Tokaren joaldia indartu nahian

Tokaren joaldia indartu nahian

Aimar Maiz

Edonork egin dezakeen kirola da toka. Hiru zentimetro zabal den burdinazko xafla edo tutu bat lurrean tinkatu, 11 metrora urrundu, eta 250 bat gramoko altzairuzko sei fitxa jaurti. Nork gehien jo, hura garaile. Fitxak errazago biltzeko, egurrezko kaxa bat izaten dute askok inguruan. Begi zolia, odol hotza eta norbere buruarekiko segurtasuna behar dira tokan txukun jarduteko.

Soiltasun handiko kirola izanagatik, azken hamarkadetan Gipuzkoako plazetan asko urritu da tokaren presentzia. Aspaldi desagertu ziren lehiaketa ofizialak, harik eta herrialdeko txapelketa duela bi urte berreskuratu zuten arte. Herri batzuetan, jaietan mantendu dute toka. Dena den, kirol hori indartu nahian lanean ari da Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioa, eta, hain zuzen ere, maiatzaren 12an jokatu zen aro berriko bigarren toka txapelketa, bolakoarekin batera, Gabirian (Gipuzkoa).

Zehazki, burdinazko tututik 11,20 metrora kokatzen da tokalaria. Neurri horrek badu bere esanahia: hamabi metrora botatzen zen lehen, eta 11,20 metrora orain. “28ko alpargatarekin 40 oin dira horiek. Lehen oinekin neurtzen zuten dena”, azaldu du Zeferino Agirre segurarrak.

Herri kirola den aldetik, aisialdi herrikoiarekin lotuta dago toka, bola eta igel jaurtiketa bezalaxe. Aspaldiko sustraiak dituzte. Lehiaketa ospetsuak jokatu ohi ziren XX. mendearen aurrenetik. Goierri aldean, Seguran eta Mutiloan zuen muin bat; kostaldean, Donostian, Aieten; eta Irunen beste bat. Gaur egun urte batzuk dituzten jokalariek “afizio handia” ezagutu izan dute tokaren inguruan. Denek gogoratzen dute Manuel Matxain donostiarra —Aietekoa zen—, tokarako zeukan abileziagatik. Eta baita Domingo Luzuriaga segurarra ere. Nazioarteko telebistetara gonbidatu ohi zituzten biak 1960ko hamarkadan, zuzenean joka zezaten.

“Lehenago, toka txapelketak antolatzen nituen nik Seguran”, hasi du azalpena Agirrek. “Lau tokitan jokatzen ziren: Madalenako tabernan, Germaneneko tabernan, Antokalen eta Kalegoenen”. Tabernekin oso lotuta baitzegoen toka jokoa, eta baita sagardotegiekin ere, txolarte ugari betetzen zituelako.

Azken bi urteotan, Gipuzkoako Federazioak toka saio sorta batekin atondu du egutegia. Aurten, zortzi herritan izan dira lehiaketak: Lasarte-Orian, Aian, Usurbilen, Gabirian, Zarautzen, Legazpin, Seguran eta Ereñotzun. Bola lehiaketak egiten dituzte herri horietan guztietan. Tokian-tokian eguneko sariak banatzeaz gain, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute hogei lehenengoetan sailkatu direnek.

Bola tiraldiekin batera antolatzen dituzte tokakoak ere, bi modalitateetan batera aritzen direlako tokalari gehienak, den-denak ez izan arren bolariak. Hala, denboraldi honetan, 35 bat lagunek parte hartu dute, aldi oro, tokako lehiaketetan. Uda garaian, berriz, herrietako jaiek hartuko dute lekukoa. “Festetan, giroa sortzeko balio du tokak. Gutxitan jokatu ohi duenak ere jokatu egiten du festetan. Normalean, noski, denboraldi guztian horretan ibiltzen den jendeak irabazten du. Baina aproposa da kuadrillen artean errondak jokatzeko, nork gehiago jo apustu egiteko eta girotxoa sortzeko”, azaldu du Enrique Egaña zarauztarrak, Gipuzkoako Federazioan tokaren arloko arduradunak.

Zarautzen hasi da ernetzen

Neurri handi batean, Zarauzko jokalari taldeari zor zaio tokaren susperraldia. Duela pare bat urte hasi ziren, atzera, jardun horri distira ematen. “Lozorroan zegoen; ez da orain sortu. Lehen ere jokatzen zen tokan han-hemenka, eta federazioarekin hitz egiten hasi ginen tokako lehiaketa ere has zedin. Horrela ekin diogu, berriz ere”, azaldu du Egañak. Urtarrilaren 13-14ko asteburuan, eta maiatzean bukatu da denboraldia. Toka-kutxa eramangarri bat dute horretarako, eta hura eramaten dute halakorik ez dagoen herrietara.

Tokaren eta bola jokoaren inguruan giro polita eta jende multzo ederra gorpuztu dituzte Zarautzen. “Jende multzo sendoa elkartu gara, 14-15 lagunekoa, eta bageneukan horrelako zereginetan hasteko ahalmena. Bolaren maila berean jarri nahi dugu toka”. Erronka zaila dela onartu du. “80 lagun ibili ohi direlako bolatan eta aspaldiko tradizioa duelako; ez da eten, gainera. Baina, tira, hasi gara, eta nork daki urte batzuen buruan nola egongo den toka ere”.

Zarautzen bertan, adibidez, Santa Marinako festetan egin zuten toka lehiaketa, aurreko asteburuan, eta, ondo bidean, sanjoanetan eta Aiako festetan ere antolatuko dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.