Elkartasunari mugarik jarri gabe

Elkartasunari mugarik jarri gabe

Unai Zubeldia

Irribarreak salatu du Markel Uzkiano. Bihurrikeria eta lotsa elkarren ondoan jarrita, gustura dago argazkilariari begira. Batera jira, bestera bira… Gehiegi ere ez da estutu emozioaren eraginez buruan kolpe handi samarra hartu duenean. Hamabost bat lagun dauzka berari begira, eta gustura dago protagonista bihurtuta. 7 urte dauzka andoaindarrak, eta garuneko paralisia dauka. Gurpil aulkia baliatzen du mugitzeko, eta mugatuta dauzka autonomia eta psikomotrizitatea. “Hori bai, oso mutiko aktiboa da”, zehaztu du Eli Garagarza laguntzaileak. “Nahiz eta gauza asko landu beharra dauzkan koordinazioa hobetzeko”. Bizitzak jarri dizkion mugei begietara begiratuta, Uzkianok berak aitortu du zein dituen plazeretako bi: “Futbola eta surfa”.

Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko ikaslea da Uzkiano, eta bi aldeak elkarren laguntzaile fidel bihurtu dira azkenaldian. Mertxe Zapiain ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, eurek betidanik eduki izan dute erronka gisa ikasle guztien integrazioa. “Benetako integrazioa, ordea. Helburua ez da ikasleak ikasgelan elkarrekin edukitzea, ekintzetan guztiek maila berean parte hartzea baizik”. Neurri horri esker, behar bereziak dituzten ikasleei laguntzeaz gain, gainerako ikasleek ere asko ikasten dutela azpimarratu du zuzendariak. Jolasgaraian-eta saiatzen dira guztiak elkarren ondoan ibiltzen. “Normaltasuna bultzatuz”. Eta, Ethazi programa baliatuta, pauso bat gehiago eman dute ikasturte honetan. “Ikasleek erronka bati heltzen diote programa horretan; informazioa bilatu, metodologia jakin bat landu eta produktu bat sortzen dute amaieran”.

Hala egin dute Markel Uzkianoren lau oinetan ibiltzeko gailuarekin —triziklo berezi bat ere egin zioten duela bizpahiru urte—. “Markel bera ezagutzea izan zen lehen pausoa”, zehaztu du Irene Fuentes La Salle Berrozpe ikastetxeko Soldatze heziketa zikloko lehen ikasturteko ikasleak. Hori izan da proiektuaren sekretuetako bat. “Gailua Markelentzat egiten ari ginela barneratzea”. Garun paralisia zer den, zer ondorio dituen, Uzkianok egunerokoa nola bizi duen… Hori guztia landu zuten gailua egiten hasi aurretik. “Eta horrek asko lagundu digu proiektuarekin bat egiten”.

Prozesua, ikasleen esku

Urko Queralt ikasleak aitortu du hasieran ez zekitela Uzkianok zein behar zeuzkan. “Baina, elkar ezagutu ondoren, erakargarria izan da prozesua. Taldean lan egiten ikasi dugu, eta beste errealitate batzuk ezagutzen. Polita da Markelentzat baliagarria den zerbait egin dugula ikustea”. Merkatuan badaude horrelako gailuak, Alemanian eta AEBetan, baina 6.000 euro inguru balio dute. Euren baliabideekin antzeko emaitza lortu dute La Salle Berrozpen, eta familiari emango diote, gainera, gailua, Uzkianok egunerokoan balia dezan. Aitor Ibarguren soldatze zikloko irakasleak zehaztu duenez, proiektua lehen unetik “erabat zabalik” utzi zieten ikasleei. “Guk ez genuen mugatu. Informazioa euren eskura jarri genuen, zeuden aukerak jakinarazi genizkien, eta bere diseinua egin zuen talde bakoitzak”. Lehen eta bigarren mailako ikasleak elkartuta, sei-zortzi talde osatu, eta produktua ontzen saiatu ziren denak. “Bakoitzaren ezaugarriak aztertu, eta Markelen beharretara ondoen egokitzen zena aukeratu genuen azkenean”, azaldu du Fuentesek. “Eta hori hobetzen ari gara ordutik”.

Uzkianoren gorputzera zehatz egokitu beharra daukatelako gailua. “Gutxi gorabeherako pisua, neurriak… dena nahiko zehatz jakin beharra geneukala esan genien hasieratik, gailua gerora baliagarria izan zedin”. Ibargurenek gaineratu duenez, proiektua ez dago itxita oraindik. “Alde guztiak elkarrekin harremanetan gaude une oro, egon litekeen aurrerapenik txikienarekin gailua hobetu ahal izateko. Prototipo bat da hau”. Eurentzat ere “gauza berria” dela azpimarratu du irakasleak. “Eta denok ari gara ikasten proiektu honi esker”. Iban Arozena irakaslearen hitzetan ere “praktikotasuna” izan da arrakastaren gakoa. “Ez dugu egin 2030ean Txinan gauzatuko den zerbait. Gaur eta hemen aplikatuko da ikasleek sortu dutena”. Mikel Adrian irakasleak ere parte hartu du proiektuan Ibarguren eta Arozenarekin batera.

Proiektuak ikasleengan sortu zuen irrikaren erakusgarri, Aitor Azurmendi La Salle Berrozpeko Lehen Hezkuntzako arduradunak ostiral batean deitu zien hiru irakasleei, eta astelehenerako baiezkoa eman zioten, “beste proiektu bati” ekitekoak ziren arren. Uzkiano gaixotu zelako bakarrik atzeratu zuten proiektua astebete. Behin lanean hasita, berriz, bi aste soilik behar izan zituzten gailua sortzeko. “Ilusioz gainezka aritu gara lanean, gauza berria, aberasgarria, erreala eta praktikoa delako guretzat ere”.

Aspaceren gela egonkorra

Azurmendik azaldu duenez, heziketa prozesuan, askotan, ez da erraza izaten Uzkianoren gisako neska-mutikoekin nola jokatu asmatzea. “Adinean aurrera egin ahala, errazagoa izaten da gure hezkuntza sistemaren barruan jarraitzeko moduko baldintzak dituen edo beste hezkuntza sistemaren bat behar duen ikustea”. Baina lehen urteetan zalantza asko izaten da neska-mutiko horien kasuan. Uzkianori dagokionez, La Salle Berrozpeko ikaslea da egun. “Eta ikasgela arruntean egoten da ordu batzuetan, Eliren laguntzarekin betiere”. Horrez gain, Aspaceren programan ere parte hartzen du andoaindarrak. “Beste ikasgela batean”.

Alde horretatik, Aspacek proposamena egin zion La Salle Berrozperi euren gela egonkor bat sortzea beharrezkoa zela esanez. “Ez genuen asko pentsatu behar izan, fisikoki bageneukalako nahikoa leku eta gure filosofiarekin bat egiten zuelako”. Gaur-gaurkoz, bost ikasle daude Aspaceren gela egonkorrean. “Garun paralisi gogorrekoak”. Eta etengabeko dinamikak sortzen saiatzen dira gainerako ikasgelekin. “Ikasgela arruntetako erreferentziak izaten dituzte beti, eta elkarrekin egiten dituzte ekintzak. Horrek erabat normalizatzen du egoera”. Aspaceren filosofiari segika, Zapiainek zehaztu du beste gela egonkor bat ere badaukatela ikastetxean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. “Gautenakoa”. Autismoaren Gipuzkoako Elkartearekin elkarlanean sortutakoa. “Helburu berberak dauzkate bi proiektuek”.

Elkartasunaren eta inplikazioaren bidetik, pausorik txikiena ere erraldoi bihurtzen da askotan, eta, La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasle eta irakasleen laguntzarekin, Uzkiano pauso sendoak ematen ari da bizitza proiektuan. “Gailu honek ez dio lagunduko ibiltzen bakarrik; hobeto idazten lagunduko dio, irakurtzen, arropa janzten, bere kasa jaten…”, zehaztu du Garagarzak. Bizitzari aurre egiten, alegia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.