Herria aurkako izan ez dadin

Eider Goenaga Lizaso

Gaur egungo herriak eta hiriak erosoak al dira adineko pertsonentzat? Zein zailtasun dituzte egunerokoan? Zer hobetuko lukete, zer aldatu eta zer kendu? Galdera horiei norbaitek erantzun behar badie, argi dago adineko pertsonak berak direla hobekien erantzungo dutenak, eta hori ari dira egiten Euskadi Lagunkoia egitasmoan. Osasunerako Mundu Erakundeak 2007an martxan jarritako egitasmoa da, eta Eusko Jaurlaritzak bere egin zuen proiektua 2012an. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri guztiei egin zieten gonbidapena, eta 54 udalerri daude gaur egun; horietako 22, Gipuzkoan. “Gipuzkoak, hasieratik, pisu handia izan du Lagunkoia egitasmoan”, azaldu du Elena del Barrio Matia Institutuko ikerlariak eta egitasmoaren koordinatzaileak.

Hiru hiriburuak aurretik sartu ziren egitasmoan —Donostia izan zen lehena, 2009an—, eta 2012an proiektu pilotua abiatu zuten hamahiru herrirekin: Añanako kuadrillako (Araba) bederatzi udalerri eta Gipuzkoako lau herri (Ordizia, Zumarraga, Orio eta Hondarribia). Sei urte geroago, egitasmoa fruituak ematen ari da aurreratuen duten tokietan, eta gero eta herri gehiago ari dira batzen pixkanaka. Gipuzkoan, Elgoibar izan da azkena.

Lagun, eta ez aurkako

Herriak, eta batez ere hiriak, adineko pertsonentzat gero eta gehiago “aurkako ingurune” bihurtzen ari zirela ikusita abiatutako egitasmoa da Lagunkoia: adinekoentzat herriak lagun izan daitezen, ez aurkako. “Mundu mailan joera nagusi bat dago, ia toki guztietan errepikatzen dena. Batetik, gero eta zaharragoa da biztanleria, eta, bestetik, gero eta urbanizatuago daude haiek bizi diren tokiak. Hortik abiatuta, eta zahartze aktiboaren teoria oinarri, adineko pertsonei hitza ematea da egitasmoaren xedea”.

Prozesua martxan jartzeko moduari dagokionez, esperientzia ezberdinak izan dituztela azaldu du Del Barriok. “Batzuetan, udalek erabaki dute egitasmoa abiatzea, baina, beste askotan, adinekoek eskatu diote udalari martxan jartzeko. Bi modutara funtzionatu du, baina nik esango nuke, eskaera adinekoek egin duten kasuetan, aberatsagoa eta parte hartzaileagoa izaten dela. Dena den, egia da bi zutabe horiek, bai udala eta bai adinekoak, ezinbestekoak direla prozesua ondo joan dadin”. Gehienetan udalak erantzun behar izaten die adinekoek ikusten dituzten beharrei.

Lan horretan, laguntzaile ezin hobea izan dutela gehitu du Del Barriok. “Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen Agijupens elkarteak, adibidez, berehala bat egin zuen proiektuarekin. Beraiek aurkeztu dute proiektua herriz herri, gurekin batera; eta, noski, askoz interesgarriagoa da haiei entzutea teknikari baten azalpenak entzutea baino”.

Antzuolako Landatxope jubilatuen elkartera Agijupenseko Pedro Etxeberria joan zen azalpenak ematera. “Asko gustatu zitzaigun ideia, eta segituan hasi ginen lanean”, dio Kontxi Elortzak, Antzuolan prozesua eraman duen talde sustatzaileko idazkariak. Metodologiari begiratuta, herri gehienetan galdetegiak bidaltzen dira etxeetara, eta diagnostikoa lantzeko bilerak ere antolatzen dituzte. Baina pauso bat gehiago eman zuten Antzuolan, eta beste hainbat herriren eredu izan dira.

Koadernotxo bat eta argazki kamera hartuta, goitik behera pasatu zuten herria, eta herrian ikusten zituzten hutsuneak identifikatzen zituzten: bankuak direla, espaloiak direla, gurpil aulkiak mugitzeko zailtasunak… “Tipi-tapa deitu genien ibilbide horiei, eta hiruzpalau egin genituen. Gainera, gurekin etorri zen gurpil aulkian ibiltzen den gizon bat, eta horrek ere lagundu zigun hainbat hutsune identifikatzen”. Del Barriok eredugarri jo du Antzuolako adibidea. “Gure helburua zahartze aktiboa bada, zer dago hau baino aktiboagoa?”, galdetu du.

Behin talde sustatzailea osatuta, diagnostikoa osatzeari ekiten zaio, eta arloz arlo egiten da azterketa: kaleko espazioak eta eraikinak, kaleak, garraioa, etxebizitza, laguntza eta gizarte sareak, parte hartzea eta enplegua, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa, zerbitzu sozialak… Kalean ikusitakoa bilerekin osatu zuten Antzuolan; eta gai bakoitza modu berezian lantzen ahalegindu ziren. Gizarte zerbitzuei buruzko puntuan, udaleko gizarte laguntzailea deitu zuten bileretara, eta, hark indarrean dauden neurriak eta laguntzak esplikatu ondoren, puntu horri dagokion diagnostikoa egin zuten. “Garraio publikoaren kasuan, Lurraldebusekin jarri ginen kontaktuan, ordutegi guztiak ondo begiratzeko, eta baita autobusak ondo egokituta dauden ikusteko ere”, dio Elortzak.

Herri gehienetan antzeko arazoak azaleratzen direla dio Del Barriok, eta badaude ia guztietan errepikatzen direnak: “Asko errepikatzen da hiriko azpiegituren egoerari buruzko kezka, komun publikoen gaia ere bai, baita etxebizitzaren prezioa eta etxebizitzak egokitzeko diru laguntzen gaineko ezagutza falta ere. Herri txikiagoetan eta auzoetan, garraio publikoa izaten da kezka iturri, eta herri handiagoetan, berriz, bizilagunen eta herriko kideen arteko harremanetan izan den aldaketa aipatzen da”.

Diagnostikoa 2015ean egin zuten Antzuolan, eta 2020 arteko plana egina dute jada. Plana landu aurretik ere, adinekoek arazoak identifikatu ahala, errazenak ziren puntuak konponduz joan zen udala; orain plana pixkanaka gauzatzen ari direla azaldu du Elortzak. Elkarrekin egin zuten plana adinekoek eta udalak. “Guretzat, udalak eta adinekoek plana elkarrekin egitea da modurik onena. 100-200 ekintza atera daitezke diagnostiko batean, eta lehentasunak jarri behar dira, epeak zehaztu, aurrekonturik badagoen ikusi… Batzuetan, ezinezkoa izan daiteke hainbat gauza egitea, baina oso garrantzitsua da udalak horiek aztertzea eta zergatik ezin diren egin azaltzea. Adinekoek asko eskertzen dute prozesu hori”, dio Matiako ordezkariak.

Ahaldunduta

Ideia bera nabarmendu dute Elortzak eta Del Barriok: adineko pertsonak “ahaldundu” egiten dira prozesu horretan. “Protagonista dira, beraiek dute lidergoa, eta erabat inplikatzen dira. Zoragarria da haiek lanean eta erabakiak hartzen ikustea, hirigintza sozialaz hitz egiten entzutea. Izugarria da ahalduntzea”, esan du Del Barriok. Horrela sentitzen du Elortzak ere. Prozesu honek adineko pertsonak erdigunean jarri dituela uste du, herrian eragile aktiboenetako bat bilakatu direla. “Erretiroa iristean, maiz sentitzen duzu ez dakizula zer egin zure denborarekin, ezertarako balio ez izatearen sentsazioa duzu, eta guretzat izugarria izan da prozesu hau; kontuan hartu gaituztela sentitu dugu, protagonista sentitu gara, geure buruarengan konfiantza sentitu dugu, eta horrek ahaldundu egin gaitu”.