Helduleku eta elkargune

Helduleku eta elkargune

Unai Zubeldia

Lau hilabete luze falta dira, oraindik, urriaren 7rako, Gipuzkoako ikastolen aldeko jairako, baina beroketa lanetan murgilduta dabiltza, jadanik, Urretxu-Zumarragan. “Aurtengo festa ez dugu mugatu nahi egun eta toki bakar batera”. Iakes Antia Kilometroetako ikuskizun batzordeburuak azaldu duenez, sorkuntza aldetik urtean zehar zein ekarpen egin zezaketen aztertzen hasi ziren. “Eta, Kursaal jauregira pausoa emanda, Gipuzkoa osorako ikuskizun bat prestatzea erabaki genuen”. Zubiak batuz leloa euren eginda, “eta ikastolen mugimenduari oihartzuna emateko asmoz”, ekainaren 3an eskainiko dute diziplina anitzeko ikuskizun hori, 12:00etan. Sarrerak salgai daude, 17 eurotan, www.kursaal.eus webgunean, eta leihatilan bertan ere erosi ahal izango dira.

Konfiantzaren zubia; harremanena; komunitatearena edo auzolanarena; parekidetasunarena eta aniztasunarena; euskararena; eta lehengoaren, orainaren eta geroaren artekoa. Zubirik zubi, helburu horiek zehaztu dituzte aurtengo Kilometroak jaiaren antolatzaileek, herri bakoitzak berezko izaera daukalako, funtsean, baina proiektu bakarrean murgildu direlako ikastolen alde euren ekarpena egiteko. Antiak azaldu duenez, zubi lan horren erakusgarri izango da Kursaaleko ikuskizuna. “Emanaldi txiki bat sortu dugu lan ildo bakoitzarekin, Joseba Apaolaza Urretxuko aktorea gidari nagusi gisa lotura lanetan dela”.

Bi ordu eskaseko saioan, artista mordoa igaroko da oholtzatik: Apaolaza bera, Gorka Hermosa akordeoi jotzaile eta konpositorea, Kirmen Uribe idazlea, Alaia Martin bertsolaria, Mikel Urdangarin abeslaria, Josu Maroto ilustratzailea, Kaabestri soka laukotea, Javier Mayor kontrabaxua, Irrintzi dantza taldea, Urretxu-Zumarraga ikastolako abesbatza… “Koordinazio eta prestaketa lan handia dago atzean”.

Konfiantzaren zubia eraikiz ekingo diote emanaldiari, DBH 1eko ikasleek prestatutako Noraezean ikuskizunaren lehen zatiarekin —hiru zati izango ditu denera—. “Dantza izango da oinarria, eta oso landuta daukate dena. Oso polita izango da hasiera”. Heziketa sisteman, konfiantzaren pedagogian murgilduta dabil Urretxu-Zumarraga ikastola. “Eta, lan ildo horren berri izateko, Apaolazak elkarrizketa txiki bat egingo dio Montse Alkorta zuzendariari”. Bideo bat izango dute lagungarri. Gaur egun, 683 familiak, 1.079 ikaslek eta 95 langilek osatzen dute Urretxu-Zumarraga ikastola.

Komunitatearen edo auzolanaren zubira jauzia egiteko balioko du lehen atal horrek. “Ikasleek, langileek, gurasoek, ikasle ohiek, eta herriko eta kanpoko kultur eragileek osatzen dute gure komunitatea”, zehaztu du Antiak. Guztiak ikuskizun bakarrean bilduta, abesbatza, musikariak, marrazkiak, dantza… hainbat errealitate uztartuko ditu bigarren zubi horrek. Auzolanaren zubi horretan, zinten ikuskizuna eskainiko dute Jone Astorkiak eta Agurtzane Telleriak. “Zerura begira jartzen gaitu auzolanak; gauza asko lor ditzakegu auzolanarekin, eta horren isla izango da zinten ikuskizuna”.

Parekidetasuna da aurtengo Kilometroak jaiaren beste oinarrietako bat. “Eta, Noraezean ikuskizunaren bigarren atalarekin batera, saxofoi eta gitarra ikuskizuna eskainiko dute bi ikasle ohik, Miriam Inzak eta Ana Carmonak”. Mimo emanaldi txiki bat ere izango da zati horretan.

Aniztasunaren presentzia

Ikastola gizartearen ispilu den neurrian, bestela ezin eta, aniztasunaren gaia ere landuko dute ekainaren 3an. “Horretarako zein hoberik Gorka Hermosa baino. Musika flamenkoa, Afrikako doinuak… Errealitate asko baliatzen ditu bere proiektuetan, hainbat herrialdetan egondakoa da, eta solasaldi txiki bat izango dute Apaolazak eta biek”. Paco izeneko lana eskainiko du ondoren. “Paco de Lucia gitarra jotzailearen omenez sortutako pieza da. Flamenko kutsua izan arren, euskal dantzak oinarri hartuta ariko da dantzan Eneko Galdos”.

Euskararen zubiari keinuka, Kirmen Uribe eta Alaia Martinen poesia-bertso solasaldia izango da jarraian, eta Mikel Urdangarinek hartuko du lekukoa gero. Zibilak esan naute kantua eskainiko du, Jose Maria Iparragirre Urretxuko olerkari eta kantaria gogoan. Hermosa eta Kaabestri soka laukotea izango ditu ondoan. Noraezean ikuskizunaren hirugarren eta azken zatiaren ondoren, Kilometroetako abestiarekin amaituko dute ikuskizuna Kursaalean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.