“Tratu onetan dago gakoa; oso gutxirekin asko irabaz dezakegu”

“Tratu onetan dago gakoa; oso gutxirekin asko irabaz dezakegu”

Imanol Garcia Landa

Arremanitz kooperatiban ari da lanean, egun, Nerea Sancho Esnaola (Donostia, 1978), eta Hernaniko Plax aholkularitza zerbitzuaren ardura du, besteak beste. Hemezortzi urte daramatza sexologiaren alorrean murgilduta.

Psikologoa eta sexologoa zara. Zein harreman du psikologiak sexologiarekin?

Nire kasuan, psikologia ikasketak egin ondoren, sexologian murgildu nintzen. Oso lotura estua du terapia lanetan eta hezkuntzan aritzen garenontzat. Dena den, sexologoa izateko ez dago psikologia ikasi beharrik. Informatikariak edo ingeniariak dira lankide sexologo batzuk. Diziplinartekoa da sexologiaren eremua.

Nolatan bideratu zenuen zure ibilbidea sexologiaren eremura?

Psikologia ikasketak egiten ari nintzenean, sexologia ikasgai bat geneukan aukeran. Hori aukeratu nuen, eta sexu hezitzaile ikastaro bat egitea ere erabaki nuen. Lehen edo bigarren egunean konturatu nintzen hortik bideratu nahi nuela nire bizitza, eta hemen nabil hemezortzi urteren ondoren.

Urte hauetan hainbat esparrutan aritu zara lanean. Zer nabarmenduko zenuke?

Zoragarria izan da orain arteko ibilbidea, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dut. Eremu asko ditu sexologiak. Sexu aholkularitza dago, adibidez, eta telefonoz, posta elektronikoz, aurrez aurre… testuinguru askotan eta modu formal eta ez-formalean egin dut lan hori: terapia egin dut; unibertsitateko irakaslea izan naiz, sexualitatearen arloko edukiak landuz; mugimendu erotikoarekin formatu berriak sortzen ari gara kalean; hezkuntza arloan aritu izan naiz haurrekin, nerabeekin eta helduekin; argitalpenak ere badauzkat… Oso esperientzia pertsonalak izan dira guztiak, oso aberatsak. Oso eremu zabala eta askotarikoa da sexologia, eta garaian garaikoa egiteko aukera ematen du. Uste dut bizitza zikloarekin bateragarria dela lanbidea. Aniztasun hori nabarmenduko nuke, eta garatzeko ematen duen aukera.

Arremanitz kooperatibako kidea zara egun. Zer lan egiten duzu zehazki?

Lauzpabost urte daramatzat Arremanitzen parte hartzen. Plax aholkularitza zerbitzuak ireki ditugu Azpeitian eta Hernanin, eta Hernanikoaren ardura daukat une honetan; ni egoten naiz aurrez aurre jendearekin. Bestalde, TO! Tratu Onen Mugimendu Erotikoan ere ari gara lanean, eta hirigintzako zenbait proiektu ere abiarazi ditugu.

Erakunde publikoek nola lagun dezakete sexualitatea herriratzen?

Nazioartean sexu eta ugalketa eskubideen gutuna dagoela gogoratzea gustatzen zait niri. Horren arabera, sexualitateak bere eremua du giza eskubideen markoan, eta, horien artean, informaziorako, hezkuntzarako eta arretarako eskubidea bermatu beharko lituzkete erakunde publikoek. Tamalez, arautua dagoena baino askoz gutxiago egiten da. Erakundeek zer egin dezakete? Dudarik gabe, sexu heziketari espazio gehiago eskaini, edukiz hornitu, eta, une honetan utopikoa izan arren, sexualitatearen ministerio bat sortu, ez baitago sexualitatea arautzen duen erakunde edo organismorik. Osasun arloan sartzen da sexualitatea, edo hezkuntzan, baina ez dauka erakunde propiorik. Eta hori lortuko bagenu, hainbat ondorio tamalgarri eta larrialdi eragotziko genituzke ziur aski.

Zer iritzi duzu aholkularitza pribatuei buruz?

Izugarrizko garrantzia du arreta pribatuak. Jende askok gainditu behar izaten ditu zailtasunak, lortu nahi izaten ditu helburuak, eta, egun, oso mugatua da arreta publikoa. Ahal den guztietan publikoan lan egitea lehenetsiko genuke Arremanitzeko partaideok, eskubide unibertsala eta irisgarria izan behar duelako horrek. Baina oso jende baliotsua dago arlo pribatuan, oso espezializatua, eta izugarri lan polita eta garrantzitsua egiten ari direla uste dut. Jendea joaten da zerbitzu horietara, nahiz eta, normala denez, ez kontatu, oso gai pribatuak direlako. Tabuz beteta egon arren, tabu horiek egongo ez balira, ziur aski, gai asko ez lirateke partekatuko, intimitateari dagozkielako. Uste dut badirela intimitatean zentzua duten gauza batzuk, eta errespetagarria da hori. Mito eta tabu asko daude gizarte honetan, eta osasunerako, elkarbizitzarako eta bakerako ezinbestekoa da horiek gainditzea.

Zein da sexualitatearen eta sexologiaren arteko ezberdintasuna?

Norberak gizon edo emakume bezala sentitzen duen hori da sexualitatea, eta sexologiak aztertu egiten du hori, zer dagoen eta nola agertzen den ikusi… Askotan entzun izan diot jendeari sexualitatea baduela, aktiboa dela. Nik ez diot ukatuko bere esperientziak badituela, baina inor ez da kardiologoa bihotza izate hutsagatik, eta, zentzu berean, inor ez da sexologoa sexualitatea bizitzeagatik. Izugarrizko ikasketa prozesua du atzean, eta oso diziplina formatua da sexologia. Beraz, niretzat oso garrantzitsua da bereizketa hori egitea.

Zein dira aholku eske joaten zaizkizunen kezka nagusiak?

Askotarikoak izan daitezke bakoitzaren helburuak. Bikote harremanak izaten dira kasu askotan; helduen artean bai, behintzat. Elkar maitatzen dute, baina ez dira maitatuak sentitzen. Hori da existi daitekeen tragediarik handiena. Eta komunikazioa lantzen lagundu behar izaten dugu hor, besteak harreman horretan zer jartzen duen ikusarazten, tratu onak sustatzen… Gero, bakoitzak oso modu zehatzean eskatzen du laguntza. Kasu askotan, emakumeek zailtasunak izaten dituzte baginako sarketak egiteko, eta horrek garrantzi handiagoa du haurrak izan nahi dituzten garaian. Irtenbideren bat behar izaten dute, eta sexologiak nahikoa irtenbide egokiak eskaintzen dizkie.

Desioaren inguruko eskaerak ere izaten dira. Bikotekideen artean biderik laburrenak hartzen dira askotan, eta, gutxi gorabehera, aurretik jakin ahal izaten da topaketa erotiko hori nola hasiko den, nola jarraituko duen, eta nola bukatuko den; oso aspergarria bihurtzen zaie jardun hori. Kasu horietan, aholkuak eman baino gehiago, ibilbidean aldaketak egiteko ideiak ematen dizkiegu, ideia pertsonalizatuak. Eskaintzen dizkiegun ideia horiekin etxeko lanak, mendiko lanak edo autoko lanak egiten badituzte, elkar topatzeko bide berri aberasgarri eta oparoak aurkitzen dituzte, eta desioak bere lekua hartzen du berriz ere.

Bidea helmuga baino garrantzitsuagoa da sexualitatean?

Dudarik gabe, eta hori esperientziarekin helarazten saiatzen gara; egoera zehatz batzuk biziarazten saiatzen gara, ondorio horretara irits daitezen. Batzuetan, barneratuegi edukitzen dugu falozentrismoa, heterozentrismoa, orgasmozentrismoa… Donejakue bidea hegazkinez egin duen norbait ezagutzen ote duten galdetzen diet nik. Motibazio iturri izan daiteke hori? Bada, hau ere ez. Ibilbidea bera egitea da Donejakue bidearen zentzua; horrek ematen du poza. Norberaren biografian oroimen bat, bizipen bat utziko du bideak.

Euskal sexualitatearen argazki bat atera daiteke?

Ez dakit argazkia atera daitekeen… Ikusitakoaren lekukotza eman dezaket nik. Sedukzio gaietan nahiko motel gabiltzala iruditzen zait. Alde batetik, klimak baldintzatuko luke hori. Ez dakit zientifikoki norbaitek aztertu duen klimaren eragina, baina, esperientzia oinarri hartuta, uste dut denok baieztatuko genukeela hori. Bestetik, tratu ona bermatuta egongo dela jakin arte, jende asko, ziur aski, ez da prest egoten jokoan sartzeko, ez dakielako ondo bukatuko den edo ez. Hemen, batzuetan, nahiko lakarrak, zakarrak izaten gara proposamenak egitean eta jasotzean; grazia eta artea falta zaigu, agian. Ez dut esan nahi denok horrela bizitzen dugunik errealitatea, baina hobetzeko tartea daukagula uste dut, eta hori lantzen ari gara Arremanitzetik ere.

Azken urteotan zerbaitetan aldatu al da sexualitatea?

Lege aldaketa garrantzitsuak izan dira hemezortzi urte hauetan. Ahaztuta daukagu orain, baina biharamuneko pilula legeztatu zuten, abortuaren legearekin bueltaka ibili dira hainbat alditan, transexualitatearen gaiak izugarrizko eraldaketa izan du azken bost urteotan, homosexualen arteko ezkontzak… Hamar-hamabi lege garrantzitsu aldatu dira azken urteotan, eta horren lekuko izan gara sexologoak, arreta jarri dugulako eta gure egunerokoan eragin duelako.

Zer hartu behar da kontuan sexualitatean?

Tratu onena da gai gakoa, zalantzarik gabe. Kulturalki, tratu txarretan ohitu gara kasik; eskaerak modu onean edo gonbidapen gisa egin ordez, kexaka egitea. Adibide sinple bat jarriko dut: bikotekideari esaten badiozu “sekulako gogoa dut zurekin zinemara joateko, desiratzen nago”, hori da tratu onetik abiatzea. Horren ordez, “jo, ez gara behin ere zinemara joaten!” esaten badiozu, gogo gutxiago duela esatea izan daiteke erantzuna. Oso gutxirekin asko irabaz dezakegu, eta sexualitatearen eta harremanen arloan ezinbesteko gaia da hori.

2016ko Donostiako Kultur Hiriburutzaren barruan, DSSirez egitasmoa izan zen TO! Mugimendu Erotikoaren iturburua. Zertan da gaur egun?

Egindako lanak aukeratzen ari gara orain; hau da, eraginkorrak diren jarduerak jaso eta festen testuinguru horretan kokatzen ari gara. Erotismoa, tratu onak eta festak elkartzen ari gara. Lan asko dago egiteko arlo horretan.

Egun ditugun arazo askoren aurrean, prebentziorik eraginkorrena kultura erotiko positiboa lantzea dela diozue mugimendu horretatik.

Kultura erotikoaz hizketan ari garenean, adibide bezala, segituan irudikatzen dugu desberdina dela gure lurraldean edo Saudi Arabian emakume izatea. Orduan, desioa eta erakarpena barnean daudenean, zer-nolako harremanak dauzkagu gizon-emakumeok? Eta emakumeok geure artean? Eta gizonek euren artean? Hori aztertuta, eta ikusita tratu on gehiagoren beharra dagoela, horretaz ari gara hizketan kultura erotikoa aipatzen dugunean. Erotismoari dagokionez, ezezkoak onartuko bagenitu, eta baiezkoak ondo proposatu, beste kultura bat sortuko genuke. Helburu hori daukagu guk.

Sexualitatea botere kontua ere bada. Matxismoak sexu indarkeria erabiltzen du, adibidez.

Dudarik gabe, oso baldintzatuta daude sexu harremanak eta botere harremanak. Gizartea asko sentsibilizatu da azken gertakariekin. Martxoaren 8an milaka emakume eta gizon atera ginen kalera, eta egindako lana aitortu behar zaio feminismoari. Hainbat arlotan gertatzen da hori, eta baita arlo pribatuan ere. Uste dut jendeak hor kokatzen duela sexologia; intimitatean, etxeko giroan. Kontziente izan gabe, baina emakumeak barneratuak ditu hainbat eta hainbat lan zama, rol eta betebehar. Baita gizonezkoek hainbat rol eta eskubide ere. Gizonek gizonen artean dituzten konplizitateak seinalatu behar ditugu denok hori desartikulatzeko; hori da gakoetako bat. Konplizitatea eta lankidetza sortu behar dugu gizon-emakumeen artean; lagunkoiak izan behar dugu. Gizonek ardura hartu behar dute horretarako, eta eurei ere komeni zaie pausoa ematea. Iraultza baino gehiago, uste dut eraldaketa dela benetan eraginkorra; behin tratu onak ezarrita, bide horretatik lortuko dugu egonkortasuna. Gizonen arteko konplizitateak identifikatzea eta desegiten hastea da gakoetako bat.

Sexologo gisa, zein iritzi duzu sanferminetako talde bortxaketaren auziaren inguruan?

Niretzat oso zaila da emakume eta sexologo hitzak bereiztea. Uste dut nahiko argi dagoela epaiketa guztiz bidegabea izan dela; izugarrizko indarkeria egon zen tartean, eta bortxaketa izan zen, zalantzarik gabe. Iruñean bost astakirtenek emakume bat egoera horretan erabiltzea bortxaketa ez bada, zer da bortxaketa? Izugarrizko lanketa eskatzen du gai horrek, eta ikuspuntu askotatik begiratu beharra dago; eraldaketa bat behar da. Sexu heziketa egingo bagenu, ez genituzke itzali beharko horrelako suak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.