Historiaren hutsune moreak

Historiaren hutsune moreak

Beñat Alberdi

Historia garaileek edo boterea daukatenek idazten omen dute. Zapalduen edo garaituen bertsioa oro har ez da izaten liburuak idazteko arrazoia. Horren adibide da historiako pertsona esanguratsuen artean emakumeek daukaten presentzia eskasa. Dena den, historia irauli nahi izan dute Arrasateko Emakumeen Asanbladako kide izandakoek eta egun Pottogorri emakume feministen asanblada osatzen dutenek. Arrasateko ibilbide feminista antolatu dute horretarako. Herriko bost gune aukeratu dituzte ibilaldirako, eta lekuetako bakoitza Arrasateren historian emakumeek izan duten garrantziaren erakusle da.

“Askotan huts egiten dugu belaunaldien arteko informazio transmisioan”, nabarmendu du Julia Monge ibilbidearen sustatzaileak. “Askotan pentsatzen dugu zerotik hasten dugula borroka. Aurrekoak zeintzuk izan diren kontatzeko balio izango digu ibilaldiak”.

HEZKUNTZA IRAULTZAILEAK
AHAZTUTAKO IZENA

Erdigunerako sarreretako bat da ibilbidearen lehenengo gunea: Portaloia. Antzinako arkua mantentzen du oraindik, baina hark baino garrantzi handiagoa dauka aldamenean dagoen plakak; Teresa Garcia maistra eta Felix Arano maisua gogoratzen ditu, eta Mongek berak plaka hori zein garrantzitsua den azaldu du. Arrasateko hezkuntzan izugarrizko eragina izan zuten biek XIX. mende amaieratik 1936ko estatu kolpera arte. Baina historiak berriz ere bazterrean utzi zuen emakumea.

Garai hartan, Garcia Altsasun zebilen irakasle lanetan, baina Pedro Biterik Arrasaten eskola bat zabaldu zuela jakin zuen. Are gehiago, garai hartarako hezkuntza iraultzailea erabiltzen zutela ikusi zuen: “Bereizi egin zituzten eliza eta hezkuntza”, azaldu du Mongek. Horrez gain, bestelako balioak erantsi zizkieten eskolari. “Askatasuna eta errespetua landu zituzten”, azaldu du sustatzaileak. “Ahotsa eman zieten ikasleei, hainbat eta hainbat arazotan zuzeneko demokrazia eginez”. Biteri eskolak garrantzi handia dauka Arrasateren historian, baina Garciak orain artean ez du lortu merezi zuen tokirik. “Eskola oso presente egon da beti, bai, baina Felix Aranorekin lotuta”.

GARBITOKIEN
BESTE IKUSPEGI BAT

Arbolapeta dute bigarren geltokia. Rosa Urzelaik hartu du hitza: “Arrasatek zeuzkan hainbat garbitokietako bat dago hemen”. Hainbat zeuden herrian, baina egun galduta daude gehienak. Bota egin zituzten, edo mantenurik gabe utzi. “Toki horiek ahaztu edo hondatu izanak erakusten du zenbateko garrantzia eman izan zaion emakumeek egindako lanari”. Hala ere, Urzelaik bestelako ikuspuntu bat eman die garbiketa lanei: “Ez ziren lanerako tokiak bakarrik; garbitoki publiko hauek informazioa eta jakintza transmititzeko toki garrantzitsuak ziren”. Emakumeak elkarrekin egoteko gune bilakatu ziren. “Eta inguru hauetan egin zituzten Arrasateko lehenengo jardunaldi feministak”.

UDALA BAHITU ZUTENEKOA

80ko hamarkadan, hainbat herritan zabaldu zituzten Osasun eta Familia Plangintza zentroak. Emakumeentzako zerbitzua zen, ginekologia arloko minbiziak aurretiaz antzemateko, besteak beste. Garai hartako emakumeen asanbladak zentro bat sortzeko plana jarri zuen martxan, baina ez zen gauzatu espero bezala. Esther Mendiaratzek eman du horren berri, gertaeren tokian bertan: udaletxe aurrean. Batzordeak batzarra egiteko eskatu zion Udalari, proposamena egin eta nola gauzatu nahi zuten azaltzeko. Udalak, ordea, ez zien egunik zehazten, eta, egoera aztertuta, udalbatzarra “bahitzea” erabaki zuten. Ateak itxi zituzten udalbatzak iraun zuen bitartean, eta bi aldeen artean bilera eguna jarri arte handik inor ez ateratzea zen asmoa.

Orduak pasatu arren, ordea, zinegotziak ez ziren larritu, harik eta emakume feministek gaua pasatzeko lo zakuak atera zituzten arte. “Ertzainei deitu zieten orduan”, azaldu du Mendiaratzek. Gas negar eragilea eta borra kolpeak; kaosa nagusitu zen Arrasateko Udalean. “Izugarria izan zen hura: gasaren eraginez negarrez ateratzen ari zirenak, bultzakadak, aulkiak hegan…”.

ARRASATEKO AMA

Union Cerrajera enpresak zeresan handia izan du Arrasateko historian, eta Arrasateko “ama” izan dela ere esan ohi da. 1906an ireki zituen ateak, eta etengabe hazi zen. 1930ean, 282 emakume zeuden langileen zerrendan. 1976an, itxi egin zuten enpresa, baina oraindik zutik dago orduko fabrikaren pabiloi bat. Bertan egin dute laugarren geldialdia. Enpresak zeukan eraginari buruz baino gehiago, emakumeei emandako tratuari buruz hitz egin dute bertan.

“Bigarren Errepublika garaiko krisietan, 70 emakume bota zituzten kalera”, azaldu du Mongek. “Betiko historia da, gainera: emakumezkoek kapital jaunari komeni zaionean egingo dute lan. Beharrik ez daukanean, kalera”. 1948an, gainera, Union Cerrajerak igerilekua eta kirol azpiegiturak eraiki zituen; hori bai, gizonezkoentzat bakarrik.

MUGIMENDU FEMINISTAREN
AURREKARIAK

Emakumeen Asanblada borroka feministan murgilduta ibili zen 1976tik 2002ra, eta taldeko kide izan zirenek orduko esperientzia transmititzeko aprobetxatu dute aukera. Horregatik bukatu dute ibilbidea Emakumeen Asanbladaren lokala izan zen tokian. Amatasuna, abortua eta halako gaiak lantzen zituzten asanblada sortu berritan. Sexualitatea ez da amatasuna, hori zen garai hartako lelorik garrantzitsuena. “Gaur egun, oso barneratuta daukagu hori”, azaldu du Arrate Landa asanbladako kide ohiak. “Baina, gure garaian, borrokatu egin beharra zegoen hori lortzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.