“Ezinbestekoa da antzerki obrak liburuetan jasota egotea”

Maialen Etxaniz

“Saltsa guztietan” ibilitako emakumea da Alaitz Olaizola (Azpeitia, 1975). Gaztetan lotu zen antzerkira. Dozenaka obra idatzi zituen Azpeitiko Lakrikun antzerki talderako, eta beste hainbat sari irabazi ditu haurrentzako egindako lanekin. Goenkale telesailean ere ibilia da. “Zirikatzaile” lanetan aritua da Olaizola, idaztea maite duen emakumea.

Ikasketaz irakasle, baina ofizioz antzerki gidoien idazle. Noiz hasi zen dena?

Alaba txikia zela, zenbait emakume elkartzen hasi ginen, ikastolatik irtetean haurrek arratsaldea elkarrekin pasa zezaten. Han ezagutu nituen lagunen artean zen Gurutze Eizmendi, orduz geroztik bidelagun izan dudana. Gurasoen antzerki tailerrera joaten zela kontatu zidan behin, eta antzerkiari lotutako esperientziak partekatzen hasi ginen orduan. Ikasturte amaieran jendaurrean taularatzeko antzerki lanen bila zebiltzala eta, hara eta hona ibili ginen antzerkiak liburuetan aurkituko genituela sinetsita. Koldo Mitxelena kulturunera, Azpeitiko liburutegira eta beste hainbat txokotara joan ginen obra bila, baina liburuetan apenas zegoen antzezlanik. Hori ikusita, antzerki bat sortzeko prest nengoela esan nion. Hitza hartu zidan, eta nik gidoia idazterako udaletxean esana zuen bazutela ikasturte amaieran zer eskaini. Obra idatzi, eta antzerkian murgildu nintzen. Haren ostean iritsi ziren lehiaketak, sariak, antzerki tailerrak… gaur arte. Idatzi ditudan antzerki obra guztien izenak esateko gai naizela uste dut. Ez dira berdinak, antzekoak baizik zuen izena aurreneko obrak.

Ordu asko eman dituzu antzerki tailerretan murgilduta haurrei eskolak ematen. Zuk haiei irakatsi bai, baina zer ikasi duzu haiengandik?

Ikasleei beti esaten diet irakaslea baino gehiago zirikatzailea naizela ni. Umeentzat jolastea oso garrantzitsua dela uste dut, eta, horregatik, nire helburua sekula ez da izan tailerretan aktoreak sortzea. Horretarako badaude eskola jakin batzuk eta metodologiak. Antzerkia jolasera bideratu nahi dut nik. Hori izan da nire nahia lehen egunetik gaur arte. Umeekin misterioa da bizitzako antzerki egun bakoitza. Umeen ahotan sekula espero ez nituen esaldiak eraman izan ditut etxera; barruan dutena minik gabe adierazteko gai direla ikusi dut. Pazientzia lantzen lagundu didate. Izan ere, haurrekin ikasi dut gauzak ez direla beti guk nahi bezala egiten. Antzerkian, haurrek jolasean ikusten dute heldua, eta horrek harreman ederrak sortzen ditu haurren eta helduen artean. Bihotza zabaltzen dizute, beren gauzak eta ilusioak kontatzen dizkizute, freskotasunez eta eurek daukaten magia horrekin. Ederra da arazoen aurrean nola jokatzen duten ikustea. Haiekin harremanetan izatean, norbera ere umetu eta haurren dinamikan sartzen da, kode berean komunikatzeko gai izateraino.

Zu ere izan zinen antzerki ikasle.

Hala da. Gaztetxoa nintzela, antzerki tailerrean ibiltzen nintzen ikastolan. Axen Eskaladak ematen zizkigun eskolak. Zazpi edo zortzi neska-mutil ginen, eta urtero obra bat prestatzen genuen, tailerretan sortzen ziren egoerak abiapuntu gisa hartuta. Esango nuke sekula ez genituela idatzi antzerki haiek. Lehen ez zen ohikoa, baina guk elkarrekin sortzen genituen antzerkiak. Orain, aldiz, gero eta lan gehiago egiten da modu kolektiboan.

Helduei gehiago kostatzen zaie antzerkiaren mundura gerturatzea. Zer dela eta?

Oholtzak beldurra ematen digula uste dut, oholtzari alergia diogula. Gauza asko dakizkigu, baina kostatu egiten zaigu dakigun hori jendaurrean erakustea. Horregatik egiten dira antzerki tailerrak emakumeen Jabetze Eskoletan. Azpeitian emakumeen antzerki taldea hilik egon da bi urtez, baina aurten berpiztu egin da. Fase kontua dela uste dut. Behar kolektiboa izaten da batzuetan, eta horri erantzun egin behar zaio, antzerkiak laguntzen duelako. Oholtzara igotzea zaila dela onartzen dut. Haurrek, aldiz, ez dute zalantzan jartzen. Umeek nahi dituzte txaloak entzun eta milaka begi beraiei begira ikusi. Helduok, aldiz, zenbat eta gutxiago, hobe.

Nolakoa da euskarazko idatzizko antzerki generoaren osasuna?

Lehen baino gehiago publikatzen da azken urteotan. Haurren antzerkiari dagokionez, bada Antzerki Txikia izeneko liburu bat, eta, zorionez, baditut bertan argitaratutako lan batzuk. Euskal Herriko hainbat eta hainbat eskolatan lantzen dituzte, eta haietara joaten naiz ikasleekin antzerki obren inguruan hitz egitera. Helduentzako antzerkiari dagokionez, lehen baziren antzerki obrak saritzen zituzten lehiaketa batzuk, eta publikatu egiten ziren lan irabazleak; bazegoen material pixka bat. Baina sariketa horiek ere desagertu egin ziren. Garai horretan egon zen hutsunea, baina gero eta obra gehiago daude gaur egun. Badago mugimendua.

Sortzeko beharra dagoela uste al duzu?

Askotan, beharrik ikusi ez arren, ezinbestekoa da antzerki obrak liburuetan jasota egotea. Izan ere, hainbat modutara lantzeko material baliagarria da, hala nola ikasgeletan ahoz gora irakurtzeko eta ariketak egiteko. Ohitu egin behar dugu antzerkia irakurtzera. Denetariko eleberriak irakurtzeko joera dugu, baina antzerkia arrotza zaigu. Askoz ere zuzenagoa da. Elkarrizketaz beteta egon daiteke, edo isilunez. Beste literatur generoak existitzen diren moduan existitu behar du antzerkiak, gutxien espero dugunean jotzen baitu jendeak antzerkira.

21 urte egin zenituen Goenkale telesailean. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Antzerki munduko jendearentzat izugarrizko plaza izan zen Goenkale. Aktore asko ezagutarazteko aukera ematen zuen. Era berean, euskaraz egindako telesaila izanik, ikusleek euskaraz bizitzen zituzten istorioak, eta horrela sartzen ziren pertsonaien azalean. Pertsonalki, Goenkale-ren azken lau urteak bizi izan nituen gertukoen, elkarrizketak sortzen aritu nintzelako urte horietan.

Goenkale-ko eta Azpeitiko antzerkigintzaren ikur bihurtu ziren Kontxu Odriozola Maria Luisa eta Iñaki Bergara Kaxkurrio. Zein harreman izan zenuen haiekin?

Kontxurekin ez nuen izan laneko esperientziarik, baina bai adiskidetasuna. Betidanik ezagutu izan nuen, gurasoek elkar ezagutzen zutelako. Baina antzerkiaren mundu honetan sartuz joan nintzen heinean, beti galdetzen zidan nire lanaz, eta obrak irakurtzen uzteko eskatzen zidan. Niretzat oso pertsona garrantzitsua izan zen Kontxu. Emakume bezala, oholtzara irten eta dena eman zuen horietakoa zen bera; hitzez ezin da adierazi hark zuen indarra. Iñaki Bergararekin, aldiz, 8.000 anekdota ditut. Une oro denetik egiteko prest egoten zen. Berandura arte tailerrean lanean aritu, eta gai izaten zen antzerki tailerrera joateko. Eskatutako dena egiteko prest egoten zen beti. Orain ez dut ikusten horrelakorik.

Aktorea, gidoilaria eta emakumea zara. Nola bizi izan duzu orain arteko ibilbidea betaurreko moreak jantzita?

Argi nuen emakumea izanik ere lekua izango nuela antzerkiaren munduan; sekula ez nuen izan zalantzarik. Gainera, banituen erreferentziak, Kontxu Odriozola bera eta Aizpea Goenaga kasurako. Zorionez, biak ezagutzeko aukera izan nuen. Aizpeak asko lagundu zidan, gainera. Emakume borrokalaria zela ikusten nuen, beti gauzak egiten ari zela, eta pentsatzen nuen: “Eta nik, zergatik ez?”. Emakumea naizelako, behintzat, ez naiz geldituko nahi dudana egin gabe. Oztopoak egongo badira, ez daitezela izan neuk neure buruari jarritakoak. Oztopoak kanpotik badatoz eta etortzen dira, borrokatuko gara.

Emakumeen aldarriak dira protagonistak Greban gaude obran. Hamabost urteren ostean, azkenekoz eskainiko duzue gaur. Gauzak asko aldatu al dira hamabost urteotan?

Aldatu bai, hobetu ez dakit. Gaur egun indartsuago ikusten dut emakumeen eskubideen aldeko mugimendua, eta uste dut nolabaiteko inflexio puntua izan zela Martxoaren 8a. Greban gaude garrantzitsua izan da guretzat. Idoia Urangak, Gurutze Eizmendik eta nik –gaur egungo Lakrikun– sortu genuen. Hirurok elkartu gintuen proiektua da, oso argi genituen ideiak azaltzeko aukera eman ziguna, sormen kolektibotik egindakoa eta hamabost urtetan dozenaka lekutan eskaini duguna.

Komunikazio munduarekin lotzen zaituen konturik ere bada. Esaterako, Uztarria Komunikazio Taldeko lehendakaria zara. Zer hausnarketa egiten duzu tokiko hedabideen garrantziaz?

Nahiz eta beste herri hedabide batzuk ezagutzen ditudan, Uztarriaz hitz egingo dut nik, hori baita gertutik ezagutu dudana. Baliabide gutxirekin izugarrizko lana egiten dutela uste dut. Nabarmena da urtetik urtera handiagoa dela inplikazioa, bai edukian eta baita antolaketan ere. Uztarriak aurrera egin duela nabari da, eta gero eta garrantzitsuagoa dela herritarrontzat. Nire kasuan, Facebookera baino gehiago sartzen naiz Uztarriaren webgunera. Zerbait gertatu bada, Uztarriak kontatuko didala pentsatzen dut; hori behar dut, eta hori eskatzen diot. Herri aldizkaria, berriz, zer esan; plazera da etxean jasotzea, goxo-goxo irakurtzea eta herritarren berri jakitea. Izan ere, jakin ditzakegu zein diren Euskal Herriko aktoreen edo idazleen izenak edo munduko ez dakit zein txokotan zer gertatu den, baina ez dakigu aldamenekoaren berri. Gainera, ni beti izan naiz proiektu txikien maitalea.

Txikiak diren horiek gauza handiak kontatzen dituzte, eta zu ere aritu zinen kontalari Azpeiti-Azkoitiko gazteek sortutako Kaka Flash irrati librean.

Maitasun handiarekin gogoratzen ditut urte haiek. Oroitzapen zoragarriak etortzen zaizkit gogora. Gazteak ginen gu, 16 urte inguru izango genituen orduan. Lagun bat eta biok irratian pare bat orduko saioa eskaintzera animatu ginen. Lagunak utzi zuenean, neu bakarrik joaten nintzen, etxeko diskoak gainean hartuta. Kazetaria izan nahi nuen txikitan, eta horretarako aukera paregabea zen Kaka Flash. Horregatik, dokumentazio lan handia egiten nuen saioak eskaini aurretik. Izan ere, garai haietan ez zegoen Internetik. Gogoan dut pentsatzen nuela inork ez ninduela entzungo, baina estudioan bazegoen telefono bat, eta tarteka norbaitek deitu egiten zuen, entzuten ari zela esateko. Berdin zitzaidan jaieguna izatea edo eguraldi txarra egitea, beti nengoen prest haraino igotzeko. Izan ere, Kaka Flash ez zegoen kale erdian. Izugarria izan zen niretzat. Mikrofono bat. Egon zitekeen gauzarik amateurrena eta sinpleena, baina izugarria. Ez dakit bueltatuko naizen…

Kulturgintza Euskal Herrian. Hitzak erabiliz argazki bat atera beharko bazenu…

Une hauetan, Azpeitian, kulturaren egoera kolosala dela ikusten dut; alde guztietatik begiratuta, gainera. Baina hori ezin da estrapolatu Euskal Herriko leku guztietara. Euskaraz bizi den herria da gurea, eta horrek ere badu zerikusirik. Dena den, gustatzen zait hemengo kulturaren berri komunikabide ezberdinen bitartez izatea, eta geldirik ez gaude. Euskarazko antzerkia etengabe ari da lanean; gero eta gehiago. Talde txikiek beren produkzioak sortzen dituzte orain. Literaturari erreparatuta, liburu asko daude euskaraz, eta gaur-gaurkoz publikatu egiten dira. Musika, berriz, zer esanik ez. Musika kontsumitu nahi duenak horretarako arazorik ez du. Hala ere, kostatu egiten zait argazki orokor bat ateratzea. Ez dakit konpainia handiek zein arazo izango dituzten…

Sortzaile lanetan zabiltza uneotan, baina zertan ariko da Alaitz Olaizola etorkizunean?

Egiten ditudan gauzen artetik idaztea atsegin dut gehien. Ezberdina da ipuin bat edo antzerki obra bat idaztea, eta ederra da sortze prozesua. Asko gustatzen zait buruari bueltak ematea, ideiak antolatzea eta martxan jartzea. 3zpa4 telebista programan ari naiz lanean orain, eta, gustura nagoen arren, ezin jakin etorkizunean zer egingo dudan. Orain arte bezala, antzerkiarekin lotuta bada, primeran. Komunikazio arloari ere ez dizkiot itxi ateak. Ondo sentitzen naizen lekuan egotea da kontua.