“68 urte eta auto-stopean ibili behar izatea ere…”

“68 urte eta auto-stopean ibili behar izatea ere…”

E. Goenaga Lizaso

Dozena erdi bat emakume daude zain Santa Klarako autobus geltokian. 14:35ean etorriko da Berastegirako autobusa, eta ez dago besterik 20:30 arte. Tolosa eta Berastegi artean hamahiru joan-etorri egiten ditu autobusak astegunetan; grebaren ondorioz, lau baino ez. Erabiltzaileak kexatu egiten dira, haserre daude eta konponbidea nahi dute. “Gutxienez eser daitezela eta saia daitezela konpontzen”, dio Axun Nazabalek.

10:00etako autobusean jaisten da, normalki, Tolosara. “Orain 07:20an hartu behar dut autobusa, 15:00ak arte ez baitago gehiago. Baina, zer egingo dut ordu horretan Tolosan?”. Maiz joan behar izaten du, medikutara, masajistarengana, dentistarengana… “Eta alabei umeekin laguntzera ere bai. Altzon bizi da bat, eta Itsasondon, bestea. Lehen ondo moldatzen nintzen; orain, ezinezkoa da”. Autoz jaisten duten herrikideak baditu, baina inor ez duenean… “Gaur auto-stopean jaitsi naiz. 68 urte eta auto-stopean ibili behar izatea ere… Lotsagarria”.

Maiz deitu du Nazabalek Tolosaldea Bus enpresara, kexatzera, eta Gipuzkoako Foru Aldundira ere bai. Baina erantzunik ez horietan: ulertzen dutela kexa, baina ez dagoela beraien esku, pasatuko diotela kexa dagokionari. Haren ustez, erabiltzaileek sufritzen dutena ez zaie interesatzen agintariei, “bestela, egingo zuten zerbait”. “Hau oso luze doa. Besteen baldintzak berdintzea baino ez dute eskatzen gidariek, baina eseri ere ez omen dira egin”.

Jende asko, jaitsi ere ez

Lanerako behar du autobusa Eustakia Lizartzak. 58 urte ditu eta adineko emakume bat zaintzen du Tolosan; senarrak jaisten du Berastegitik. “07:20koan jaisten nintzen hasieran, baina ordubete egin behar izaten nuen kalean”. Itzuleran ere arazoak ditu. “Korrika ibili behar izaten dut, baina batzuetan ez naiz iristen, eta auto-stopean igotzen naiz halakoetan”. Lizartzak goizez egiten du lan, baina Tolosara enkargutara jaisteko ohitura ere bazuen. “Orain jada ez. Eta okerrena da lehen Tolosara egunero joaten zen adineko jende asko dagoela Berastegin; orain ezin dute herritik atera”.

Gazteak ere badaude autobusean, ikastetxetik etxera bueltan doazenak. 17-18 urte inguru dituzte, eta eskola ordutegia betetzeko arazorik ez dute, horretarako moldatu baitituzte gutxieneko zerbitzuak. Eskolaz kanpoko jardueretarako, ordea, bai. Julen Garaiburuk pilotan jokatzen du, eta astean hirutan du entrenamendua. “Lehen nire kabuz mugitzen nintzen, baina orain gurasoek etorri behar dute bila. Beste gauza batzuetara ere jaisten ginen Tolosara, baina orain ez gara jaisten”. Naitze Garaiburu dago aldamenean eserita, eta hark partikularrera joateko erabiltzen zuen autobusa. “Eta parrandarako ere bai; baina orain gaueko autobusik ez dago. Amari edo ahizpari eskatzen diet, edo taxian”. Gazteak zain daudela diote, ea zer gertatzen den. “Deitzekotan ere egon ginen, baina zeozertarako balioko al du?”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.