Urteurrenean, aurrera begira

Eider Goenaga Lizaso

Duela 75 urteko urrian, 1943-1944ko ikasturtean, 60 ikaslek eman zuten izena Arrasateko Eskola Profesionalean. Egun, urtero, 2.000 ikasle igarotzen dira Mondragon Goi Eskola Politeknikotik (MGEP). 75 urteko ibilbide oparoa egin du eskolak, eta urteurreneko ospakizunetan murgilduta daude. Maiatzaren 18an egingo dute ekitaldi nagusia, Donostian, Kursaal jauregian. “Ez gara gu oso ospakizun zale, baina ospatu beharra dago”, azaldu du Carlos Garcia MGEPeko koordinatzaileak. Halere, gaineratu du, ospakizunei begira baino gehiago, etorkizuneko erronkei begira ari direla lanean.

Aurrera egiteko, ordea, ezinbestekoa da atzera begiratzea; eta xede horrekin, 75 urte Jakintza sustatuz. Etorkizuna eraikitzen liburua kaleratu du MGEPek. Bertan, Jose Maria Arizmendiarrietari, Eskola Profesionala sortu zuenari, aipamen berezia egiten zaio, euskal kooperatibagintzaren aita izandakoari. “Hezkuntza helduleku natural eta ezinbestekoa da ordena sozial, humano eta justu berri bat sustatzeko”, esan zuen Arizmendiarrietak Eskola Profesionalaren sorreraren ingurumarian, eta MGEPentzat esaldi horren balioak gaur egungoak ere badirela azaldu du Garciak.

Eskolak berak landatu zuen kooperatibagintzaren lehen hazia. Izan ere, 1947an hasi ziren ingeniaritzako lehen ikasleak bertan ikasten. Zaragozako Unibertsitatean matrikulatu ziren, baina Arrasaten jaso zituzten eskolak, eta 1952an, lehen promozioan, hamabi ikaslek lortu zuten titulua. Haietako bostek ULGOR (abizenen akronimoa da) sortu zuten, gerora Fagor izango zena, MCC kooperatibaren lehenengo harria.

Oraina

75 urte geroago, Mondragon Unibertsitatea osatu zuten hiru unibertsitate zentroetako bat da MGEP, Enpresagintza eta Huhezi-rekin batera. 1997an izan zen bat egitea. MGEPen gaur egungo argazkia egiteko garaian, datuak baliatu ditu zentroko koordinatzaileak. Sortu zenetik, MGEPek 10.700 tituludun trebatu ditu unibertsitate ikasketa ofizialetan, 191 doktore, 23.650 tituludun lanbide heziketan eta 1.800 profesional titulu propioetan —masterrak, aditu ikastaroak eta abar—.

Arrasaten dago egoitza nagusia, eta bertan egiten da MGEPen jarduera osoaren %80; baina campusak ditu Ordizian (Goierriko Lanbide Eskola) eta Hernanin ere (Orona-Ideo berrikuntza poloa). Ingeniaritzako bederatzi gradu, sei master, doktoretza programa bat eta goi mailako sei prestakuntza ziklo eskaintzen ditu. Urtero, 2.000 gazte baino gehiago aritzen dira MGEPeko ingeniaritzetan eta ikasketa teknikoetan; aurten, 321 aritu dira prestakuntza zikloetan, 1.363 ingeniaritza graduetan, 268 masterretan eta 105 doktoretzan. Titulua eskuratzen dutenen %94,2k lana lortzen dutela gaineratu du MGEPeko koordinatzaileak; horietatik %97k, ikasitako lanbidearekin lotuta.

Eskola politeknikoan trebakuntza jasotzen duten beste 3.000 profesional inguru gehitu behar zaizkie ikasle horiei. “Enpresetatik datozen langile aktiboak dira, hainbat arlotan trebatzera datozenak, bai antolakuntza edo informazio sistemen arloan, bai goi espezializazio arloan… Egun edo goiz bateko formazioetatik hasi eta urte eta erdiko formazioetara jasotzen dute”.

Datuekin jarraituta, gipuzkoarrak dira ikasleen %50 inguru, eta beste erdiak, batik bat, Araba eta Bizkaikoak. Gradu ikasketei dagokienez, ikasle guztiak dira euskaradunak, eduki guztien %60 inguru euskaraz ematen baitira, %20 ingelesez eta beste %20 gazteleraz. Masterretan euskara desagertu egiten da, erdia eta erdia ematen baitira, gazteleraz eta ingelesez. Horietan aldatu egiten da ikasleen jatorria ere.

Eskolaren xedea

“Uste dut gure helburua zein den azaltzea dela eskola zer den esplikatzeko modu onena, eta, gure jardueretatik abiatuta, gizartea eraldatzea da helburua; formazioa eskaintzea, ezagutza sortzea, enpresei ezagutza hori transferitzea eta sustapena, horiek dira gure jarduerak”, azaldu du Garciak. Unibertsitatea “gizarte hobe, justuago eta orekatuagoa izateko bitartekoa” dela nabarmendu du.

Formazioa ulertzeko modu propioa dutela dio, halaber, MGEPeko koordinatzaileak. “Formazio praktiko eta aktiboa sustatzen dugu, eta eredu propioa garatu dugu, lana eta ikasketak aldizkatzen dituen sistema dual baten bidez. 1966an, Alecop kooperatibaren bidez jarri zen martxan sistema hori, non ikasleei lana ematen zitzaien ikasten jarraitzeko. Gaur egun, asko garatu dugu sistema hori, eta gure 800 ikaslek modu horretan egiten dituzte ikasketak, bai graduetan eta bai masterretan”. Enpresentzat zein ikasleentzat onuragarria dela nabarmendu du. “Egun, 270 enpresarekin baino gehiagorekin lan egiten dugu, eta, hainbeste urteko esperientziaren ondoren, enpresek ikusi dute merezi duela denbora bat inbertitzea ikaslea trebatzen, lanean hasten direnean lurreratzea leunagoa eta azkarragoa delako”. Enpresan hanka bat sartzeko modua da ikasleentzat.

Etorkizuna

Urteurrena, baina, etorkizunari indar handiagorekin aurre egiteko baliatu nahi du MGEPek, eta bi ildo estrategiko nagusi zehaztu ditu Garciak: hezkuntza eredu aktiboagoa eta enpresekin harreman estuagoa. “Gure hezkuntza ereduan beste jauzi bat egin nahi dugu, eredu aktiboagoen bila”. 2000. urtean egin zuten horren aldeko apustua, Mendeberri programarekin. “Ildo horretan erreferenteak gara, baina harago joan gaitezkeela uste dugu. Modu horretan ikaslearen motibazioa eta inplikazioa areagotzen dira, eta gehiago ikastea lortzen da, gehiago ikastea eta ikasten ikastea”.

Enpresekiko harremanei dagokienez, tokiko enpresei zerbitzu hobea ematea dute xede. “Argi dugu enpresek aterako diotela probetxua gure lanari. Teknologian oinarrituta, beraien lehiakortasuna hobetzea da gure helburua, eta eskaintza integralagoa eskaini nahi diegu”. Ezagutza sortu, ikertu, enpresei teknologia transferitu eta profesionalak trebatu, hori baino gehiago egin nahi dute. “Lagundu egin nahi diegu beraien estrategia teknologikoa zehazteko garaian”. Dagoeneko ari dira hainbat enpresarekin.