Gorazarre lurreko ‘langostinoari’

Gorazarre lurreko ‘langostinoari’

Rebeka Calvo

Piparmin Eguna izena du Ibarrako gaztetxeak herriko belaunaldiak elkartzeko antolatzen duen jaiak; Langostino izena du moto elkarteak; piparreroak esaten diete futbol taldeko partaideei; Urtezaharreko krosean beti azaltzen da piperren bat; Hauspoa kultur elkarteak piperraren bueltako azoka berezi bat antolatzen du irail inguruan; eta, horren barruan, Xepla elkarteak pintxo lehiaketa egiten du jaki preziatu horretan oinarrituta. Adibide batzuk besterik ez dira horiek; badira gehiago ere. Azken urteotan, Ibarraren nortasuna bertako piperraren inguruan eraiki da.

Ibarrako langostinoak asko markatu du herriaren izaera; sinbolo bat da”. Hori baino gehiago ere bada Ibarra, noski, baratze edo landare herria ere badela gaineratu baitu Josu Ozaita antropologoak (Ibarra, 1980). “Ibarra da piperraren hiriburua; jaki horrek herria mapan jartzen lagundu du. Piperra klimari esker bihurtu da berezi. Hala ere, egia da kooperatiban landareetara jotzen dutela gehiago”. Ozaita buru-belarri sartuta dabil piperren inguruko dokumentazio lanean. Udalak apustua egin du piperraren inguruan lanketa egiteko, eta hainbat mugarri jarri ditu; Ozaitak urte bukaerarako prest izango duen liburua izango da horietako bat.

“Piperra gure aurkezpen txartelaren modukoa dela esan genezake, baina oso gutxi landu da gai hori. Historia aztertu dut libururako, baina batez ere herrian izan duen eta duen pisua aztertu nahi izan dut”, azaldu du. “Liburu fresko eta erakargarria egitea da asmoa. Historia pixka bat izango du, irudi asko, ekoizleen historia, herriko nortasunean izan duen garrantzia… Ibartar guztiek gustura irakurriko duten liburu bat ateratzea eta piperraren inguruan zenbat gauza egin diren bistaratzea da helburu nagusia, dimentsio zabal hori hartu ahal izateko”. Hori guztia bilduko du liburuan, baina baita Xepla elkarteak antolatzen duen pintxo lehiaketako errezetak eta piperraren inguruko dibertsifikazioa ere. Alde horretatik, Arane baserriak piper gorriaren hautsa atera du; saltxitxa eta hanburgerrak ere egin ditu Joxe Mari Barriola harakinak…

Urtean bitan elkartuko dira

Berebiziko garrantzia izango du liburuarekin batera osatu berri duten Piparraren Mahaiak ere. “Hiru ekoizle daude Zubelzu, Txumitxa eta kooperatiba osatzen duten baratzezainak; piperrarekin harremana duten herriko hainbat talde ere bai; Uzturpe ikastolak eta merkatariek zein tabernariek ere bat egin dute, eta baita norbanakoek ere, irekia baita taldea”. Urtean bitan biltzeko asmoa dute, eta azaroan egingo dute hurrengo bilera. Mikel Agirrezabala alkatearen hitzetan, “piperraren ospea indartzea” da Piparraren Mahaiaren helburua. “Eta baita ekonomia dinamizatzea ere, ekoizleak, merkatariak eta tabernariak bertan kokatuta”. Gehitu du herritarrek berezibiko garrantzia dutela lanketa horretan. “Ibarraren nortasuna eta identitatea indartu nahi ditugu”. Herritarren ekarpenak eta bizipenak jaso nahi dituzte, eta, horretarako, kultur etxean ideia faktoria egin berri dute: “Ekoizleekin bildu nahi dugu, baina herritarrak ahaztu gabe. Paperak jarri ditugu kultur etxeko paretetan, eta herritarrak animatu ditugu bertan ideiak idaztera. Oso ekarpen interesgarriak egin dituzte”. Galdetegiak ere bidali dizkiote herriko hainbat talderi.

Helburuak eta gogoetak partekatzeko foro bat sortu dute, eta piperraren lanketa integrala egin nahi dute liburua idaztearekin batera. Izan ere, piperrak betidanik izan du indarra Ibarran, baina garatuz joan da hori ere. “Lehen, ozpinetan bakarrik jartzen zen; frijitzearena nahiko kontu berria da. Lapikokoen lagungarria izatetik eta baratzean periferian egotetik, erdigunean egotera pasatu da; udan, batez ere”.

Hori guztia, dena den, ez da hutsetik sortu, 789 taldearen lana izan baita akuilu. Hainbat herritarrek 2013an sortu zuten talde hori, eta haien gogoetatik jaio zen gainontzeko guztia. “Lanerako prest dauden boluntarioak dira; ekintzaileak dira”. Talde horrek egindako lana ere nabarmendu nahi izan du alkateak.

Piparraren Mahaia eta liburua dira orain egiteko nagusiak, baina hainbat lan egin dituzte orain arte; Uzturpe ikastolarekin elkarlanean egindako Piparraren Zikloa, adibidez. DBH 3ko ikasleak piperrak landatzera eramaten dituzte San Isidro ospakizunaren bueltan, eta irailean itzultzen dira hara, piperrak jasotzera eta ozpinetan nola sartzen diren ikastera. Transmisioa landuz, Ibarrako piperra herriratzea eta munduratzea da helburua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.