak egin nahi zituzten gazteei lagundu diegu”, azaldu du Arrastoak. Azken urteotan hezkuntzaren alorrean egin dute ahaleginik handiena. 2011 inguruan sortu zuten goi mailako ikasketak egin ahal izateko Teknologia Institutua. “Catalina Montes Segundo Montesen arreba zenak bultzatuta, neurri handi batean”.

Azken bost urteotan Aiztondo bailaran izan dira institutu horretan ikasten ari diren ikasleak, eta hainbat alorretako praktikak egin ahal izan dituzte Euskal Herrian. Ostalaritza eta turismo, ingeniaritza eta arkitektura ikasketak egiten ari diren ikasleak izan dira Euskal Herrian, eta Segundo Montes komunitateko bekadun bat ere etorriko da aurten. Ez da izango gonbidatu bakarra, hala ere: “Institutuko zuzendaria eta sukaldaritza arloko irakasle bat ere izango dira gure artean, eta baita komunitatearen parte den herri horietako bateko alkatea ere”.

Maiatzaren 26an ospatuko dute Senidetze Eguna Zizurkilen, eta El Salvadortik etorriko diren ordezkariak presente egongo dira senidetzearen 25. urteurrena ospatzeko. Bertan izango dira Llado Herrialde Katalanetako herriko ordezkariak ere, 2014tik Gironako herri horrekin senidetuta baitago Zizurkil. Bi urtez behin egiten diote bisita elkarri, eta aurten, beraz, El Salvadorrek, Herrialde Katalanek eta Euskal Herriak bat egingo dute Zizurkilen.

Maiatzaren 29an, bestalde, literaturaren inguruko tertulia antolatuko dute Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian, eta Laura esaten zioten (Txalaparta, 2016) liburua aztertuko dute bertan. Leire Ibarguren azpeitiarrak idatzitakoa da, eta Miren Odriozolaren borroka kontatzen du lanak; gerrillaren ondoan El Salvadorren igarotako urteak aipatzen ditu, besteak beste. Zizurkilen izango dira idazlea bera eta liburuaren protagonista.

“Uztailak 26 kanpamendutik herrira. Gora gerrilla! Gora bakea! Jada etxean gara! FMLN!” esanez bukatu zuen Negu Gorriak taldeak Chaquito kantua. Erbestean bezala etxean, ondo antolatutako eta irudimenez betetako komunitateari gorazarre egiteko aukera izango da maiatzean Zizurkilen.