Ni joaterako, bera beti bueltan

Danel Agirre

Erretiroa hartu eta astebeterako ikasi zuen aitak sarera irteten, inoren laguntzarik gabe. Sekula ordenagailurik ukitu gabea zen, eta apartatu berri nuen moteldutako bat eman genion, nola pizten zen soilik erakutsita. Egun gutxiren buruan ulertezina zitzaion zerbait zegoela aipatu zidan, eta ikastaro ezin nekosoago bat eman beharko nion ikarak hartu ninduen. Bere galderarekin, ordea, flipa eginda geratu nintzen: “Aizu, eta Interneten dabiltzan guztiak zergatik dira argentinarrak?”.

Errekien eta parrilen teoriko burutsua da aita —beste askoren artean—, eta haragizaleen foroetan denbora gehiegi pasatzeagatik atera zuen ondorio mamitsu hori. Sarri errepikatu ohi izan diot gero, orduko hartan bife eta choripan-en sekretu guztiak ikastearekin konformatu balitz, askoz baretuago biziko litzatekeela egun. Izan ere, bigarren asterako konfidentzial politiko espainiarrak topatu zituen. Bere umoreak nabarmen egin zuen okerrera aurrerantzean.

Aitaren ahal dudan antzik handiena izatea da bizitzan dudan egitasmo bakarra. Urteak dira nire gorputzak proiektua bere egin eta laguntzen ari zaidala. Zangoetan nuen bilo ia guztia erori zait dagoeneko, adibidez, eta prakamotzak jantzitakoan nire zainzuriek harenak bezain barregarriak dirudite, kontatu nizun hori ere. Eta bere obsesioek niri eragiten didate, oraindik oso ongi ulertu ez dudan mekanismo batekin. Azkenaldian, erlaxatu nahi dudan bakoitzean Instagram zabaltzen dut. Txingarretan kiskaltzen ari diren txuleta eta saltxitxen erretratu eta bideoak ikusi, eta pilatesaren moduko efektua izaten dute nigan —pilatesik sekula egin gabe diot hori, baina ulertzen da—.

Beganoa izan ninteke gainera, irudiek ez dutelako nigan saiheski kiloa irensteko irrikarik pizten. Piezari buelta emandakoan azalak karmin-kolore eder hori hartu duela egiaztatzearekin nahikoa dut, dopaminaren txutea jasotzeko. Steakvideos eta bbqandbottles dira logaritmoak behin eta berriz eskaintzen dizkidan erabiltzaile kutunenak, baina askoz gehiago daude. Besterik ez dut aplikazioan: ikatza, sua, okelak eta txerrikumeak. Bueno, eta sugeek eta kaimanek beldurtutako Floridako golf-jokalariak. Koitadu horien estualdien klipek ere eguna konpontzen didate.

Merezi duen sare sozial bakarra da Instagram. Iruzkinak egiteko aukera ezabatuko balute, perfektua litzateke. Steakvideos-ek jarritakoei lagatzen dizkieten komentarioek krispazioa baino ez dute eransten. Horrela jakin ahal izan dut konfidentzial politiko espainiarren bigarren aste horretan ez, lehenengoan mikaztu zitzaiola aldartea aitari. Parrilen teoriko burutsuak dira argentinarrak ere, eta argentinar batentzat beti daude errekiak gordinegi. Guztiek sentitzen dute egosketa-puntuari buruzko iritzia idatziz jasotzearen bulkada geldiezina, eta kasketaldiekin flipa eginda geratzen naiz ni. “Behiaren muuuuuu entzuten da oraindik” da sarri errepikatu ohi den letania bat.

Bideokonferentzia egin berri dit aitak Getariara doan pasealekutik. Itsasoa erakutsi nahi zidan, baina kamera kontrako norabidean zeukan, eta bere lepoaren lehen plano luze batekin konformatu behar izan dut. Instagramen egin ditudan aurkikuntza guztien berri ematekotan egon naiz, steakvideos eta bbqandbottles gustuko izango lituzkeelako akaso. Baina ez diot txintik esan. Ezer ez dut nik aitari irakasteko. Internet argentinarrez josita dagoela ni baino sei bat urte lehenago ohartu zen, urrutira joan gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.