Merezitako tokian jartzeko

Eider Goenaga Lizaso

Baserria ia ikusezina da; ia ez da agertzen liburuetan. Baserria zaharra da, eta, are okerragoa, zaharren gauza da. Baserria bukolikoa da: natura, animaliak, lasaitasuna… Oso gauza arina. Baserria tradizionala da, tradizioari lotuta dago, eta horrek kalte egiten dio baserriari. Emakumea ia ikusezina da; agertzen denean, sukaldean dago. Baserria autarkikoa da, etxerako bakarrik ekoizten du”. Pedro Berriotxoak hitz horiekin laburtu ditu Lehen Hezkuntzako testuliburuak aztertuta atera dituen ondorioak.

Berriotxoak gertutik eta txikitatik ezagutu du baserriaren mundua, haren familiako hainbat belaunaldi bizi izan baitziren baratzea zaintzetik. Horrez gain, nekazaritzan ingeniaria, historialaria eta antropologoa da. “Bai, hori guztia banaiz, baina, gauza guztien gainetik, irakaslea naiz”, zehaztu du. Donostiako Usandizaga institutuan aritzen da. Beraz, Lorea Muguruza EHNEko komunikazio arduradunaren aburuz, “pertsona ezin egokiagoa” da testuliburuek baserriaz eta baserritarrez esaten dutena aztertzeko. Horregatik egin zioten enkargu hori Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Gipuzkoako hezkuntza zentroetan Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) erabiltzen dituzten liburuak aztertu ditu Berriotxoak, eta zortzi argitaletxe arakatu ditu horretarako: Santillana-Zubia, Anaya-Haritza, Ibaizabal, Erein, Elkar-Ikastolen Elkartea, Edebe-Giltza, SM eta Vicens Vives.

Foru aldundiak 2016an lehen sektoreko eragileekin egindako parte hartze prozesutik etorri zen azterketa hori egiteko beharra. Lehentasunezko hiru erronka identifikatu zituzten: lehen sektorearen errentagarritasuna areagotzen saiatzeko beharra; nekazari sektorearen inguruan dauden egiturak zaharkituta gelditu direnez, berritu eta egokitzeko beharra; eta, azkenik, gizarteari lehen sektorearen garrantzia eta balioak azaltzeko beharra.

Hirugarren horri dagokio Berriotxoak Muguruzaren laguntzaz eginiko azterketa. Baserritarra da Muguruza bera ere, eta testuliburuak aztertzearen zergatia azaldu du: “Gainerako jendeak garen bezalakoak ikusten al gaitu baserritarrok? Gure artean hitz eginez, ezetz ohartu ginen. Niri gertatu zait, baserrira bizitzera joan, eta lagun batek esatea: ‘Jo, Lorea, zu gu baino urte pila bat gehiago biziko zara!’. Ez dakit nondik aterako zuen ondorio hori, baina ohartzen zara estereotipoekin epaitzen gaituztela”.

Estereotipoak hausteko modu bat hezkuntzan hastea zela pentsatu zuten, eta testuliburuei heldu zieten. Berriotxoak, halere, argi du karga guztia ezin zaiola hezkuntzari utzi. “Nik gomendioak jaso ditut lan honetan, proposamenak. Ondo dakit eskola gainezka dagoela, eta eskolaren bizkar uzten dela dena: indarkeria, zirkulazio arauak, generoa… Dena eskolarentzat. Eskolak badu lan bat, baina mezu hau eta gomendio hauek gizarte osoari helaraztekoak dira; gizartearen isla den heinean, eskolari ere bai”.

Ildo horretan, lana ez da amaitu azterketarekin. Argitaletxeetara joatea da helburua, liburuetan agertzen diren edukiak haiekin aztertzea eta gomendioak helaraztea. Lan bera egin nahi dute hezkuntza zentroekin ere.

Lehen Hezkuntzakoak bezala, DBHko liburuak ere aztertu ditu Berriotxoak, eta emaitza ez da askoz hobea: “Baserria gauza ahistoriko bat bezala agertzen da; baserria sortu zen bezala dago, ez du bilakaerarik izan, ez dauka historiarik; beste gauza guztiek dute historia, baina baserriak ez”. Irudiekin ere badu kezka. “Marrazkietan-eta, karikaturan erortzen gara, edo argazki zaharrak jartzen dira. Komeniko litzateke argazki zaharrak zein berri eta modernoak jartzea; ikusi behar da baserria moderniza daitekeela, eta modernoa dela askotan”.