Kalera aterako dute taberna

Kalera aterako dute taberna

Unai Zubeldia

Ez zuten zain egon nahi. “Eta horregatik antolatu genuen iaz Ez Dok tabernaren urteurren festa, proiektua gauzatu eta lau urte eskasera”. Beinat Saban Eibarko Ez Dok tabernaren jabeetako batek azaldu duenez, hiru eguneko kontzertu jaialdia antolatu zuten orduan. “11 talderekin eta doan, gure tabernan bertan beti egin izan dugun moduan”. Urteurren festa hura “zoramen txiki-handi bat” izan zela onartu du Sabanek. “Eta, hain zuzen ere, orduan hasi zen mamitzen Ez Dok Fest jaialdia”. Ia oharkabean sortutako proiektua indartuta, hemezortzi talderen kontzertuak izango dira, gaur eta bihar, Unbe kirolgunean. Gaur, 19:00etan hasiko dira kontzertuak, eta, bihar, 17:00etan.

“Hilbehera, Bost, Margon… Eibarren taberna horietan ibiltzen zen gure belaunaldia, baina desagertuta daude guztiak”. Sabanen hitzetan, horren ondorioz “kanpoan” gelditu da pop, punk, rock, heavy… musika zirkuitu hori. “Eta iazko ekitaldiak izan zuen harrera onaz jabetuta, beste pauso bat eman genezakeela ikusi genuen”.

Antolaketa lanetan formakuntza handirik ez daukatela onartuta ere, ez zuten zalantzarik izan. “Oso musikazaleak gara gu, eta asko gustatzen zaigu talde berriak ezagutzea edo tabernako bezeroekin musikaz hitz egitea”. Jaialdi txiki bat antolatzea, horixe zen hasierako erronka. “Baina, azkenerako, itxuroso samar gelditu zaigu kartela; hori uste dugu, behintzat”. Joseba B. Lenoir, Belako, Toundra, Melange, Kokein… “Erraza izan da bidea, taldeek oso jarrera ona izan dutelako gurekin, eta Eibarko Udalak ere hasieratik eman zigulako laguntza”. La Salve garagardo etxearen babesa ere badauka jaialdiak.

Baina, pauso horiek guztiak emanda ere, azken erronka falta zitzaion proiektuari: Berri Txarrak taldea erakartzea. “Beti gustatu izan zaigu asko talde hori, eta horretaz jabetzeko nahikoa da gure tabernan sartzea. Bazkideetako batek esan zidan saiatu egingo zela eurekin kontaktua egiten”. Ez zeukaten itxaropen handirik arrakasta lortzeko. “Baina ezezkorik ez ziotela eman esanez etorri zen egun batzuk geroago, eta baiezkoa eman zioten azkenerako. Polita izan zen momentu hori”. Berri Txarrak taldea lotzeaz gain, antolatzaileek garrantzi handia eman diote emakumeen presentziari ere. “Eta talde guztiak kontuan hartuta, partaideen %37-38 izango dira emakumeak, normalean baino dezente gehiago”.

Inguruan begira hasita, Ez Dok Fest ez da taberna txiki batetik sortutako lehen jaialdia. “Hor dago, adibidez, Azkena Rock ere; antzera sortu zen jaialdi hori”. Helburua ez da Gasteizko jaialdi hori ispilu gisa erabiltzea. “Baina zoramen honetan sartzen lagundu digu bere garaian Azkenak eman zuen pausoak”. Argi daukate eurek ez dutela egingo promotore lanik. “Iristen garen lekuraino iristen garelako”. Baina, alde horretatik, esker oneko hitzak besterik ez dauzkate musika taldeentzat. “Euren borondate onari esker gauzatu ahal izan dugu proiektua”.

Bi egunetarako bonua

Udalarekin elkarlanean, bi egunetan doan hartu ahal izango da autobusa Eibar erdialdetik Unbera joateko —3.500 lagunentzat lekua izango da—. Gaur, 17:00etan abiatuko da lehen autobusa, eta 18:00etan irekiko dituzte Unbeko ateak. Bihar, berriz, 15:00etan abiatuko da lehen autobusa, eta 16:00etan irekiko dituzte ateak. “Horrez gain, kontzerturako sarrerak ere ahalik eta gehiena merkatzen saiatu gara, eta zaindu egin dugu edariaren prezioa ere”.

Beste hainbat jaialditan egondakoak dira Ez Dok Festeko kideak. “Eta poltsikoa hustuta ateratzen garen sentsazioa izaten dugu askotan. Horregatik saiatu gara neurriak hartzen”. 25 euroan eros daiteke gaurko sarrera, 30 euroan biharkoa, eta 49 euroan bi egunetakoa. Tabernan bertan edo www.ezdokfest.com webgunean eros daitezke sarrerak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.