Irundar handienak, bueltan

Imanol Saiz

Ibilbide luzeko elkartea da Irungo Atsegiña. Ia hasieratik, zortzi erraldoi izan dituzte alboan elkarteko kideek, eta, ondorioz, irundarrek. Elkarteak 1937an eskuratu zituen baserritar, alkate, beltz eta turkiar bikoteak, eta, ordutik, Euskal Herriko hamaika herritako kale eta plazatan ibili dira dantzan. Iaz, erraldoiek 80 urte bete zituzten, eta, behar bezala ospatzeko, sekulako itxuraldaketa egitea erabaki zuten elkarteko kideek. Herritarrak izan dira berritze prozesuaren giltzarri, euren ekarpenari esker erraldoietako zenbait prest baitira berriz ere Irunen barrena desfilean ibiltzeko.

Euriaren eta haizearen eraginez, erraldoien pieza gehienek kalte nabarmenak izan zituzten 2017ko San Pedro eta San Martzial jaietan. Eneko Calvo elkarteko zuzendaritzako kideak azaldu duenez, pauso bat aurrera eman, eta zaharberritzeko erabakia hartu zuten orduan:”Zortzi erraldoiak berreskura zitezkeela ohartu ginen, eta, ardura historikoa genuela ikusirik, ez genuen zalantzarik izan”. Iruñeko Esku Artean enpresarekin harremanetan jarri ziren iazko abenduan, eta berritzeko prozesuari ekin zioten.

Irungo bizilagunentzat garrantzi handiko piezak dira erraldoiak, hiriko kultur ondare garrantzitsuenetakoak. “Irundar guztion bizitzan egon izan dira erraldoiak; irundarrik zaharrenak direla esan daiteke”, zehaztu du Calvok. Oso errotuta daude hirian, eta, ondare izanik, herriak berak proiektu berria babestu beharra zeukala iruditu zitzaien. Hala, herritarrak zaharberritze prozesu horren protagonista bihurtu dira; Irungo bizilagun handienen ama eta aitabitxi bila ibili dira.

Crowdfunding kanpaina berezia egin dute azken sei hilabeteotan. Erraldoien zati bakoitzari prezio bat jarri diote, eta nahi izan duen orok babestu ahal izan du. Zapiak, jantziak, belarritakoak, ileordeak… 30 eurotik gorako ekarpenak egin dituzte irundarrek. Herritarrez gain, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere sostengatu dute proiektua.

Calvok azaldu du herritarrek “sekulako erantzuna” eman dutela. “Lehen egunetik jende mordoa etorri da Atsegiñara”. Oroigarri eta esker keinu gisa, ekarpena egin duten guztiek elkartearen opari berezi bat jasoko dute. Crowfunding-ean parte hartu duten guztien izenak jarriko dituzte erraldoi bakoitzaren barruan, plaka moduko batean.

Atsegiñako zuzendaritzako kideak kontatu du kanpainan bildutako diruarekin erraldoiak “goitik behera berritzen” ari direla, “xehetasun txikienak ere zainduta”. Dagoeneko egin dute bidearen herena; pauso erraldoiak ematen ari dira. Elkarteko kideen zein hiritarren gozagarri, lau erraldoi ia erabat amaituta dauzkate dagoeneko —baserritarrak eta turkiarrak—, eta Esku Artean enpresako zaharberritzaileei azken zertzeladak ematea bakarrik falta zaie.

Joan den larunbatean, elkarteko zenbait kide erraldoiak ikustera joan ziren, eta “sekulako ezustekoa” hartu zutela jakinarazi du irundarrak. Euren aurrean dantzan jarri zituztela azaldu du, eta “ikusgarri” daudela onartu. “Oso-oso politak dira”. Erraldoiak handiak izan dira orain arte, eta are handiagoak izango dira orain. Buruaren tamainaren arabera egokitu dute gorputza, eta, orotara, ia 3,5 metro izango dute altueran. “Oso dotore geratu dira; uste baino politagoak dira”. Erraldoiei “itxura dotore eta profesionalagoa ematea” izan da zeregin nagusia.

2019rako, zortziak berrituta

Bi bikote berrituta, alkateen eta beltzen bikotea datozen hilabeteetan pasatuko dira Iruñeko langileen eskuetatik. Crowfunding-ak indarrean jarraitzen du oraindik, eta orain arteko bideari eutsiz gero, elkarteko kideek espero dute guztiak erabat berrituta izatea hurrengo urteko sanmartzialetarako. Laguntza eman nahi duen orok irekita dauzka elkartearen ateak, asteartero, 19:00etatik 20:00etara.

Atsegiña elkarteko kideek ia dena prest daukate aurtengo jaietarako. Ikuskizun ikusgarria izatea nahi dute, eta, horretarako, erraldoiak zaharberritzeaz gain, bertan dantza egiten dutenak ere profesionalizatzen aritu dira. Teknika eta dantza berriak ikasi dituzte, eta aurtengo sanmartzialetan herritarrek emanaldi erabat berri batez gozatzeko aukera izango dute. Datorren astean bueltatuko dira bi bikoteak etxera, eta hilaren 22an eraberritutako lau erraldoiek dantza egingo dute berriz ere, dotore jantzita, herritarrekin batera, sanmartzialei ongietorri berezia emateko. 19:00etan hasiko da ekitaldia, San Juan plazan.

Zortzi pieza klasikoek 80 urte daramatzate elkartean, baina, elkarteko kideek jakin ahal izan dutenez, erraldoi horiek ez ziren berri-berri iritsi Atsegiñara. Joan den urtean, zenbait irudi iritsi ziren Esku Artean enpresatik elkartera. Atsegiñako zortzi erraldoiak azaltzen ziren bertan, Bilboko udaletxe parean, 1895ean. Txundituta geratu ziren elkarteko kideak uste baino zaharragoak izan baitzitezkeen hiriko pertsonaiarik kutunenak. Argazkiak ikusita, Calvok azaldu du irudikoen “berdin-berdinak” direla, “zalantzarik gabe”, baina Atsegiñako kideak oraindik ez dira ausartzen egungoen berberak direnik esatera. “Ikerketa sakon eta profesional bat beharko luke honek guztiak”.