Hiribuseko gatazka, konpontzear

Tolosako Hiribuseko langileak greban daude —Tolosaldea Busek kudeatzen du hori ere—, baina auzi hori laster konpontzea espero du Olatz Peon Tolosako alkateak. Emakida amaitu egin da, eta Tolosaldea Bus ez da aurkeztu lehiaketa publikora. “Urtebeteko esleipen bat da, tarteko esleipen bat, emakida luzeago bat eman baino lehen. Enpresa bakarra aurkeztu da eta berak eraman du”, azaldu du Peonek. “Nik uste dut ekainean martxan egongo dela berriro Hiribusa”. Langileekin izandako arazoak saihestea helburu, pleguetan hainbat baldintza sartu dituztela azaldu du alkateak, eta agindu du udala gainean egongo dela baldintzak bete daitezen.

Tolosaldea Buseko grebari buruz, kezka agertu du. “Kezka, batez ere, herritarrei eragiten dien kalteagatik. Horregatik saiatu naiz nire esku dagoen guztia egiten, nahiz eta hor Tolosako Udalak ez duen eskumenik”. Langileekin behin baino gehiagotan egon dela, haiek esandakoa jaso duela eta informazioa Marisol Garmendia diputatuari helarazi diola azaldu du Peonek. Enpresa eta langileak akordio batera iristea desio duela dio, eta horretarako eseri egin behar direla.