“Besoa neurri berean eta zuzen erabili behar da tokan botatzeko”

A. Maiz

Maiatzaren 12an, Gipuzkoako Toka Txapelketa irabazi zuen Martzelino Agirre segurarrak (1950). Bolaren mesedetan urte batzuetan toka alboratuta izan ondoren, berriz ekin dio. Tokaren gakoa “ibiltzea” dela dio.

Noiztik jokatzen duzu tokan?

Umetatik. Guk toka genuen gaztetako jolasa. Jai arratsaldeetan tokan ibiltzen ginen baserrian, besterik ez zegoelako eta erraza delako jokatzeko: burdin bat jarri, sei fitxa egin, eta jardun.

Noiz arte jarraitu zenuen gero?

Urte batzuetan ibili ginen. Lehen, Mutiloako San Pedro festetan oso garrantzitsua izaten zen toka lehiaketa. Hura irabazita nago; Antonio anaia zena ere bai. Jende asko ibiltzen zen orduan, eta tokalari asko biltzen zen: ugarteburutarrak, Domingo Luzuriaga segurarra… Tokalari onak ziren.

Oraingoen aldean, hobeak?

Oraingoen aldean maila handia zegoen lehen. Apal dago orain, lehen baino askoz apalago; ez gara ibiltzen eta! Tokan ibiltzea da giltza; ibili eta ibili. Ez dago besterik.

Zergatik utzi zenuen?

Bolatan hasi nintzenean utzi nuen, baina toka ere gustatzen zait orain. Ez dakit Gipuzkoako Txapelketan zenbat izar lerratu ziren, ez baita erraza irabaztea.

Asko prestatu duzu aurrez?

Astean bi aldiz jardun naiz txapelketa prestatzen, etxe ondoan. Burdin koxkor bat ipinita daukat.

Ibili egin behar dela esan duzu. Baina nola? Zer trikimailu du?

Besoa neurri berean erabili behar da. Zabaldu eta estutu egiten baduzu, gaizki. Fitxa aurreraka zuzen botatzen denez, besoa ere zuzen erabili behar da. Eskuin hanka aurrerago jartzen da, eta eskua haren kontra pasatu behar da, ahal den gertuena eta berdinena.

Lehenengo txapela duzu tokan?

Gipuzkoako Txapelketa lehenengo aldiz irabazi dut, bai. Bolatan gehiago ibili izan naiz, baina harako ni baino hobeak bazeudenez, tokan saiatzea pentsatu nuen; horretarako prestatu naiz. Ondo atera zait kalkulua.

Indarrik hartuko al du?

Aukerak sortzen ari da orain federazioa. Gazte batzuk ibiltzen dira. Baina hainbesterako aukera dago gazteentzat, zaila da tokan hastea. Segurako eta Zegamako eskoletan ari gara erakusten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.