Txikian zein handian, kezkak pareko

E. Goenaga Lizaso

Tamaina desberdineko udalerriak daude Euskadi Lagunkoia egitasmoaren barruan, eta horien adibide dira Antzuola (2.223 biztanle), Zarautz (23.117 biztanle) eta Irun (61.608 biztanle). Ezaugarri oso ezberdinak dituzte hiru herriek, eta pentsatzekoa da hiruretan adinekoek arazo eta zailtasun ezberdinak izango dituztela; baina hiru herrietako diagnostikoek antzeko argazkia ematen dute, antzeko eskaerak egiten dituzte.

Adin tarteen batez bestekoari erreparatuta, Irun da adineko gehien duen herria: %20,68 dira 65 urtetik gorakoak. Zarautzen, berriz, %19,8, eta Antzuolan, %18,94. Zarautzen eta Antzuolan diagnostikoa egina eta plana idatzia dute jada; herri lagunkoi izateko neurriak aplikatzen ari dira. Irunen, berriz, iazko maiatzean egin zuten diagnostikoa, baina orain ari dira talde sustatzaile bat osatu nahian, udalarekin batera plana osa dezan.

Hiru udalerrietan kezkak eta eskaerak errepikatu egiten dira kasu askotan. Adibidez, hiruretan eskatu dute kalean komun publikoak jartzea; txakur kaken inguruko neurriak hartzea; banku gehiago jartzea, daudenak konpontzea edo eserlekuak itzaletan jartzea; garraio publikoan irisgarritasuna bermatzeko igogailuak edo aldapak jartzea, edota geltokietan ordutegiak modu argian jartzea; baita etxebizitzak egokitzeko diru laguntzei buruzko informazio gehiago ematea ere.

Kaleei dagokienez, hiru herrietan eskatu dute irristakorrak izan daitezkeen guneak konpontzea (zebra bideak, adibidez), espaloiak berdintzea eta zuloak konpontzea. Zarautzen eta Irunen, horrez gain, aldapa dagoen guneetan gailu mekanikoak jartzea eskatu dute. Antzuolan ez bezala, gune berde gehiago eskatzen dituzte bi herri handienetan, eta baita euria egiten duenerako gune estaliak jartzea ere.

Ingurune soziala

Belaunaldien arteko harremanak sustatzeak eta bizilagunen arteko ezagutza areagotzeak ere kezkatzen ditu adinekoak hiru herrietan, eta kanpainak, elkarrekin egiteko jarduerak, eskoletara bisitak… proposatzen dituzte diagnostikoetan. Horrez gain, adinekoentzako erreferentzia diren denda txikietan kanpaina egitea proposatzen dute Antzuolan eta Zarautzen —Antzuolan herriko komertzio guztiak batu dira jada Merkataritza Lagunkoia dinamikara—. Zahartzeari buruzko hitzaldiak eta kontzientziazio kanpainak proposatu dituzte, halaber, Irunen eta Zarautzen.

Bakarrik bizi diren adinekoen errolda egitea eta haien egoeraren jarraipena egiteko proposamena ere hiru herrietan egin dute. Halaber, aitona-amonek biloben zaintzarekin normalean izaten duten gehiegizko ardura eta karga aipatzen du Irun eta Zarauzko diagnostikoak.

Hiru diagnostikoetan agertzen da etxebizitzak mugikortasun arazoak dituzten adinekoei egokitzeko dauden laguntzei buruz informazio gehiago behar dela ere. Antzuolan eta Irunen, horrez gain, etxean igogailurik ez duten adinekoentzat neurri zehatzak proposatzen dira; babes ofizialeko etxebizitzetan lehentasuna ematea eskatu dute Irunen, eta haientzako etxebizitzak alokatzea Antzuolan. Zarautzen, irisgarritasuna bermatzea eskatu dute.

Irunen, beste bietan ez bezala, segurtasun arazoak aipatu dituzte diagnostikoan, eta kalean Poliziaren presentzia handiagoa eskatzen da. Antzuolan, berriz, soinuaren kontrako panelak jartzea errepidean.