Urak sortutako jende uholdea

Urak sortutako jende uholdea

Beñat Alberdi

Historiarako hainbat datu utzi zituen ekaineko lehen igandeak. Euri jasa galanta bota zuen Euskal Herriko toki askotan; Deskarga mendatean, Antzuola eta Zumarraga artean, plubiometroak 61 litro ur neurtu zituen ordubetean —100 urtean ez da neurtu halakorik; 49 litrokoa zen markarik altuena—. Euri jasa ederra da etxeko leihotik begira egoteko, baina uholdeak izan ziren Antzuolan, eta ibaiak gainezka egin zuen Bergaran. Herritarrek, dena den, jakin izan zuten muturreko egoerari erantzuten.

Euritearen ondorioz sortutako ur jasak Antzuolako hainbat eraikin hartu zituen; besteak beste, Torresoroa eraikina. Liburutegia, osasun etxea, erretiratuen egoitza, eguneko zentroa eta ekitaldi aretoa daude Torresoroa eraikinean. Bergaran, berriz, San Antonio auzoan izan zen kalte gehien. Egoera horretan, herritarrek zerikusi handia izan zuten egoera kontrolpean izateko. Izan ere, urak hartu bezain pronto atera ziren kalera, elkarri laguntzera, eta, kalteak gelditzea ia ezinezkoa izan arren, gogotik egin zuten lan.

“Ni etxean nengoen igande arratsaldean”, hasi du azalpena Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak. “Eta alabari Whatsapp bidez iritsi zitzaizkion uholdeen irudiak. Oinetakoak jantzi eta kalera atera nintzen, beste asko bezala”.

Antzera ibili ziren Bergaran ere; bai, behintzat, Lander Arregi Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia. Ibaia bere bidetik atera zela erakusten zuten irudiak iritsi zitzaizkion sakelakora. Etxetik atera aurretik, ordea, Udaltzain buruari bidali zizkion irudiak, eta udaltzainak ordura arte gertaeren berririk ez zeukala azaldu du. “Horrelakoetan, baliagarria da informazioa trukatzea, batez ere autoa gertu edukiz gero”, argitu du Arregik. “Baina gogoeta egin behar dugu horrelakoetan nori bidali behar diogun lehen mezua”. Gogoan dauka ibaiak hartutako auzora iritsi zenean, hainbat herritar ari zirela sakelakoarekin irudiak hartzen: “Baina inork ez zuen abiarazi larrialdi sistema”.

Etxetik erratza, pala edo ahal zuten guztia hartuta, “adin guztietako jendea” hurbildu zen uholdeen tokira, “ahal zuten beste laguntzeko”. Hala zehaztu du Kortabarriak. Ezohiko ur emariak Torresoro eraikina jo zuen bete-betean. Liburutegia dago lehen solairuan, eta, beiratea hautsita, ura barreneraino sartu zen, makina bat liburu bidean hartuta. Ezohiko ur jasa horren bidea lekuz aldatu eta autobidera bideratzea izan zen herritarren lehen erronka. “Enborrak, harriak… Ahal izan genuen guztia mugitu genuen”, azaldu du alkateak. “Guztiz, agian, ez; baina, neurri handi batean, lortu genuen ubidea desbideratzea”.

Bat-batean iritsi zen ur jasa, eta, herritarren laguntzarekin, biharamunean berehala garbitu zuten dena. “Ia ezer gertatu ez balitz bezala zegoen guztia astelehenean”, nabarmendu du Ane Alberdi antzuolarrak. Kanpoan zen igandean, eta gertaerak ez zituen bertatik bertara ezagutu. Hala ere, irudiak gogoan, ondorio larriagoak espero zituen herrian.

Ura agentziarekin hizketan

Euri jasa indartsua gorabehera, naturaz haragoko beste erantzule batzuk ere badaude, bi udalen arabera: Antzuolan, Deskarga-Bergara errepideko lanak. “Ez gara ari inori errua botatzen”, argitu du Kortabarriak. “Euri jasak eragin du uholdea, baina urak obretako materiala eraman du, eta horrek eragin ditu kalteak”. Lanak “erdibidean” izaki, alkateak normaltzat jo du halakoak gertatzea. Nabarmendu du “konfiantza osoa” daukatela lanak behar den bezala buka daitezen. Bergaran, berriz, Uraren Euskal Agentziarekin akordioa erdietsi nahi dute berriz, pilaketarik gerta ez dadin ibaia garbitzeko. “Guztia aztertzen ari gara orain”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.