Ingurunea zaintzeko sistema

Ingurunea zaintzeko sistema

Maialen Etxaniz

Goi lurretako urak garbi jaisten badira ere, gizakion jardunak kutsatu egiten ditu. Inor gutxik pentsatu du nora joaten diren landa eremuetako aterpetxeetako zein sukaldeko urak, edo garbitzen ote diren. Izarraitz mendilerroko Xoxote mendian ur zikinak garbitzeko arazketa sistema naturala jarri dute: fitoarazketa sistema. Kimu Bat enpresak egin ditu sistema hori ezartzeko lanak, Azpeitiko Udalaren eskariz. Menditik urrun, Azpeitian, orain gutxi izan dute sistemaren berri, eta herritar gutxi batzuek soilik dakite zertan datzan.

Herriko enpresen egoera eta horiek esku artean zituzten proiektuak ezagutzen ari zela izan zuen Azpeitiko Udalak Kimu Batek ezarri ohi duen fitoarazketa sistemaren berri. Proiektuaren helburua interesgarria zela iritzita, Xoxote mendian ezartzea aztertu zuen, eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideekin harremanetan jarri zen orduan.

Duela urte eta erdi inguru udalaren proposamen deia jaso zutenean, Azpeitiko mendizale elkarteko lagunek ere ez zuten ezagutzen fitoarazketa sistema. Hala azaldu du Lagun Onak MBko lehendakari Aitor Unanuek: “2016ko abenduan jaso genuen udal ordezkarien deia. Orduan kontatu ziguten herriko enpresa batek landa eremuetan ur zikinak garbitzeko fitoarazketa izeneko sistema berri bat jarri zuela martxan. Hura aztertzen hasita zeudela eta garbiketa sistema Xoxoten ezarri nahi zutela azaldu ziguten. Horren inguruan, gure iritzia jakin nahi zuten”.

Ur zikinak bi tratamendu jasotzen ditu fitoarazketa sistemarekin, eta landaredia eta fauna arduratzen dira ura garbitzeaz, prozesu biologiko-fisiko-kimikoen bitartez. Hori jakitean, Lagun Onak MBko kideek baiezko borobila eman zioten udalaren proposamenari, sistema berria ezartzea ingurugiroari “mesede” egitea zela iritzita. “Ez genuen askorik pentsatu, orain arte ezarrita zegoen sistema ez baitzen txukunagoa”, azaldu du Unanuek. Azpeitiko Udalaren hitzetan, “zahartuta eta hondatuta” zegoen Xoxoteko aterpetxeko ur putzu beltza. Leku hura naturala eta babestua izanik, fitoarazketa sistema probatzeko “toki aproposa” iruditu zitzaien udalari zein mendi elkarteko kideei, eta martxan da jada.

Fitoarazketa egin ahal izateko, bi araztegi txiki jarri dituzte Xoxoteko aterpetxearen behealdean. Ur zikina araztegietako batetik pasatzen da lehenik, eta bestetik ondoren. Bitarte horretan, hondakin uretan dauden elementu kutsagarriak murrizten edo desagerrarazten dituzte landareek. Araztegietarako sarreretan eta irteeretan uraren egoera aztertzen dute fitoarazketarekin. Bi hilean behin egiten dituzte neurketak, eta, orain arteko emaitzen arabera, %99ko errendimendua du ura garbitzeko fitoarazketa sistema horrek.

Emaitzak “positiboak” direla diote udalak zein Lagun Onak MBk. Horregatik, ur zikinak garbitzeko arazketa sistema natural hori “eredu” izan daitekeela uste du Azpeitiko mendizale elkarteko lehendakariak: “Ez dugu inguruko aterpetxeetako ura arazteko sistemen berririk, baina ezagutzen ditut ur deposituak traktoreekin-eta hustu behar izaten dituztenak. Xoxoten orain arte zein sistema izan dugun ikusita, inguruko leku askotan antzerakoa izango da egoera, ziur”. Unanue sinetsita dago metodologia berri hori aurrerantzean erreferente izango dela: “Landa eremuetako aterpetxeetan eta artzain txaboletan ibiltzen direnei fitoarazketa sistema erabilgarri izango zaiela uste dut, Euskal Herrikoei zein hemendik kanpokoei; inguru hauetako aterpetxe txikietako jabeei zein Pirinioetakoei. Horrela izatea nahi genuke, behintzat”.

Naturaren gaineko kezka

Mendiko ur zikinei dagokienez, herritarrak gutxi kezkatzen direla uste du Unanuek, baina egoera aldatzen ari delakoan dago: “Ez zait iruditzen uraren kutsaduraren inguruan kezka handirik dagoenik. Pentsatu nahi dut gaur egun urak ondo kanalizatuko dituztela landa eremuetan eraikin berriak egiten dituztenean. Horretarako baliabideak badaude, behintzat”.

Ingurumenaren inguruko kontzientziazioa “apalduta” egon dela uste duen arren, herritarrak naturaz gero eta gehiago kezkatzen direla uste du Lagun Onak MBko lehendakariak: “Pixkanaka-pixkanaka goraka doa kontzientziazioa. Gero eta jende gehiago ibiltzen da mendian, eta horrek badu eraginik. Baso ugari botatzen ari dira azken boladan, eta pinudien gaineko zalaparta ere sortu da. Eukaliptoaren inguruan ere badago beldur pixka bat, indartsu sartuko ote den edo”. Inguruetako paisaia aldaketak nabaritzen hasi da Unanue azken bi urteetan, eta jendearen protestak areagotu ditu horrek. “Gero eta kexa gehiago entzuten dut inguruan. Zarata ateratzen hasi da jendea”.

Lagun Onak MBko lehendakariarentzat “oso garrantzitsua eta oinarrizkoa” da fitoarazketa sistemaren gisakoak ezartzea edo ingurumenaren eta baliabide naturalen gaineko hausnarketak egitea. Horregatik, bide horretan urratsak egiten jarraituko dutela azpimarratu du: “Baliabide naturalak hor daude, eta horiek ondo kudeatzen irakatsi behar diegu gure ondorengoei. Hor dago giltza; hor dago etorkizuna”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.