Musikari lotutako herria

Imanol Garcia Landa

Oholtza gainetik 140 herritar inguru pasatuko dira bihar, Alegian, kultura batzordeak antolatu duen III. Herria Kantuan ekitaldian. 2008an eta 2012an egin zituzten aurreko biak. “Gustura gelditu ginen aurretik egindakoekin. Azken urteetan utziz joan gara, lan handia eskatzen duelako, baina berriz heltzea erabaki dugu aurten”, azaldu du Nati Muruak, Alegiako Kultura zinegotziak; kultura batzordeko kidea ere bada, eta baita ekitaldiaren antolatzaileetako bat ere. “Polita da herritarrak musikaren inguruan elkartzea”.

IƱaki Mezquita da aurreko ekitalditik iraungo duen musikari bakarra. 2012an, gitarra jotzaileak bakarka zein Txintxarri herriko abesbatzarekin parte hartu zuen. “Abesti bat egin genuen koruan dabiltzan batzuekin, eta eurek proposatu zidaten emanaldian parte hartzea”, adierazi du Mezquitak. “Ez dira urte asko pasatu, baina aspaldi izan zela ematen du”.

Gaztetan, Mezquita askotan igo zen oholtza gainera, erromerietan eta baita Sakre rock taldearekin ere. “Egun, etxean aritzen naiz gitarrarekin. Niretzat beti da gustukoa jendearen aurrean aritzea, asko gustatzen zait. Polita da herritarren aurrean emanaldiak eskaintzeko horrelako aukerak izatea”.

Alex Goikoetxeak lehen urtea izango du Herria Kantuan ekitaldian. Entzule gisa dauzka orain sei urtekoaren oroitzapenak: “Oso giro ona izan zen orduan, eta pozgarria da oraingo honetan parte hartzea”. Orain gutxi sortu duten Koltxoi taldeko abeslaria da Goikoetxea, eta taldearekin parte hartzea zen hasierako ideia. “Gerora sortu zen gaztetxe ingurutik talde bat osatu eta abestiak sortzeko ideia”. Abeslariren bat behar zuten horretarako. “Eta animatu egin nintzen”. Bi aldiz igoko da, beraz, agertokira. Gaztetxetik emanaldirako sortu duten taldearekin aritzea “polita” dela azaldu du: “Aitzakia horrekin, lotura bat sortzea lortu dugu hainbesteko harremanik ez geneukan adin ezberdineko jendearen artean “.

Mezquita bakarrik ariko da aurten agertokian, baina bikoiztu egingo du soinua: “Looper izena duen aparailu bat erabiliko dut. Musika instrumentua jo ahala grabatu egiten du, eta gero beste musika bat sor daiteke aurrekoaren gainean”. Looper aparailuari esker, aldi berean bi gitarra jotzen ariko balitz bezala entzungo da. Mezquita bizi egiten du rockak, eta musika estilo hori jorratuko du bihar. “Etxean egiten ditudan inprobisazioak egingo ditut emanaldian ere. Martzianitoentzako musika egiten dudala esaten du alabak”. Horrez gain, ezusteko bat prestatzen ere ari da: “Oraindik badaude garai bateko jarraitzaile sutsu batzuk, gaztetako lagunak, eta nolabaiteko omenalditxoa egingo diet haiei”.

Azken egunotan, antolatzaileak eguraldiari begira egon dira, eta, azkenean, euri arriskua ikusita, frontoian egingo dute ekitaldia. Euririk ari ez badu, 20:00etatik aurrera Patxaranga herriko txarangak girotuko ditu kaleak, eta 21:00ak inguruan zahagiardoa egingo dute kultur etxean. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta hogei talde ariko dira guztira. “Baiezkoa eman digute galdetu diegun gehienek, baina batzuek azaldu digute jada ez daudela oholtzara igotzeko prest”, azaldu du Muruak. Txintxarri abesbatzak, adibidez, ez du parte hartuko, baina Txintxarri Txikik bai. Aurten jaitsi egingo da partaideen batez besteko adina. “Argi ikusten da atzetik badatozela musikazaletasuna daukaten herritarrak”.

Herritarrek herritarrentzat

Sutarri dantza taldekoek bai, horiek errepikatu egingo dute aurten. Bertako kidea da Ixone Urkiri, eta orain sei urte ere parte hartu zuen dantzan: “Gogoan dut guk eskaini ohi ditugun emanaldiekin alderatuta, ekitaldi hura ezberdina izan zela, hainbat herritarrek parte hartu baitzuten musikari gisa”. Dantzarien jardunari dagokionez, bi zatitan egingo dute. Txikienak Patxaranga txarangarekin ariko dira, eta helduagoek beste dantza bat eskainiko dute; eskusoinu ikasleek, berriz, zuzenean joko dute musika. “Zuzeneko musikarekin dantza egitea da helburuetako bat”.

Aurten, musikari gisa ere ariko da Urkiri: “Trikitia ikasten ari naiz Orendainen, Irma Karrerarekin, eta agertokian izango gara hango ikasleak, alegiar batzuk tartean”. Urkirik azaldu du “polita” dela herritarrak oholtzan ikustea: “Askotan, ez dugu jakiten kalean ikusten duzun horrek abesten edo instrumenturen bat jotzen duen”. Horrez gain, Urkiriren ustez, ekitaldia “aukera polita” da herritarrek euren dohainak erakusteko. “Harreman berriak egiteko ere balio du, musikak horretarako bide ematen baitu”.

Goikoetxearen hitzetan, Alegian “betidanik” izan da musikarako zaletasuna. “Gazteak edo hasiberriak garenontzat oso aberasgarria da instrumentuak guretzat eredu izan direnekin batera jotzea”. Herritarrek herritarrentzat egindako kultur ekitaldi batek zer garrantzia duen Nabarmendu du. “Herri txiki bat izanik, kontuan hartzekoa da horrelako ekitaldi bat gauzatzeko gogo hori izatea”.

Mezquita bat dator Goikoetxearekin, eta gaineratu du Herria Kantuan ekitaldia baliagarria dela jakiteko zer-nolako mugimendu dagoen Alegian musikaren munduan: “Horrelako ekitaldi batean ederki ikusten da zein zer egiten ari den, eta pozgarria da ikustea musikaren alorrean gazteak indarrean datozela”.