Presaren barrunbeetan

Presaren barrunbeetan

E. Goenaga Lizaso

Mankomunitatea osatu zutela 50 urte beteko dira uztailean, eta, urteurrena aitzakia, hainbat jarduera antolatu ditu Añarbeko Urak-ek; tartean, bere instalazioen bisita gidatuak: Petritegiko tratamendu planta, Loiolako araztegia eta Añarbeko urtegia. Jada amaitu dira euskarazko bisitak; joan den larunbatean izan zen azkena, Añarbeko bisita gidatua. Gaztelerazko lehen bisita maiatzaren 26an izango da, eta ekainean egingo dituzte beste biak.

Dozena bat lagunek parte hartu dute urtegirako bisitan. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga marrazten du Añarbe ibaiak, eta Hernani eta Goizueta arteko bidean dago urtegia. “Agerikoa da zergatik eraiki zen presa hemen. Orain ere ikusten duzue nola ari duen. Europako tokirik euritsuenetakoa da hau; urtean 2.000 litro baino gehiago egiten du metro koadroko”, azaldu du Ibon Sarasola Kristinaenea fundazioko ingurumen hezitzaileak. Gogotik ari du euria, eta aterkipean dago jendea, gidariaren azalpenak entzuten: “Gaur itxita daude hustubideak, baina, pentsatuko duzuenez, udazken-negu honetan maiz ireki behar izan dituzte”. Une honetan %90ean dago urtegia.

Behetik begiratuta erraldoi baten moduan ikusten den presari buruzko datuak eman ditu Sarasolak. 1969an hasi ziren eraikitzen, eta 1977an amaitu zituzten lanak. 64 metroko altuera du, “Donostiako Artzain Onaren katedralaren altuera bera”, eta 50 metro ditu alde batetik bestera. Presaren oinak, berriz, 50 metro ditu zabaleran. “Labirinto baten modukoa da barrukoa. Ausartuko zinateke barrura bakarrik sartzen?”, galdetu dio bisitan parte hartzen ari den bi umeetako bati.

Ura askatzen

Presak askatzen duen urari dagokionez, kontsumorako 23 milioi metro kubo askatzen ditu urtean. Ur isuri ekologikoa ere egiten du presak, eta ibaiak behar duen gutxieneko emaria bermatzen da horrela: segundoko 350 litro askatzen dira horretarako. Horrez gain, euria aurreikusten denean, uholde arriskua dagoenean, presatik egiten da ur isuriaren erregulazioa ere, kalteak ahalik eta gutxien izan daitezen. Presak bi hustubide txiki ditu beheko aldean, eta beste bi hustubide handi alde bietan. Txikiak 3.000 litro aska ditzake segundoko; handiak, berriz, 30.000. Hustuketarako beste hainbat zulo ere badaude presako horman, eta hiru uhate handi daude goiko aldean. Irekita egoten dira uhate horiek, eta hortik husten da urtegia maila horretatik gora dagoenean. “Horiek ixten badira, 37 milioi metro kubotik 41 milioira igo daiteke urtegiaren edukiera, %10 gehiago”.

Bisitari taldea presaren barrura sartu da gero. 2.500 metro koadroko azalera hartzen du presaren oinak, eta benetan dute labirinto itxura korridoreek, behin eta berriro gurutzatzen dute elkar. Hustubideen kontrolerako gela bisitatu dute gero. Hezetasuna antzematen da barruan, eta batek baino gehiagok aipatu du halako estutasun bat eragiten diola gainean hainbeste ur izateak. Handik ateratzean lasaitasun moduko bat antzematen da zenbaiten aurpegietan.

Presaren goiko aldera igo eta urtegiaren inguruko datuekin amaitu da bisita. “Presa eraiki zenean, eragin ekologiko handia izan zuen; baina, bere alde ona ere izan du, denborarekin ur ekosistema oso aberatsa sortu baita hemen”. Añarbeko urtegia ezin da bisitatu bisita gidatu batean ez bada. “Oso babestuta egon da inguru hau, tigre muskuiluarengatik. Baina jada asko jaitsi da arriskua, eta badirudi hasiko direla gehiago irekitzen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.