Elkarrizketarako lagunik gabe

Unai Zubeldia Guretzat ez ziren serioak urrian mahai gainean jarri zituzten proposamenak". Eta sindikatuak horregatik altxatu ziren Gipuzkoako zahar etxeetako, adineko pertsonentzako eguneko zentroetako eta tutoretzapeko etxeetako lan gatazka bideratzeko sortutako negoziazio mahaitik. Txomin Lasa ELAko zahar egoitzen saileko arduradunak salatu duenez, patronalen azken zirriborroan ez ziren islatu azken gatazketan adostutakoak. "Atzerapausoa zen, 2005etik 2008ra arteko hitzarmenaren hobekuntza txiki batzuk hartu zituztelako oinarri gisa. Ez zegoen negoziazioei ekiteko eduki garrantzitsurik; soldatak izoztea eta lan baldintzak kaskartzea proposatu zuten". Zortzi hilabete joan dira ordutik, eta zain jarraitzen dute sindikatuek. "Abenduan, Gabonak baino lehen, deialdia egingo zigutela esan ziguten urriko bilera hartan", azaldu du Ane Sarriegi LABeko ordezkariak. "Baina ez zen izan mugimendurik, eta otsailean gutun bat bidali genien patronalei, euren arduraren berri emateko". Adegik (%36) eta ACGGk (%10) bakarrik erantzun zuten —ez zuten izan Matia (%27) eta Laresen (%27) berririk—. "Baina ez zuten egin inolako keinurik. Aldundia, bitartean, beste aldera begira dago, gatazkan zerikusirik izango ez balu bezala, baina bereak dira azpiegituretako asko. Itundutako zerbitzu asko eskaintzen dira zahar etxeetan". Oinarrian, sindikatuak ados daude: "Irtenbidea behar du arazo honek, gero eta mendekotasun handiagoa daukatelako zahar etxeen erabiltzaileek". Baina sindikatuak eurak ere ez daude bat eginda —langileen %61 ordezkatzen ditu ELAk, %20 LABek, %9-10 CCOOk, eta beste hainbeste UGTk—. Mobilizazio dinamika propioa lantzen ari da sindikatu bakoitza, eta, horren erakusgarri, LABek elkarretaratzea egingo du hurrengo astean, hilaren 14an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian. "Negoziazio mahaia geldirik dagoela salatu nahi dugu, batetik; eta langileen ratioen gaia ere gizarteratu nahi dugu". ELAk, berriz, hamazazpi greba egun antolatuta dauzka uda ondorenerako —aurretik, beste ekintza bat egingo dute uztailaren 13an—. Akordiorik ezean, irailaren 28an egingo lukete lehenengoa; hiru egingo lituzkete urrian, hilaren 24an, 25ean eta 26an; bost azaroan, hilaren 26tik 30era; eta abenduaren 24tik 31ra ere greba egingo lukete. Ez dute baztertu, gainera, hortik aurrera protestak indartzea. 5.000-6.000 langileri eragiten die lan gatazkak, eta emakumezkoak dira %95 inguru. "Zabalik daude gure ateak" Sarriegik azaldu duenez, "herrialdeko hitzarmen duina" nahi du LABek. "Langile guztiei eragingo liekeen hitzarmena, eta horren alde ari gara borrokan". 2009-2012 artekoa da sektoreko azken lan hitzarmena. "Eta horrek legez, jada, ez dauka baliorik, nahiz eta enpresa batzuek aplikatzen duten oraindik, aldundiak diru ekarpen hori egiten dielako, noski". Lasak azpimarratu du ELA eta LAB elkarrekin joatea izan dela beti euren borondatea, sinetsita daudelako "mesedegarria litzatekeela indar bilketa hori". Alde horretatik, herrialdeko hitzarmena sinatzearen alde dago ELA. "Baina enpresaz enpresa indartu behar da hitzarmen hori, horrek bermatuko duelako lan baldintzak betetzea". Lasak onartu du "desadostasunak" dauzkatela bi sindikatu abertzaleek. "Eta horregatik erabaki dugu bakoitzak bere bidea jorratzea". Desadostasunak desadostasun, ordea, sindikatuek argi utzi dute "negoziatzeko borondatea" daukatela. "Gure ateak zabalik egongo dira beti", azpimarratu du Lasak. "Baina beste aldean ere borondatea behar da horretarako". Eta ezkor daude. "Gure eskaerak zilegitasun handikoak diren arren, ez dirudi ez patronalek eta ez aldundiak borondate handirik daukatenik egoera desblokeatzeko. Aldizkarietan-eta idazten dituzte hainbat kontu, baina gero atzera egiten dute kontzeptuak mahai gainean jarri behar direnean". "Soldatak, ratioak, kalitatea, eskubide sozialak, borondate politikoa...". Eskaera zerrenda luzea daukate sindikatuek, baina keinuak nahi dituzte. "Gutxieneko eduki batzuk behar ditugu mahai gainean, eta entzungo digun norbait behar dugu parean".