73 urte lur azpian, gaur arte

73 urte lur azpian, gaur arte

Asier Perez-Karkamo

Madrilgo Alcala de Henaresko hilerrian lurperatu zuten, 1945eko urtarrilaren 18an. Bi egun lehenago fusilatu zuten. PCE Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusia zen, kargu hori betetzeko erbestetik itzuli zenetik. 1943ko martxoan atxilotu zuten, Madrilen, eta 153 egunez torturatu epailearengana eraman aurretik. Gaur berreskuratuko dituzte Jesus Karrera Olaskoaga hondarribiarraren hezur txikituak, herrian atseden har dezaten.

Sendiak duela hiru hilabete jakin zuen Karrera Alcala de Henaresen zegoela lurperatuta, Aitzol Arroyo herriko historialariak eginiko ikerketari esker. “Alderdi komunistan egindako lanari buruz-eta azterketa lan batzuk egiten hasi nintzen unibertsitatean”. Arakatu ahala, azkar konturatu zen Karrera ez zela izan militante hutsa: 150 miliziano komunistaz osaturiko batailoia gidatu zuen 36ko gerran, eta erbestetik itzuli eta PCE berregituratzeko ardura hartu zuen gerraostean. “Ez nuen sinisten herrian halako pertsonaia bat egotea; ahaztua, ezkutatua… ‘Hau egia bada, ikertu behar dut’, esan nion neure buruari, errealitatea azaleratzeko eta gizarteratzeko”, kontatu du historialariak.

1911ko abuztuaren 17an jaio zen Karrera, Hondarribiko Alde Zaharreko Zilardegi kalean. UGTn afiliatu zen 20 urterekin, eta, gutxi geroago, Alderdi Komunistan; 1936ko gerraren aurretik hainbat ardura izan zuen sindikalismoan, eta, beste ardura batzuen artean, Gernikako Arbola batailoiko komandantea izan zen gerran. Erbestean, Gursen (Okzitania) eta beste kontzentrazio eremu batzuetan eduki zuten preso. Argeles-Sur-Merrekoan (Okzitania) zegoela, alderdi komunista berregituratzeko enkargua egin zioten.

Onartu egin zuen enkargua, eta, Behobia aldetik, muga zeharkatu zuen 1941eko urrian. “1941etik aurrera, egunero-egunero jarri zuen arriskuan bere bizitza; muga Puntxasetik pasatu zuenean, Madrilera joan zenean, Bilbon eta Donostian nukleo komunista berriak sortu zituenean, Madrilen aginduak zabaltzean, bere aurreko idazkari nagusiarekin elkartzean…”.

1943ko martxoan atxilotu zuten, eta tortura latzak jasan zituen Segurtasun Zuzendaritza Nagusian (DGS), Porlierreko espetxera (Madril) eraman zuten arte. 1944ko irailaren 19an epaitu zuten, eta hiru hilabetera jaso zuen epaiaren berri. Biharamunean fusilatu zuten.

Juan Ramon Garairen Celestino Uriarte, Clandestinidad y resistencia comunista (2008) liburuan kontatzen denez, Alcala de Henaresko espetxean epaiaren zain zegoela, Karrera askatzeko ihesaldia antolatu zuten, baina unea iritsita ezin izan zuten gauzatu, torturen eraginez gurpil aulkian zegoelako hondarribiarra.

Arroyo bi urtean ibili da buruzagi komunistaren aztarnen bila, haren biografia osatzen lehenik, eta gorpuaren bila gero. “Oso azkar joan da dena, zerbait aurkitzean beti zegoelako zubi bat; egunero aurkitzen nuen gauza berriren bat. Salamancako eta Bilboko artxiboetan ibili naiz bila, digitalizatutako funts askotara joan naiz…”.

Familiarekin harremanetan jarri zen ikerketan aurrera egin zuenean. Ordurako ondoan zuen Joserra Enparan, SAT Kandido Sasetaren Aldeko Taldeko arduraduna eta Euzko Gudarosteko komandantea non lurperatu zuten deskubritu zuen herrikidea. Atzo joan zen Alcala de Henaresera, Arroyorekin eta Karreraren senideekin batera. “Saseta aberriratu genuen bezala, eurek ere Karrera aberrira dezaten”.

Enparanek abiatutako ikerketari esker, Kandido Sasetaren aztarnak aurkitu zituzten Asturiasko Areces herrian, Espainian. Hondarribian daude 2008ko apirilaz geroztik, PCEko buruzagi izandakoarenek atseden hartuko duten hilerri berean. Lurpetik ateratzen ikusiko duen bigarren gorpua izango da gaurkoa Enparanentzat. Bien artean desberdintasun nagusi bat dagoela uste du: “Aurretik idatzita zegoen Sasetaren historia, bagenekien nor zen. Karrerarena idazteke dago”.

Nolanahi ere, biek balio berberak defendatu zituztela nabarmendu du SATeko kideak: “Balio unibertsalen alde borrokatu ziren biak ala biak, askatasunaren alde eta faxismoaren kontra”. Haren ustez, borrokarako konpromiso maila da, hain zuzen ere, Karreraren ezaugarri nagusia: “Izugarria iruditzen zait Frantziatik itzuliz gero lehenago edo geroago atxilotu, torturatu eta fusilatuko zutela jakinda ere proposamena onartu izana”.

Kontakizuna, zuzenean

09:00etan hasiko da gorpuzkiak lurpetik ateratzeko ekitaldia. Ordu horretan elkartuko dira Hondarribitik bidaiatuko dutenak eta Aranzadiko lantaldea, Paco Etxeberria forentsea buru. Gerra ondoren, 300 pertsona fusilatu eta lurperatu zituzten Alcalako hilerrian, baina Karrera non dagoen badakitela ziurtatu du Arroyok. “Zehaztuta daukagu gorpuzkiak non dauden, zein hobitan dagoen, eta hobiaren zein lekutan —beste hiru gorpu daude hobi berean—”.

Hondarribiko Hitza-k ekitaldiaren zuzeneko kontakizuna egingo du, @hondarribihitza Twitterreko kontuaren bidez —#JesusCarrera1945 traola ere jarraitu ahal izango da—. Gainera, hainbat kamerarekin grabatuko dute gorpuzkiak lurretik ateratzeko ekitaldia. Hala erantsi du Arroyok: “73 urtez lurpean egon da Jesus Karreraren gorpua, eta baita haren memoria ere. Egiten ari garena baliatu beharko genuke idazteko eta nor zen azaltzeko. Ez dakit liburu bat idatzita edo dokumentala eginda, baina zerbait egin beharko litzateke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.