50 urte urari bidea egiten

Eider Goenaga Lizaso

Donostiak historikoki izan du arazoa ur hornikuntzarekin. XX. mendera arte, inguruko iturburuekin (Igeldo, Ulia, Mons…) asetzen zituzten biztanleen beharrak. Baina, Espainiako errege-erreginen udaldiko aterpe bilakatzearekin eta hirigunea zabaltzearekin batera, arazoak hasi ziren hornidurarekin. 1919an, Artikutzako barrutia erosi zuen Donostiako Udalak. “Donostian baino hiru aldiz euri gehiago egin dezake Artikutzan, eta, han urtegia eraikita, arazoa konpondua zuen Donostiak”, azaldu du Joxe Angel Erzilla Añarbeko Urak-eko zuzendariak.

Artikutzako presak, baina, arazo geoteknikoak zituen: egonkortasun arazoak azaldu ziren hegal batean. Konponbide bat behar zuten, bai Donostiak eta baita inguruko herriek ere, eta, 1968ko uztailaren 27an, Añarbeko Urak mankomunitatea osatu zuten hamar udalerrik: Donostia, Oiartzun, Pasaia, Lezo, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Usurbil eta Lasarte-Oriak.

Gipuzkoarren %43

Gaur egun, hamar herri horietako biztanleak hornitzen ditu Añarbek; 315.000 biztanle inguru dira, Gipuzkoako biztanleen %43. Mankomunitateak ez du kudeatzen uraren ziklo integrala. “Altako zerbitzua kudeatzen dugu. Hau da, hornikuntzaren kasuan, urtegitik ura hartu, Petritegin edangarri izan dadin tratatu, eta udalerrietako biltegietaraino eraman…”. Hortik aurrera, udalek kudeatzen dute distribuzio sarea. “Saneamenduarekin berdin: udalak kudeatzen ditu gure etxeetatik ateratzen diren diametro txikiko hodiak, eta kolektore handietara iristen direnean hasten da gure kudeaketa”.

Añarbeko Urak-ek kudeatzen du kolektoreetatik Loiolako araztegirako bidea eta Loiolatik garbitutako ur emari hori itsasora isuri arteko bidea ere.

Hiru erakunde publikoren menpe dago Gipuzkoako uren kudeaketa. Añarbekoaz gain, Txingudiko mankomunitateak kudeatzen ditu Irun eta Hondarribia (80.000 biztanle); eta Gipuzkoako Urak-ek gainerako guztiak (335.000 biztanle). Hala ere, udalerriren batek hasi eta buka egiten du, oraindik, bere iturburuen kudeaketa.

50 urte igaro dira Añarbeko mankomunitatea sortu zutenetik, eta ordukoarekin inolako zerikusirik ez du uraren egungo kudeaketak. Uraren hornikuntza, jada, ez da arazoa hamar herriotan. 1989an izan ziren azkeneko ur mozketak. “Garai hartan, 43 milioi metro kubo kontsumitzen ziren urtean; orain, berriz, 23,5 milioi. Horrek ez du esan nahi ur gutxiago erabiltzen denik. Hodiak berrituz lortu da kontsumoaren jaitsiera, bidean ur gutxiago galduz¡”. %100ean dagoenean Añarbeko urtegiak 37 milioi metro kubo dituela kontuan hartuta, ez dago arazorik egungo kontsumoari eusteko. Gipuzkoako urtegirik handiena da Añarbekoa; Gipuzkoako urtegi guztiek batuta jasotzen duten uraren %46 biltzen du.

Artikutzako urtegiaren azpian eraiki zuten Añarbeko urtegia. 1969an hasi zituzten lanak, eta 1976an amaitu.”Añarbekoa baino gorago dago Artikutzako urtegia, eta Añarbe ibaian amaitzen du hango urak, modu naturalean. Urtegia oso toki onean dago eraikita”, azaldu du Erzillak.

Obrak ubidean

Hamabi kilometroko ubideak eramaten du ura Petritegiko plantara, eta han ematen diote edangarri egiteko tratamendua, herrietan dauden ur biltegietara eraman aurretik. “Baina ia 60 urte ditu ubideak, eta urteotan ez da taxuzko konponketarik egin, zerbitzua ezin zelako eten”. Hala, berritze lan hori da Añarbeko Urak-ek duen hurrengo proiektu nagusia. “Beste ubide bat eraikiko da horretarako, Lastaolatik Petritegira. Añarbetik Urumeara pasatuko da ura, eta Hernanin, industrialdea hasi baino lehenago, Urumeatik bertatik hartuko dugu hornikuntzarako ura”.

Iragan astean, ubide alternatiboa eraikitzeko obren lizitazioa hasi zuen Espainiako Ingurumen Ministerioaren Uraren Zuzendaritzak. “Espero dugu urte amaierarako lizitazioa egina egotea, eta obrei hurrengo urtearen hasieran ekitea”. Bost kilometro luze izango da ubide alternatiboa, eta 25,6 milioi euroko kostua izango du. Egungo ubidearen berrikuntza lanak hamar milioi euroren inguruan ibiliko direla kalkulatzen dute, baina zehaztu gabe dago oraindik. Berritze lanak amaitzen direnean, berriro ere oraingo lekutik egingo du bidea urak.

Saneamendua

Añarbeko Urak eratu zenean, inor gutxik erreparatzen zion ur zikinen tratamenduari. “Duela 50 urte, ingurumenari ez zitzaion ematen orain ematen zaion garrantzirik; zorionez, aldatu egin da hori”. Añarbek 1997an hartu zuen saneamendu sare osoaren ardura. “Ordu arte bakoitzak bere aldetik jokatzen zuen, eta gauza batzuk egin ziren, bazeuden kolektore batzuk Donostian eta Pasaian, baina zuzenean itsasora joaten ziren kolektore horiek jasotzen zituzten ur zikinak”.

Loiolako araztegiaren eraikuntza izan zen urratsik garrantzitsuena saneamenduan. 2005ean jarri zuten martxan, eta bertan arazten dituzte hamar udalerrietako ur zikinak. “Loiolara iristen dira saneamenduko kolektore guztiak, eta garbituta dago Loiolatik ateratzen den ura”.

Dena den, garbitutako ur hori ez dute zuzenean kostan botatzen. Horretarako, urpeko hustubide bat eraiki zuten 2001ean. Araztutako urak lurreko hustubide batetik egiten du Loiolatik Monpas arteko bidea; han lurperatu egiten da hustubidea, eta kostatik 1,2 kilometrora eta 50 metroko sakonerara isurtzen dira urak. Ura, berez, garbituta dago, baina distantzia horretara isurtzeak badu arrazoia:”Itsasoak ematen dion mugimenduarekin eta oxigenazioarekin, kostara bueltatzen denerako erabat garbia da ur hori. Eta hori oso nabarmen ikusten da Aztik egiten dituen neurketetan, uraren kalitatea urtez urte hobetu baita azken urteotan”.

Hornikuntzan bezala, saneamenduan ere oraindik egitekoak badituztela aitortu du Erzillak: “Oraindik ez gara iritsi herriguneetatik kanpo gelditzen diren auzo batzuetara. Oso garestia da kolektoreak eraikitzea, eta proportzionaltasuna bilatu behar da. Merezi al du hamar lagun bizi diren gune bateko saneamendua egiteko bost kilometroko kolektore bat egitea?”. Diru publikoa dela eta orekari begiratu behar zaiola azpimarratu du. “Hala ere, argi esan behar da izugarri aurreratu dela, garrantzitsuena egina dagoela, nahiz eta oraindik gelditzen diren hobetzeko gauzak”.