Elhuyarren betaurreko eleaniztunak

Elhuyarren betaurreko eleaniztunak

Asier Zaldua

Gero eta turista gehiago etortzen dira Euskal Herrira, eta gero eta herrialde gehiagotatik, gainera. Albiste ona da museoetako arduradunentzat, baina baita buruhaustea ere. Izan ere, panelak erabiltzen dituzte museo askotan eta ez dute tokirik testuak hizkuntza askotara itzultzeko. Hala, Elhuyar fundazioa gida eleaniztunak sortzen ari da. Antioko interpretazio zentroan (Zumarraga) probatu dute azken prototipoa, Tecnaliaren laguntzarekin egindakoa: betaurrekoak ematen dizkiete bisitariei, eta, panel baten aurrean jartzen diren bakoitzean, haiek aukeratu duten hizkuntzan azaltzen zaie paneleko testua.

Elhuyarrek urte asko daramatza gida eleaniztunak sortzen. Beste hizkuntza batzuetara itzultzen ditu paneletako testuak, eta webgune batera eramaten ditu. QR kode bat jartzen dute paneletan, eta bisitariek nahikoa dute kode horri argazkia ateratzea mugikorrean paneletako azalpenak euren hizkuntzan irakurri edo entzun ahal izateko.

Hainbat museo eta ibilbide turistikotan jadanik martxan da sistema hori: Albaola Itsas Kultur Faktorian, Antioko interpretazio zentroan, EHUren Carlos Santamaria zentroan eta Usurbilgo Harria Hitz ibilbidean. Donostia 2016ren bi erakusketatan ere erabili zuten sistema hori.

Itsuentzat, balizak

Iaztik, hainbat hobekuntza egin dizkiete produktu horiei. “Gure produktuak irisgarriak izan daitezen nahi dugu. Itsuek sakelakoan entzun ditzakete azalpenak, baina QR kodeak eskaneatu behar izaten dituzte horretarako, eta ez dute jakiten QR kode horiek non dauden”, azaldu du Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia saileko Igor Leturiak. Hori dela eta, baliza batzuk jarri zituzten bidean. “Baliza horien seinalea jasotzen dute telefonoek, eta mezua entzun nahi duten ere galdetzen dute. Itsuen ibilbidea gidatzeko ere balio dute balizek”.

Baina Antioko interpretazio zentroan prestatu duten prototipoa da produkturik berritzaileena. “Errealitatea areagotzen duten betaurreko batzuk dira. Aplikazio baten bidez, informazioa betaurrekoetan gainjartzen da panel baten aurrera iristearekin batera. Horretarako, norberak bere hizkuntza aukeratu behar izaten du hasieran”. Paneletako testua entzuteko aukera ere ematen dute.

Betaurrekoak eta aplikazioa ez daude erabilgarri oraindik. “Antioko interpretazio zentroan egin genuen testa, baina oraindik ezin dira erabili”, zehaztu du Leturiak. “Garestiak dira betaurrekoak, eta Zumarragako Udalak ikusi beharko du erostea merezi duen edo ez”. Elhuyar eta Tecnaliaren asmoa da museoei eta ikastetxeei eskaintzea betaurrekoak eta haientzat egindako aplikazioa. “2.000 euro baino gehiago balio dute betaurrekoek, baina merkeagoak izango dira merkatuan zabaldu ahala”.

Gainera, euskara atzean gelditu ez dadin lanean ari dira. “Hizketa-teknologiez arduratzen naiz ni”, hasi du azalpena Leturiak. “Ordenagailuak hitz egiteko eta esaten zaiena ulertzeko gai izatea da gure helburua. Google, Apple, Amazon, Microsoft… Mundu horretan sartzen ari dira guztiak”. Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia saileko ordezkariaren hitzetan, haiek euskararekiko interes handirik ez dutenez, beraiek arduratzen ari dira euskarari tokia egiteaz. “Etorkizunean hitz eginez maneiatuko ditugu tresnak, eta, enpresa handiak ez direnez arduratuko euskararen presentzia bermatzeaz, guk egin beharko dugu lan hori”.

Leturiak uste du errealitatea areagotzen duten betaurrekoek ere aurrera egingo dutela poliki-poliki. “Bideo-jokoen eskutik egin dira ezagun. Aplikazio gutxi dituzte oraindik, baina bidea lantzen ari dira enpresa handiak”.

Elhuyarreko ordezkariaren hitzetan, etorkizunean “asko” erabiliko dira. “Enpresa erraldoiek betaurrekoak dauzkate, aplikazioak lantzen ari dira eta merkaturatzen lehenengoak izan daitezen borrokan ari dira”. 360 graduko ikuspegia eskaintzen dute betaurreko horiek. “Eta sentsazio erreala bideo-jokoetan. Baina aplikazio asko dauzkate hezkuntzan, irisgarritasunean edo turismoan ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.