Jose Ramon Lago: “Gu guztion ardura da gizarteak aurrera egitea”

Mikel Iraola

Jose Ramon Lago galiziarra sarritan etortzen da Gipuzkoara bisitan, Lasarte-Oriako Berritzeguneari esker hartu-eman zuzena baitu ikaskuntza kooperatiboa lantzen duten zentroekin. Gai hori landu du Tolosara egindako azken bisitan ere. Etorkizuna elkarlanean oinarritu behar dela azpimarratu du.

Oinarrira joanda, zer da ikaskuntza kooperatiboa?

Talde lanean eta ikaskideen arteko elkar-laguntzan oinarritzen den hezkuntza metodoa da. Irakasleak planteatutakotik abiatuta, haurrek elkarri laguntzen diote ikasketa prozesuan aurrera egin dezaten. Modu horretara, zailtasunak dituzten ikasleek errazago ikasteko aukera dute. Eta gainerakoei laguntzeko prest agertzen diren ikasleek ere sakonago ikasten dituzte ikasgaiak.

Zer dela-eta sortu zenuten metodo hori? Zein hutsune zeuden ordura arte?

Oinarrizko gaitasunetan eta curriculumeko ikasgaietan aurrera egiteko zailtasun handiak zituzten kolektiboak zeuden ikastetxe batzuetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, bereziki. Zentro askotan talde paraleloak sortu izan dituzte arazo horri irtenbidea emateko, baina ikasleek ez zuten aurrera egiten. Hori zen ikastetxeen ondorio nagusia. Kasu batzuetan, gainera, marjinazioa gertatzen zen, eta elkarbizitzarekin eta portaerarekin zerikusia duten arazoak sortzen zituen horrek.

Ia kasu gehienetan, ikastetxetik kanpo bilatzen ziren irtenbideak, irakasleek ez baitzuten nahikoa baliabide beren eskura erantzun egoki bat emateko. Eta horra beste gakoetako bat: ikastetxe askotan zalantzan jartzen hasi ziren irakasleena ote zen ikaskuntza prozesu guztian ikasleek jaso beharreko laguntzaren pisu osoa. Horri erantzuna eman nahian, ikasteko eta irakasteko metodo berri bat sortzen hasi ziren: ikaskuntza kooperatiboa. Hori planteatzen hasi ziren une berean aldaketa bat gauzatzen ari zen hezkuntza sisteman.

Zein aldaketa?

Beste modu batera irakatsi eta ikasi behar zela ari ziren planteatzen. Hau da, alboratu egin behar zela irakasleek gelan esandakoa mekanikoki errepikatzean oinarritzen zen ikaskuntza. Eta, horren ordez, eskolan ikasitako konpetentziak beren inguruko testuinguru sozialean erabiltzen ikasteari eman behar zitzaiola garrantzia. Izan ere, hizkuntzak edo matematika erabili behar ditugun unean, ez ditugu guk eta guretzako bakarrik erabiltzen. Horrek esan nahi du garrantzitsua dela konpetentziak edo ezagutzak garatzea, gainerakoekin interakzioan oinarrituz.

Bide horretan, ikaskuntza kooperatiboak beste egitura bat proposatzen du ikasgelan, konpetentzietan oinarritutako ezagutza hori errazteko. Elkarbizitza eta kohesioa lantzen ditu parte hartzeko eta ikasteko zailtasun gehien duten ikasleekin. Izan ere, talde lanean oinarritzeak dakarrena da baztertua dagoen ikasle hori besteek ere kontuan hartzea eta hari laguntzea. Horrek norberari ere eskatzen dio gainerakoak ez alboratzea.

Zeintzuk dira ikaskuntza kooperatiboaren ardatz nagusiak eta zer nabarmenduko zenuke horietako bakoitzetik?

Kohesioarena da lehen oinarria, eta garrantzitsuena, agian. Hori lortu gabe zaila da aurrera egitea. Guztiek guztiekin lan egin dezaten nolabaiteko jarrera positibo bat lortu behar da haurrengan. Guztiek ulertu behar dute badutela talde osoari ekarpena egiteko gaitasuna; eta, era berean, taldeko guztiek dutela gaitasuna niri ere ekarpena egiteko, nik neuk ere ikas dezadan.

Taldean kohesio hori lortu ondoren, bigarren oinarrira egingo dugu salto. Eta hemen esaten dena zera da: talde lana egin behar dela, baina ez hiruhileko amaierako proiektu bat edo ikuskizun berezi bat garatzeko. Orduan ere bai, noski. Baina bilatzen dena da taldean erantzun bat ematen jakitea egunerokoan ikasgelan ikasten diren eduki horiekin lotutako arazoei. Hau da, eguneroko horretan erabilgarritasun bat ematea talde lanari.

Hau guztia praktikara eramaten hasten diren unean sortzen da hirugarren oinarriaren beharra, ikasleak taldeka lanean jartzeak ez baitu esan nahi egoki ari direnik. Arazo soziokognitiboak sor daitezke. Hau da, haur batzuei kosta egiten zaie gainerakoen txandak errespetatzea, edo beren iritzia entzuna izan dadin lortzea. Horrek eragina du parte hartzean, edo arazo bati irtenbidea emateko orduan. Beraz, irakatsi behar zaie ados jartzen, lehentasunak markatzen eta taldekide guztien iritziak kudeatzen. Egitura zehatz baten arabera egin behar da hori, guztien parte-hartze txandak eta iritziak errespetatuz. Horretarako, eginkizun bat izango du taldekide bakoitzak, eta ardura hori izaten ikasi beharko du, baina taldean erantzukidetasun bat duela ahaztu gabe.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua haurrak kooperazioan oinarrituz heztea?

Afrikako atsotitz batekin erantzungo dizut lehenengo. Honela dio: “Azkar joan nahi baduzu, zoaz bakarrik; baina, urrutira iritsi nahi baduzu, zoaz konpainiarekin”. Gizarteak aurrera egin nahi badu, ez du egingo urrutira iristen diren norbanako gutxi batzuekin, guztiok batera eginda baizik. Azkar doazen norbanakoek beren kabuz ez dute lortzen komunitate osoak aurrera egitea.

Gizartearen sektore bat atzean geratzen bada, munduak ez du aurrera egingo. Gizarte baterantz goaz, non pertsona gutxi batzuk ezin diren guztion ordezkari izan. Guztiok gai izan behar dugu edozein unetan gure komunitateko kideak ordezkatzeko, bakoitza bere neurrian eta modu ezberdinean. Baina lehenengo kontziente izan behar dugu horretaz.