“On eta txar guztiarekin, baina gure etxea nahi dut nik”

Unai Zubeldia

Bidania jaioterritik Donostiara lekualdatuta, 14 urte zituela hasi zen lanean Paulo Muñoa (1941), eta ez da nekatu oraindik. Lehenengo ikastolen sorrera, Ikastolen Elkartea, Kutxako lan jarduna… eta Gure Esku Dago dinamika. Behin erretiroa hartuta heldu zion azken erronkari, eta pasioz bizi du egunerokoa. “Esan ez, egin egin behar da”. Igandean, Muñoarena izango da giza kateko lehen eskua, eta, momentu hori gogoan, Josema Martin Gure Esku Dago-n lankide izan zuena ekarri du gogora. “Dagoen tokitik jarrai dezala guri laguntzen”.

Hormak eta harresiak ez ditugu maite. Elkarrekin bizi nahi dugu soilik… Baina, elkarrekin bizi ezinik, etengabe hormak eraikitzen jarraitzen du gizakiak.

Horrela dago gaur egungo gizartea, eta hori puskatzea da gure asmoa. Elkar errespetatuz, bakoitzak bere ideiak eta nahiak defenda ditzan nahi dugu. Bide horretatik jantzi nahi dugu gizartea.

Itzali samar al dago gizartea?

Zain dago jendea. Izugarrizko ilusioa sortu zuen lehenengo giza kateak, baina, hura pasatuta, “datorren urtean zer egingo dugu?” galdetzen zuen jendeak. Eman egin behar zaio jendeari; zain daude herritarrak. Gutxiren esku gelditzen da eguneroko konpromiso hori, eta maratoi luzea da hau. Hori bai, zerbait eskainitakoan, oso harrera ona egiten dute herritarrek. Proiektu erakargarriak sortzea da gure erronka.

Igandean milaka eta milaka euskal herritar dira ateratzekoak kalera herri libre baten eskean. Zer sentsazio daukazue?

Azken momentura arte ez da aktibatzen jendea. Lehen giza katean ere, aurreko hilabete guztietan baino mugimendu handiagoa izan genuen ekaineko hamar egunetan, eta antzeko zerbait gertatzen ari zaigu orain ere. Uste dut euskaldunok geurezkoa dugula izaera hori. Astero-astero, hogei bat lagun biltzen dira Gure Esku Dago-ren bileretan, eta proba egin genuen orain gutxi: “Gutako zenbatek eman dute izena giza katerako?”, galdetu genuen, eta hiruk altxatu zuten eskua; hogeitik hiruk. Horixe da ispilua. Kosta egiten zaigu pausoa ematea.

Esku asko behar dira Donostia eta Gasteiz lotzeko…

200 kilometro baino gehiago dira, eta, herritar bakoitzak bi metroko zabalera hartuta, 100.000 lagun beharko ditugula kalkulatzen dugu. Aurreko giza katean 50.000 herritar zeuden izena emanda, eta 150.000 azaldu ziren gero. Azpiegitura arazoak sortzen dira horrelakoetan, baina pozgarria da oso.

Herritar horiei guztiei zuk emango diezu lehenengo eskua igandean. Ohorea edo ardura, zer sentitzen duzu gehiago?

Gustura hartu dut eskaintza. Adinean aurrera eginda sartu nintzen mugimendu honetan. Angel Oiarbidek deitu zidan behin, eta idazkaritzan nire izena atera zela esan zidan. Inor ez nuen ezagutzen bilerara joan nintzenean, baina Eusko Alderdi Jeltzalekoak ikusi nituen han, ezker abertzalekoak ere bai, sozialista bat ere bai… Gustatu egin zitzaidan. Ez nintzatekeen sartuko kolore edo alderdi bakarraren mugimendua izan balitz; ahaztuta dauzkat kontu horiek. Baldintza txiki batzuk jarrita, pausoa ematea erabaki nuen. Erretiroa hartuta nagoenez, oso merkea naiz [barrez], eta jendea gustura dagoela uste dut. Gustuko lana da niretzat.

Nola jaso zenuen igandean lehenengo eskua zurea izateko proposamena?

Idazkaritzako kideek aipatu zidaten nire izena zerabiltela buruan. Ni naiz taldeko zaharrena, eta nire lankidetza oso garrantzitsua izaten ari dela esan zidaten; arazo ekonomikoak, lege kontuak… denei irtenbidea aurkitzen niela eta merezi nuela esan zidaten.

Aroa Arrizubieta egongo da giza katearen beste muturrean, Gasteizen. 17 urteko neska bat. Etorkizuna irudikatu nahi izan duzue horrekin?

Horrelako zerbait irudikatu nahi dutela uste dut, bai, eta polita izango da momentua.

Zein etorkizun dauka Euskal Herriak nazio gisa?

Zortzi herrialde dauzkan Euskal Herria ikusten dut nik. Ahaztuta daukagu diaspora, baina euskaldun sentitzen diren bost, sei, zazpi milioi pertsona dauzkagu han. Argentinara edo Boisera joandakoan ikusi izan dugu jendea gure zain dagoela, Euskal Herritik zer jasoko zain. Folklorea-eta mantentzen dugula onartzen dute, baina harrotasunari eusteko proiektuak behar dituztela errepikatzen digute behin eta berriz. Elkarrekin-Together filmari, esaterako, harrera bikaina egin diote AEBetan, Argentinan… Babesa behar dute diasporan. Giza katea daukagu orain; Donostiako galdeketa gero, azaroaren 18an; Nafarroan jarraituko dugu, batez ere, galdeketekin gero… Baina diasporari begira ere gauzatu nahi ditugu proiektu batzuk, altxor hori ez galtzeko. Erakargarria den zerbait eskaini behar diegu.

Nazio ikuspegiaz harago, zein etorkizun ikusten diozu euskarari?

Euskarak erreakzionatu egiten du arriskuan dagoenean, baina momentu honetan ez dut uste arriskuan dagoenik. Guk apustua egin genuen ikastolak sortzen hasi ginenean; gure seme-alabak sartu genituen han, eta heziketa ona izango zuten, ez zuten… zalantzan zegoen dena. Gauza berria zen hura, eta aurrera egin zuen. Euskal Herrian badaukagu geurezko erreakzio gaitasun hori; euskararen gaian ere bai. Industria arloan ere pentsa zenbateko gorabeherak izan diren, baina, zortzi-hamar lagun elkartu, kooperatiba sortu eta munduko piezarik onentsuenak egiteko gai dira hemen.

50 bat urte atzera eginda, zu buru-belarri murgildu zinen Donostiako Ikasbide ikastolaren sorrera lanean. Zer beharri segika eman zenuten pausoa?

Bidaniarra naiz jaiotzez, eta 14 urterekin etorri nintzen Donostiara, gurasoekin batera, lanera. Garai hartan kalean atentzioa ematen ziguten euskaraz hitz egiteagatik, eta horrek ez zidan egiten batere graziarik. Giro horretan, zer edo zer egin beharra geneukala ikusi genuen, eta lanean hasi ginen. Gerora 35 bat urte egin ditut nik ikastolen mugimenduan sartuta. Hasieran ez geneukan ez materialik, ez baliabiderik… baina gaur egun, zorionez, kalitate handiko materiala daukagu eskura, eta ikastolak ere hor daude. Harro nago.

Zer zeneukaten buruan lehenengo ikastolak sortzen hasi zinetenean? Zein Euskal Herri irudikatzen zenuten?

Nik argi neukan: euskara berreskuratu beharra geneukan. Ni neu, adibidez, ez nintzen gai testu jakin batzuk euskaraz irakurtzeko, eta erronka horri heldu beharra geneukala sentitu nuen. Euskaraz ez zekiten batzuk ere murgildu ziren proiektuan, eta buru-belarri hasi ginen lanean.

Egoera soziopolitiko berezian, zailtasun asko izango zenuten proiektua gauzatzeko, ezta?

Bai. Garai hartan, Elizaren babesean jaio ziren ikastola gehienak; laguntza handia eman zuen, baina baimen asko eskatu behar izaten genuen, eta kostata lortzen genituen asko. Orduan ez zegoen diru laguntzarik, eta txabolsotoa antolatu, gurasoen artean ikastola txukundu, pintaketa lanak egin… Ofizio guztiei heldu genien garai hartan. Indartu egin ginen pixkanaka, eta 1980 inguruan lortu genituen lehenengo akordioak Eusko Jaurlaritzarekin.

Euskara, ikastolak, euskalgintza… Baina Kutxako langilea zinen zu garai hartan.

Hala da, bai. Bidaniko eskola publikoan egin nituen ikasketak; garai hartako batxilergoa amaitu eta kito. 14 urterekin hasi nintzen lanean, 77 dauzkat orain, eta lanean jarraitzen dut oraindik [barrez]. 30 bat urte egin nituen Kutxan.

Merkatua aztertuta, ezegonkortasun politikoa dago Italian, zentsura mozioa Espainian… eta krisi hotsak finantza merkatuetan.

Bai, baina oso jende baliotsua dago ekonomia arloan, eta sinetsita nago Euskal Herria gai dela munduko merkatuan bere kasa maila altuan ibiltzeko. Kalitate handia dago Euskal Herrian, eta ez dit ematen inolako beldurrik.

Noren esku dago merkatuaren oreka?

Argi dago elite baten esku dagoela agintea, eta elite hori ez dago ez Alemanian, ez Espainian eta ez AEBetan. Merkatua ez dago gobernuen esku. Gutxi batzuek erabakitzen dute une bakoitzean zer egin; krisia hemen, laguntza han… Horregatik dago gero eta dirudun gehiago.

Bankuak ere erreskatatu dituzte diru publikoarekin…

Edozer gauza gerta daiteke gaur egun. Zikinduta egon arren, betikoek jasotzen dute botoa, eta nik nahiago dut herri horretan ez jarraitu. On eta txar guztiarekin, baina gure etxea nahi dut nik.

Erretiroa hartuta 77 urterekin lasai ederrean bizi besterik ez eta, bete-betean jarraitzen duzu lanean. Bizipoza ematen al dizu saltsa horrek?

Ez dakit… Gustura egiten dut gustatzen zaidan hori. Lagundu dezakedala ikusten dudanean, berez hasten naiz laguntzen. Onartu beharra daukat ez nuela uste mugimendu honek hainbesteko dimentsiorik hartuko zuenik, eta lan handia eskatzen du jada.

Noiz hartuko duzu erretiroa orduan?

Aurten, aurten. Ia inork ez dit sinetsiko, baina aurten, bai. Lehenago ere horrelakoak esandakoa naiz, baina aurten bukatu nahiko nuke. Osasun kontuetan, pare bat abisu izan ditut azkenaldian, eta jaitsi beharra dago erritmoa.

Erretiroa aipatuta, azkenaldian kalera aterata dabiltza jubilatuak, pentsio duinak eskatuz. Bat egiten duzu euren eskaerekin?

Erabat. 50 urtez kotizatzen aritu naiz ni, eta marka tristea da hori. Dezenteko pentsioa merezita daukadala uste dut, eta badaukat. Baina bat egiten dut eskaera horiekin. Jendea jabetzen ari da nola engainatzen gaituzten.

Zein etorkizun daukate pentsioek eta pentsiodunek?

Oso itxaropentsua ez, behintzat. Pentsio pribatura bidean doaz, eta goxoak dira pentsio pribatu horiek, baina badakit gero zenbateko presioak izaten diren egoera maneiatzeko. Oso arriskutsua da bide hori, eta gai horri serio heldu beharko diote agintariek, ez daukalako irtenbide errazik.

“Oso kutuna dugu Paulo, beti izaten du irribarrea ahoan. Bere buruarekin zorrotza da lanean, baina inoiz ez da haserretu gurekin”. Ingurukoen esana da hori.

Tira, tira… Gure Esku Dago-tik iritsiko zen adierazpen hori, seguru. Errespetua sentitzen dut, eta oso gustura nago. Gazte talde bikaina dago tartean, eta oso gogotsu ari dira lanean.

Nondik hartu beharko luke arnasa euskalgintzak?

Ezin da bizi beti politikariei begira. Ikastolen mugimenduan sartu nintzenean, argi neukan kalitatea behar zuela euskalgintzak, eta lortu genuela uste dut. Kalitate horrek ekarri ditu diru iturriak; ikas materialgintzan, esaterako. Baina prentsan erakundeen mendekotasun handia dauka euskalgintzak, eta zaila da egoera. Edozein proiektuk gutxieneko egitura bati eusteko gai izan behar du aurrera egiteko; buruaski izan behar du.

Gainean da igandea. Zer mezu bidali nahi diezu herritarrei?

Etorri giza katera, eta eman babesa ondorengo proiektuei ere. Bidea ez da amaitzen ez giza katearekin eta ez galdeketekin; proiektu gehiago dauzkagu esku artean, eta denen laguntza beharko dugu.